AZKEN ORDUKOA

Haizearen eraginez Lantenoko sutearen egoera "korapilatu" daitekeela adierazi dute

Erredakzioa

Artziniegara begira dagoen alboa perimetratu dute suhiltzaileek gauean zehar egondako "baldintza meteorologiko egokiei esker". Beste alboa, ordea, oraindik ez dago kontrolpean eta horretarako lanean ari dira larrialdi zerbitzuak. Administrazio Batzarrak zabaldutako informazioaren arabera, "gaua korapilatsua izan daiteke"

Berpiztu egin da Lantenoko Idubaltza mendian astelehenean piztutako sutea, atzoko egunean zehar egondako tenperatura altuen eta haizeteen ondorioz. Ostegunean arratsaldeko hiruretan jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuek, eta gau osoa igaro dute lanean. Astelehenean bezala, Artziniegako igerilekuak itxi dituzte helikopteroek bertako ura hartzeko aukera izan dezaten. 

Iluntzerakoan, aldiz, helikopteroek itzaltze-lanak eten behar izan dituzte. Gaur ekin diote berriz ura zerutik botatzeari.

Mendebaldeko frontea kontrolpean

Aireko bitartekoak ez ezik, lurreko suhiltzaileak ere bertan dira lanean, eta ostegun gauean zehar egindako lanari esker sutearen mendebaldeko frontea kontrolatzea lortu dute, Artziniegari begira dagoena. Goizeko lehen ordutik berrabiarazi dituzte itzaltze-lanak. Su-teknikoa ere egin dute Gazilindo trokako inguruetan, eta gar handiak ikusi ahal izan dira ondorioz.

Gau luzea aurretik

Gaur gauerako sutea erabat kontrolpean izatea aurreikusten bazuten ere, arratsaldeko haize boladek egoera korapilatu duetla azaldu du Lantenoko Administrazio Batzarrak. Sutearen itzaltze lanak koordinatzen duten kontrol puntutik "gau korapilatsua" izan daitekeela jakinarazi diete inguruko bizilagunei. Izan ere, sutea perimetratuta dagoen arren, haize ufadek garrak deskontrolatu eta suebakia gainditu dezaketela azaldu dute.

Egun osoan zehar, bost helikoptero egon dira zerutik ura jaurtitzen eta osotara 70 suhiltzailek parte hartu dute itzaltze-lanetan. Arabako larrialdeetako langileez gain, Gipuzkoatik, Gaztela-Leondik, Guadalajaratik eta Kantabriatik bertaratu dira brigadak. 

Bihar jarraituko dute sutea amatatzeko ahaleginetan. Aiarako Udalak ohartarazi du gar handiak ikusiz gero, litekeena dela suhiltzailek eurek piztutako su-teknikoak izatea, erregaia murrizteko baliatzen duten teknika bat baita.

Prebentzio neurriak Artziniegan

Sutearen kea Artziniegako herrigunera ere heldu da eta, operatiboaren arduradunek arriskurik ez dagoela baieztatu duten arren, komunikazioa zabaldu du Udalak herritarrek har ditzaketen prebentzio neurrien berri emateko.

Leihoak itxita edukitzea eta ahal den neurrian kanpoan egotea edo jarduera fisikoa egitea saihestea aholkatu du tokiko erakundeak. Era berean, nabarmendu du arreta berezia jarri behar zaiela haurrei, adineko pertsonei eta arnasketa-arazoak dituzten bizilagunei. Hala nahi duten herritarrek maskara ere erabili dezakete.

Larrialdi fasearen 0 egoera, aktibatuta

Egoera guztiak bultzaturik, Baso Suteen Arriskuagatiko Plan Bereziaren larrialdi fasearen 0 egoera aktibatua du Eusko Jaurlaritzak atzo gauetik. Erakunde horren hitzetan, fase horrek aurreikusten du suteak "baso-izaerako ondasunei" soilik eragitea, eta "tokiko eta foru-baliabideekin" kontrolatu ahal izatea. "Planaren fase honetan, jarraipen- eta ebaluazio-funtzioak betetzen dira, eta, hala badagokio, udal- eta foru-planetako zuzendaritzei dagozkien laguntzak emango zaizkiela bermatzen zaie", azaldu du erakunde publikoak.

Suteak "baso-izaerako ondasunei" soilik eragitea aurreikusten dute aktibatutako planean, jada lau etxe hustuarazi dituzten arren. 

Plan bereziaren lehen fasea da honako hau. Maila gorena, aldiz, "3. egoera" deritzona izango litzateke. 

Bost etxe desalojatuta

Suteak mendi zati nabarmen handi bat erre du, 75 eta 100 hektarea artekoa. eta lau etxe husteko agindua ematea ekarri du horrek: Basualdo, La Cabaña, Ureta eta Abiaga auzuneetan. Antza, lau etxeetako bitan ez da jendea bizi, eta beste bietako bizilagunak Artziniega edota Laudiora joan dira gaua pasatzera. 

Auzokide berdinen arabera, egoera "erabat deskontrolatuta" dago, eta kezka adierazi dute horregatik. 

Gaur goizean Lantenoko Administrazio Batzarrak jakinarazi du, etxe guztiak babestea lortu dutela eta "mendia baino ez dela erre".

Hala ere, gaur goizean beste etxe bat hustarazi dute, baina larrialdi zerbitzuen funtzionamendua errazteko helburuarekin soilik. 

Albistea eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide