Gaur eguerdian aurkeztu dute Etxaurren Ikastolako jolastoki inklusiboa. Hainbat kolorez margotu dute zorua eta Euskal Herriko zein Afrika, Asia eta Europako jokoak hartuko ditu hemendik aurrera. Jokale enpresak egikaritu du proiektua eta jolasen bat ere propio asmatu du.
Edonola ere, bultzada Guraso Elkarteak eman dio. Zaira del Riok azaldu duenez, ikerketa egin zuten jolastokiaren erabilerari buruz eta gabeziak sumatu zituzten. "Pilotek zuten hegemonia eta neskak bazterretan geratzen ziren, leku lasaiagoen bila. Horregatik ekin genion jolastoki inklusiboagoa diseinatzeari eta horrela topatu genuen Jokale", argitu du Guraso Elkarteko idazkariak.
Orain jolastokia koloretsuagoa da eta ume neurodibergenteentzat ere egokiak dira jokoak.
Jokoak ezagutu
Jokaleko kideek azpimarratu dute egindako lana ez dela soilik zorua margotzea: "Jolas mota ezberdinak daude, haurrek rol anitzak har ditzaten. Batzuk mugimenduari lotuta daude eta beste batzuk estrategiari. Ez dugu pilota kendu nahi, baina bai aukera gehiago eskaintzea".
Berez, egun hauetan jolas eta trebakuntza saioak egin dituzte, umeek jokoak ezagutu ditzaten, eta bihar goiz osoa emango dute horretan.
Halaber, azaldu dute bilatzen duten helburuetako bat badela Euskal Herrian egon diren joko tradizionalen transmisioa.
Eskerrak
Guraso Elkartea eta Jokale oso eskertuta daude ikastetxeko taldearekiko eta Aiarako Udalak ere babestu duelako egitasmoa. Hain zuzen, Karmele Poblacion eta Iñigo Pinedo zinegotziek parte hartu dute goizeko agerraldian.
Horrez gain, gogoratu dute Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dutela eta horri esker jokale.com web orrialdean eskura jarri dituztela jokoen tutorialak.