Aiarako EAJk oharra zabaldu du kritikatzeko Udalak Etxaurren Ikastolan esleitu dituen obrek ez dutela klimatizazioan eragingo. Jeltzaleek aldarrikatu dute aurreko legealdian prestatutako proiektuan hori jasotzen zela eta EH Bilduk baztertu duela.
"Proiektu bat zegoen prestatuta, finantzaketarekin eta Etxaurrenen beharren ikuspegi integralarekin. Jarduera horien zati bat aldatu eta ezabatu da. Hori da, hain zuzen ere, galdu den aukera", aipatu du Gentza Alamillo oposizioko talde nagusiko bozeramaileak.
"Ikastetxeko ur beroko, berogailuko, klimatizazioko eta aire-berrikuntzako sistemen gaineko jarduera integrala aurreikusten zuen proiektu bat egin zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantziazioarekin", erantsi du EAJk.
Jeltzaleen aburuz, aurten bizi izan diren bero bolada handiek agerian utzi dute klimatizazio neurriak beharrezkoak direla langile zein ikasleentzat.
Jeltzaleen aburuz, aurten bizi izan diren bero bolada handiek agerian utzi dute klimatizazio neurriak beharrezkoak direla langile zein ikasleentzat eta beta handia galdu dela hezkuntza zentroaren etorkizunean positiboki eragiteko.
"Uda batzuk daramatzagu oso bero handiekin, eta ikusten ari gara nola egiten ari diren inbertsioak espazio publikoen baldintza termikoak eta aireztapen-baldintzak hobetzeko. Horregatik, zaila da ulertzea Etxaurrenen zentroa askoz hobeto prestatuta utz zezakeen jarduera baten irismena murriztea erabaki izana", kritikatu dute.
Klimatizaziorik ez aurreko proiektuan, EH Bilduren hitzetan
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Aiarako udal gobernu taldearekin eta honek ukatu egin du klimatizazio esku-hartzerik zegoenik aurreko legealdian garatutako proiektuan.
Berez, koalizioak onartu du aire-berrikuntzarako sistema baten inbertsioa aurreikusi zutela jeltzaleek, baina argitu du teknologia horrek ez duela tenperatura jaisteko balio, "soilik berritzen du ikastetxeko airea, usain txarrak eta CO2 kenduta".
EH Bilduk azaldu du jeltzaleen proiektua moldatu zutela aurreikusitakoak ez zuelako finantzazio nahikoa beste erakundeen aldetik eta Udalak ezin zuelako bere gain hartu zama ekonomiko hori.
Dirurik ez guztia egiteko
Halaber, EH Bilduk azaldu du jeltzaleen proiektua moldatu zutela aurreikusitakoak ez zuelako finantzazio nahikoa beste erakundeen aldetik eta Udalak ezin zuelako bere gain hartu zama ekonomiko hori.
Esleipen berria milioi euro bat baino gutxiagokoa da eta hor ur-bero sistema berria txertatu dute, besteak beste, peleta erabiltzen duen galdararekin.