Llantenoko sutea: Sugarrek agerian utzi duten guztia

Aimar Gutierrez Bidarte

Hilabetez elkarri lagundu diote Llantenoko bizilagunek eta larrialdi zerbitzuek. / Aiaraldea.eus

Abuztuaren 10ean Llantenon pizturiko baso suteak hilabetez baldintzatu du bertako herritarren bizitza. Bizilagunen hausnarketak eta itzalketa lanetan buru-belarri aritu ziren suhiltzaileen hitzak bildu ditugu, unean uneko titularretatik haratago gertatutakoaren dimentsioa biltzeko.

Nekez ahaztuko dute aurtengo uda Llantenoko (Aiara) bizilagunek. Iragan abuztuaren 10ean herriko mendiguneetan pizturiko suak baldintzatu du bertako bizilagunen egunerokoa azken asteetan. Izan ere, suteak hedabideetako titularrak betetzeari utzi eta gero ere, aste luzez iraun dute sugarrak kontrolpean mantentzeko lanek, eta horiekin batera sua berriz berpizteko mehatxu etengabeak. Kontrolpean dagoen arren, gaur gaurkoz ez dago erabat itzalita. Baina asko da egindako lana eta hori lorpen kolektiboa dela aldarrikatu dute Llantenoko bizilagunek: suhiltzaileena, mendian lanean aritu diren basozainena, erakundeena eta, noski, ahal zuten guztia eta gehiago egin duten herrikideena.

Sutearen lehen orduak

Abuztuaren 10eko 14:10etan jaso zuten lehen abisua larrialdi zerbitzuek. Ke zutabe bat ikusi zuten bizilagunek Ureta inguruko mendien artean. “Sekula espero ez duzun kontu horietako bat izan zen. Bihotza ziztu bizian jarri zitzaigun taupaka. Segituan hurbildu ginen ingurura”, ekarri du gogora Antonio Parro Villatek, Llantenoko Administrazio Batzarreko kideak. Jose Mari Angulo Gonzalezek ere “urduritasun handiarekin” oroitzen ditu lehen ordu horiek; Llantenoko bizilaguna da bera eta basozain erretiratua, sua piztu zenean pentsatu gabe igo zen mendira suhiltzaileei laguntzeko asmoz.

Jose Blanco suhiltzaile amurrioarra izan zen Llantenora bertaratzen lehenengoetariko bat. Sei parkek osatzen dute Arabako suhiltzaileen plantilla. Blancok Kanpezuko parkean egiten du lan baina abisua jaso zen egunean Laudion zegoen errefortzu bat egiten: “Ureta auzoan ke zutabe bat ikusi zutela esan ziguten. Laudioko suhiltzaileak izan ginen bertaratzen lehenengoak. Nahiko garaiz iritsi ginen, oraindik sute txikia zen, baina inguru nahiko malkartsua eta lan egiteko konplikatua topatu genuen bertan”.

Suari aurre egitea

Nola egiten zaio aurre baso-sute bati? “Su txikia izateak ez du esan nahi arriskurik ez duen sutea denik. Tentuz egin behar zaio aurre”, azaldu du Blancok.

Iristen diren lehen suhiltzaileen lehenengo eginkizuna sutearen inguruetaraino bidea irekitzea da: “Ez da batere lan erraza. Ke zutabe bat ikusten duzu mendian, baina haraino iritsi behar zara, eta bidea erraztu behar diezu atzetik datozen gainerako kideei”. Laudioko suhiltzaileek Llantenoko bizilagunen laguntza izan zuten baso-bideak topatu eta hauek irekitzeko. “Sutea piztuta zegoen tokiraino gidatu gintuzten hainbat bizilagunek, bidea motozerrekin garbituz. Guk kartelak jarri genituen, gainerako errekurtsoek ere iristeko modua izan zezaten”, adierazi du Blancok. Behin sugarretara iristeko modua aurkituta suhiltzaileen aginteari dagokio egoera ebaluatu eta beharrezkoak diren baliabideak eskatzea.

“Sute bat kontrolpean egongo da sutearen perimetro guztia inguratzeko gai izan garenean"

Hurrengo urratsa sutea kontrolpean hartzea dute suhiltzaileek. “Sute bat kontrolpean egongo da sutearen perimetro guztia inguratzeko gai izan garenean — dio Blancok — Normalean ez gara erdigunera sartzen, kanpotik egiten zaio aurre suteari. Izan ere, bertan dago sugarren hedapena eta hori da ekidin behar duguna. Ez dago itzalita guztiz, barrualdeko puntu asko oso bero daudelako oraindik, eta egun luzez egon daitezke piztuta”.
Bai sugarren perimetroa kontrolatzeko, baita sutearen barruan egon daitezkeen foku desberdinak hozteko mahuken bidez isuritako ura baliatzen dute suhiltzaileek: “Gure lan teknika ohikoena da hori. Inguruan aurkitu ohi ditugun sute txikiekin erabilgarria da, baina suak aldatuz doaz eta hauek itzaltzeko teknikak ere bai”.

Sutea berpiztea

Kontrolpean dagoen su batek suhiltzaileen perimetroa gainditu eta berriro ere har dezake indarra. Hori izan zen Llantenoko sutean bizi izan zutena. Abuztuaren 10 eta 11n egindako lanek kontrolpean utzi zuten sua, ordurako 20 ziren sugarrek kiskalitako hektareak. Asteazkenetik aurrera errefortzu gutxi batzuk geratu ziren, foku aktiboak itzali eta azken erremate lanak egiteko.

“Osteguna (abuztuak 13) oso egun berotsua izan zen eta haize bolada indartsuak egon ziren. Horrek guztiak sutea berriro aktibatu zuen. Foku txiki ugari zeuden eta oso zaila da denak aldi berean kontrolatzea, gutxika-gutxika egiten den lana da”, adierazi du Blancok. Ordurako bizilagunak ere “lasaiago” zeudela adierazi dute, baina halako batean sugar handiekin egin zuten topo parez pare. “Ikaragarria zen irudia, eta etxeetatik geroz eta gertuago ikusten genuen sua. Bi auzokide etxetik desalojatu behar izan zituzten, batez ere errautsak gainean zituztelako. Suhiltzaileek lasaitu egin gintuzten, baina larritasuna izan zen nagusi hasieran”, oroitu du Ana Mari Alayo Bilbaok, Llantenoko Administrazio Batzarreko kideak.

Egun eta gau luzeak izan ziren hurrengoak eta suhiltzaile eta basozainek ahalegina bikoiztu behar izan zuten sutea berriro ere kontrolpean hartzeko. Abuztuko tenperatura itogarriek eta euri faltak are gehiago zaildu zituen lanak. “Okerrera jo zezakeen ere; haizeak beste norabide bat izan balu suak mendiaren beste aldea hartuko zukeen. Zoramena izango zen hori, askoz alde basatiagoa da mendebaldekoa”, adierazi du Angulo basozain erretiratuak. Abuztuaren 16an iragarri zuen Arabako Foru Aldundiak sutea kontrolatuta zegoela. Orotara 100 baso hektarea kiskali ziren. Geroztik hilabetez luzatu dira egonkortze lanak bertan.

Baliabideak eta errekurtsoak

Asko dira Llantenokoa bezalako sute bat itzaltzeko bideratzen diren baliabideak. Laudioko parkeko suhiltzaileak ez ezik inguruko beste parkeetako suhiltzaileen laguntza ezinbestekoa da, baita bestelako brigada eta erakundeena ere. Errekurtso desberdinen arteko aginte-katea ere berebizikoa dela azpimarratu du Blancok.

Laudioko suhiltzaileekin batera ELIF brigadako kideak izan ziren Llantenon lehenengo lehenengo momentutik. Arabako Baso-suteei Aurre Egiteko Taldea da ELIF, eta Foru Aldundiko Nekazaritza sailaren menpe dago. “Tokian toki eskualdeko parkeari dagokio sutea itzaltzea, eta bertan topatutako egoeraren arabera eskatzen dira errefortzu gehiago. Kasu honetan, baso-sutea, izanik Arabako basozainei egin zitzaien deia lehen momentutik. Gero hurbilen dauden parkeei deitzen zaie. Laguntza gehiago behar izatekotan”, azaldu du suhiltzaile amurrioarrak.

Horrekin batera Arabako Foru Aldundiari dagokio Emergentzia Plana aktibatzea, plan hauek errekurtso gehiago eskatzeko eskumena ematen dio administrazioari. “Foru Aldundiak bigarren mailan aktibatu zuen emergentzia plana, eta horri esker Espainiar Estatuko beste baliabide batzuk jasotzeko aukera izan genuen”, nabarmendu du Blancok.

Horri esker BRIF brigaden laguntza jaso zuten Llantenon lanean ari zirenek. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren esku dagoen brigada da BRIF, eta baso-suteei aurre egiteko laguntza eskaintzen dute. “Helikopteroz datorren brigada da hau  — azaldu du Blancok — astelehenean bertan 18 lagun etorri ziren Asturiasetik eta lehenengo gauean gurekin egon ziren lanean. Gerora Guadalajaratik eta beste hainbat tokitatik ere etorri dira errefortzuak”. Basozain gisa egindako urteetan gertutik ezagutu du Angulok Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren esku dauden baliabideen lana, eta hauek goraipatu ditu: “Baliabideak eskatuta segituan iristen dira: Asturiasetik, Guadalajaratik… Oso ondo funtzionatzen duen sistema da eta jende konprometitua dira”.

Herritarren papera

Baso-suteak itzaltzeko egitura eta baliabideetatik haratago, Llantenoko herriak berebiziko papera izan du egoera bideratzerako orduan. Norberak ahal zuen neurrian baina herritar guztiek hartu dute sutean laguntzeko ardura.

"Administrazio Batzarrak igorritako ohar eta informazioak ezinbestekoa izan dira Llantenoko bizilagunentzat. Hasieran jendea oso urduri zegoen eta etengabeak ziren informazio eske jasotzen genituen deiak. Informazio kanalak sinplifikatu egin ditugu iturri desberdinetatik jasotzen genituen albisteak bilduz"

Urduritasun handiko momentuak bizi izan dituzte, eta uneoro informazio egokia jaso ahal izatea giltzarria izan da. Bide horretan Administrazio Batzarrak zabaldutako komunikazio kanala goraipatu dute Aiaraldea Komunikabideak elkarrizketatutako bizilagunek. “Administrazio Batzarretik Iratxe Parro lehendakariak egindako lana azpimarratzeko beharretan gaude. Administrazio Batzarrak igorritako ohar eta informazioak ezinbestekoa izan dira Llantenoko bizilagunentzat. Hasieran jendea oso urduri zegoen eta etengabeak ziren informazio eske jasotzen genituen deiak. Informazio kanalak sinplifikatu egin ditugu iturri desberdinetatik jasotzen genituen albisteak bilduz eta egunero egoeraren oharrak zabalduz. Horrek lasaitasun handia ekarri du”, azaldu du Alayok. “Goiz eta arratsalde luzatzen zen egoeraren informazio eguneratua Administrazio batzarraren bidez”, gaineratu du Parrok.

Jose Mari Anguloren lana ere goraipatu nahi izan dute berak garrantzia kendu nahi izan dion arren. “Urte luzez basozaina izandakoa da Jose Mari eta oso ondo ezagutzen ditu mendiko bide eta bazter guztiak. Ezagutza hori ezinbestekoa izan da suteari aurre egiteko”, azpimarratu du Parrok.

Beste bizilagun askok ere egin dute ekarpena. Esaterako, badira ELIFeko kideak ibilgailu partikularretan eraman dituzten herritarrak, helikopteroarekin lur hartu ezinda zeudelako. Beste askok inguruko mendietara igotzen ziren ke zutaberik ikusten zuten jakinarazteko. “Zorionekoak gara, herri batua da Llanteno eta hori nabaritu egin da suteari aurre egiterako orduan. Bakoitzak ahal zuen neurrian baina denek egin dute ekarpena: izan bazkariak prestatzen, makinaria lagatzen edota sutearen jarraipena egiten”, aldarrikatu du Parrok.

Llantenoko Eskolak izan dira herritarren konpromiso horren adibide. Bertan egon da kokatuta aginte postua azken hilabetean, eta sutea itzaltzeko lanen epizentro bilakatu da. “Lehenengo egunean Gacilindo inguruan jarri zuten aginte postua, eta sua berpiztu zenean Ibaizabaleko bidegurutzera lekualdatu zuten. Administrazio Batzarrak Eskolak erabiltzeko aukera eskaini zien, "leku erosoagoa da”, azaldu du Alayok. Unerik kritikoenean 90 lagunetik gora elkartu dira bertan. Blancok berak baieztatu du Llantenoko herritarren berotasuna: “Oso ondo tratatu gaituzte”.

“Sekula ez dut ikusi hainbesteko jarraipenik kontrolpean dagoen su baten inguruan. Balioan jartzekoa da suhiltzaileek eta basozainek egindako lana”

Eskertutako herria

Luzea da Llantenoko herritarren eskertza zerrenda. Erakunde eta administrazio desberdinek egindako lanarekin pozik agertu dira bizilagunak. “Herri gisa jende eta erakunde askori eskerrak eman beharrean gaude. Oso ondo jardun dute denek orokorrean”, nabarmendu du Parrok. “Suhiltzaileei, basozainei, Foru Aldundiari… Aiarako Udalari eta Aiaraldeko Kuadrillari ere eskerrak eman behar dizkiegu ere”. Angulok harriduraz hartu du sutearen egonkortze lanek izandako jarraipena: “Sekula ez dut ikusi hainbesteko jarraipenik kontrolpean dagoen su baten inguruan. Balioan jartzekoa da suhiltzaileek eta Diputazioak egindako lana”.

Artziniegako Udalari ere luzatu dizkiote eskerrak. Helikopteroek bertako igerilekuetatik hartu dute ura, eta behin baino gehiagotan hustu behar izan dituzte azpiegiturak.

Erakundeek ez ezik enpresa pribatuek ere egin diote ekarpena herriari: Malaka, Fribasa,Artiach enpresak, beraien produktuak dohainik eskaini dizkiete sua itzaltzeko lanetan murgildutako lagunei.

Etorkizuneko suak

Orain perspektiba hartu eta bizitakotik irakaspenak hartzeko unea da. Garaiak aldatzen diren modu berean aldatzen dira sute tipologiak ere, eta Llantenoko sutetik zer ikasi badagoela ziur dago Blanco: “Argi dago klima aldaketa bat dagoela, eta horrek eragina du aurkitzen ditugun su tipologietan. Sute handiak geroz eta ohikoagoak dira eta teknika berriak ari dira garatzen”.

Blancoren iritziz suteak sortzeko baldintza oso egokiak eskaini ditu aurtengo udak. “Egun asko eman ditugu euririk gabe, hezetasuna oso baxua izan da, tenperaturak itogarriak izan dira…” Aldaketa klimatikoak egoera larriagotu duela uste du Amurrioko suhiltzaileak, eta oraindik ere sute larriak bizitzeko arriskua bertan dagoela ohartarazi du: “Kantauri isurialdean iraila eta urria dira sute arrisku handieneko hilabeteak, ez uda. Udazkeneko lehenengo asteak urteko asterik lehorrenak dira gurean, eta azaroko euriak iritsi aurretik sute arriskuak hor dirau”. 2022ko urrian Balmasedan gertatutako sutea da horren adibide: 500 hektarea erre ziren, azken 30 urteetako suterik larrienean. Blancoren irakurketarekin bat dator Angulo ere: “Iraila erdialdea eta urria hasiera dira hemen sute arrisku handieneko uneak. Horiek eta otsaila eta martxoa. Lehen hilabete bi horietan jotzen zuen hego haizeak gehien. Udan egon zitekeen suteren bat baina iratzea berde mantentzen zen eta garrak azkar itzaltzen ziren. Orain pinuen sustraiek ere hartzen dute su. Sua itzalita dagoela dirudienean ere lurrazpiak gori-gori jarraitzen du, 400 graduko tenperatura neurtu dituzte”. 

Sute gehienak gizakiak eragindakoak dira, nahita edo nahigabe. “Guztioi dagokigu arauak errespetatzea: surik piztu ezin den lekuetan sua ez piztea, mendi eremuren bat gure esku egonez gero hori garbi mantentzea…”, ohartarazi du suhiltzaile amurrioarrak.  Amurrioko Uhandre Baso Biziak elkarteak ere oharra kaleratu zuen sutearen lehenego egunetan, baso-ereduaren eztabaida mahaigainean jarriz, eta suteak “sugarrak piztu baino askoz lehenago itzali daitezkeela” aldarrikatuz.

Zalantzarik gabe zer ikasia ekarri du Llantenon udan gertatutakoak baso-suteak. Blanco, bere aldetik, datorren erronkarako prest azaldu da: “Garai berriak datoz suteei dagokienean, klima aldaketaren eraginak nabariak dira eta guk suhiltzaileok asko dugu ikasteko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide