Aiarako Udaleko EAJko udal taldeak bi mozio aurkeztu ditu, energia eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko jarduketak eta auto elektrikoen erabilera bultzatzeko helburuarekin.
Lehenengo mozioak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) ordenantza aldatzea proposatzen du, energia-eraginkortasuna eta eraikinen irrisgarritasuna hobetzen dituzten obrak sustatzeko. Jeltzaleek %90erainoko hobariak planteatu dituzte, besteak beste, isolamendua hobetzeko, instalazio eraginkorragoak jartzeko, energia berriztagarriak erabiltzeko eta eraikinetako oztopo arkitektonikoak kentzeko lanetarako.
Bigarren mozioak, berriz, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren (TMIZ) hobariak ezartzea proposatzen du, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen erabilera sustatzeko. Zehazki, EAJk %50eko hobaria proposatu du ibilgailu elektrikoentzat eta hibridoentzat, hibrido entxufagarriak barne, betiere ordenantza fiskalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
EAJk %50eko hobaria proposatu du ibilgailu elektrikoentzat eta hibridoentzat, hibrido entxufagarriak barne, betiere ordenantza fiskalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Gentza Alamillo Aiarako EAJren bozeramailearen arabera, neurri horiek lagungarriak izan daitezke herritarrek etxebizitzak hobetzeko eta ingurumenarekin arduratsuagoak izateko. “Udal fiskalitatea ez da diru-bilketarako bide gisa bakarrik ulertu behar. Jarduera horiek egiten dituztenentzat nahiz Aiara osoarentzat onura dakarten jarduerak sustatzeko ere erabil daiteke eta erabili behar dira”, adierazi du Alamillok. Bozeramaileak gogorarazi duenez, EAJk 2024an ere antzeko eskaera bat aurkeztu zuen, baina EH Bilduren gobernu taldeak ez zuen aurrera eraman. “Horregatik, oraingoan proposamenak mozio gisa aurkeztea erabaki dugu, eztabaidatu eta beharrezko erabakiak har daitezen”, azaldu du.
Hobariak indarrean jartzeko proposamena
Bi mozioek ordenantza fiskalak aldatzeko izapideak egitea proposatzen dute, hobari berriak hurrengo ekitaldi fiskalean aplikatu ahal izateko. Era berean, EAJk neurriak udalaren komunikazio-kanalen bidez zabaltzea planteatu du, herritarrek hobariak eskatzeko baldintzak eta prozedura ezagutu ditzaten.