Nola hasi zinen? Nondik sortu zen supermerkatua irekitzeko ideia?
Ni Amurriokoa naiz, baina Luiaondora etorri nintzen bizitzera nire bikotekidearekin. Elkarrekin pisu bat erosi genuen, eta garai hartan Bilbon egiten nuen lan, egunero Malatoren aurretik pasatzen nintzen. Garai hartan ez zegoen ezer, orubeak ziren, eta eraikin bat egin zuten arren, hutsik zegoen. 2000 urtearen inguruan izan zen hori.
Luiaondora etorri ginen, etxebizitzak merkeagoak zirelako. Eraikin hura ikusten nuenean, jakin-mina pizten zitzaidan eta banekien zerbait muntatu nahi nuela, baina ez nekien zehazki zer. Azkenean, egun batean animatu eta aurrera egitea erabaki nuen.
Hasieran, beldur nintzen jendeak kanpotartzat hartuko ote ninduen, batez ere adinekoek. Azken batean, Amurriotik nentorren eta ez nintzen Luiaondokoa. Baina, nire harridurarako, guztiz kontrakoa gertatu zen. Jendea oso eskertuta agertu zen, eta oso harrera ona egin zidaten. Orain, familia bat gara.
"Ez dira familia, baina oso gertukoak dira; familia txiki bat garela esan daiteke"
Astelehenetik igandera zabaltzen dugu denda, eta igandeetan leku askotatik etortzen da jendea. Astean zehar, berriz, batez ere Luiaondoko herritarrak etortzen dira. Denok ezagutzen dugu elkar; bezeroak sartzen direnean badakit nor diren, eta haien familiagatik galdetzen diet.
Luiaondon ez dago eskaintza komertzial handirik, eta Malato ireki aurretik, herritarrek Amurriora edo Laudiora joan behar zuten erosketak egitera. Guk, denetarik ez dugun arren, eguneroko produkturik garrantzitsuenak eskuratzeko aukera eskaintzen dugu.
Zein izan zen hasierako zailtasunik handiena?
Hasierak gogorrak dira, diru asko inbertitu behar duzu eta ez duzu etekinik ikusten. Hala ere, hori guztia kontuan hartuta ekin nion proiektuari.
Ni, ordea, jo eta ke aritzen den emakumea naiz. Banekien hasieran lan handia egin beharko nuela, baina pixkanaka egoera hobetuko zela ere banekien. Egia da, hasiera hartan ilusioak bultzatzen ninduela batez ere.
Zergatik erabaki zenuten supermerkatua Luiaondon irekitzea, Amurrio edo Laudio bezalako herrietan biztanle gehiago daudela kontuan hartuta?
Luiaondora bizitzera etorri nintzelako hartu nuen erabakia, eraikina hutsik zegoenean hara etortzen nintzen eta bueltak ematen nizkion, adreiluei begira. Hasieran ez nekien zer muntatu nahi nuen.
Supermerkatua ireki nuenean, biztanleak bazeuden, baina ez nituen kalean ikusten. Etxeen aurrean autoak ikusten nituen, baina jendea ez zen kalera ateratzen, ez zeukaten nora joan edo zer egin, eta horregatik etxean geratzen ziren.
Izan ere, garai hartan lo egiteko herria zen Luiaondo, nolabait oraindik ere hala izaten jarraitzen du, baina aldaketa handia egon da, orain umeak daude, autobusak… Herria bestelakoa da.
Zenbat langile zarete eta nola antolatzen dituzue ordutegiak, astelehenetik igandera irekita zaudetela kontuan hartuta?
Zazpi langile gara. Txandak eta ordutegiak ditugu, eta bakoitza gauza batez arduratzen da. Bi lanpostu ditugu, eta horietan txandak egiten ditugu, aste batean batek goizez lan egiten du, beste batek arratsaldez eta besteak asteburuan. Txandakatu egiten gara, beti ordutegi berean ez aritzeko eta modu horretan, erosoagoa da antolatzea.
Oilasko erreak Malatoren bereizgarrietako bat dira. Noiz hasi zineten saltzen eta nondik sortu zen ideia?
Denda muntatzen ari ginenean, Bilbon egiten nuen lan, eta lankide batek Gasteizko denda batean lan egina zuen, oilasko-erretegi batekin. Ideia berezia eta desberdina iruditu zitzaidan.
Igandeetan irekitzearen arrazoia ere beste supermerkatuetatik bereiztea zen. Azken batean, inguruan beste supermerkatu batzuk daude, eta jendea erakartzeko zerbait desberdina eskaini behar genuen. Zer eskaini genezakeen? Besteek egiten ez zutena: igandeetan irekitzea.
Horregatik pentsatu nuen igandeetan irekita egongo ginenez erretegi bat jartzea. Gainera, nire izebak Arespalditzan erretegi bat izan zuen, eta berak erakutsi zidan lan hori egiten. Hala ere, oilaskoak larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan soilik saltzen ditugu.
Azaroaren 8an Malatoren 20. urteurrena ospatu zenuten. Nola joan zen eguna eta zer sentsaziorekin geratu zara?
Oso ondo joan zen. Denbora dezente eskaini genion festa antolatzeari, eta ilusio handiz bizi izan genuen eguna, gogotsu geunden.
Ikaragarria izan zen herriko jendea gerturatu izana, etortzen ziren, zoriontzen gintuzten… Oso polita izan zen. Nolabait, azken urte hauetan egindako lana aitortzen dizute. Lanetik harago, laguntzen zaituen jendea da, eta hori kontuan hartzekoa da. Ez dira familia, baina oso gertukoak dira; familia txiki bat garela esan daiteke.
Amurrioko Battuere batukada taldea ere etorri zen, ni bertako kidea naizelako. Hilabete lehenago eskatu nien egun hori gordetzeko eta mesede hori egiteko, oso polita izan zen haiek ere ospakizunean parte hartzea.
Zer balorazio egiten duzu atzera begiratzean, hogei urteko ibilbidearen ondoren?
Oso pozik nago. Hasieran, negozio bat sortzea besterik ez zen nire helburua. Orain, ordea, niretzat ez da negozio hutsa, klub sozial baten moduan ikusten dut.
Adineko jendea etortzen da, haiekin hitz egiten dugu, elkarri laguntzen diogu eta, behar izanez gero, erosketak etxera eramaten dizkiegu, nahiz eta etxez etxeko banaketa zerbitzurik ez izan. Azken batean, bezeroez arduratzen gara eta kontuan hartzen ditugu. Bezero baino gehiago, familia sentitzen ditugu.
"Niretzat ez da negozio hutsa, klub sozial baten moduan ikusten dut"
Hasieran, niretzat denda bat zen, besterik gabe. Ikuspegi hotzagoa nuen. Baina denborarekin beste rol hori hartu dugu, eta asko gustatzen zait. Berezia da, desberdina. Uste dut gure arteko gertutasunak beste establezimenduetatik bereizten gaituela.
Daukadanarekin geratzen naiz, ez nioke ezer gehituko. Giro bikaina daukagu, taldean oso ondo moldatzen gara eta ekipo aparta gara. Hori bezeroek ere nabaritzen dute.