Aiarako Kuadrillak jasotzen duen errefusaren % 82 da birziklagarria

Erredakzioa 2016ko aza. 23a, 07:30

“Ba al dakizu zure dirua zaborrera botatzen ari zarela?”. Galdera probokatzaile horrekin hasi du Aiarako Kuadrillak hondakinen birziklapenaren aldeko kanpaina berria, eta ez zaio arrazoirik falta. Zaborraren % 90 da berrerabilgarria, baina % 25 baino ez da birziklatzen, EAEko datu orokorren arabera. Gaikako bilketa, berriz, % 35 baino gehiagokoa da Kuadrillan, Garbigune eta antzeko azpiegiturei esker.  

“Ba al dakizu zure dirua zaborrera botatzen ari zarela?”. Galdera probokatzaile horrekin hasi du Aiarako Kuadrillak hondakinen birziklapenaren aldeko kanpaina berria, eta ez zaio arrazoirik falta. Zaborraren % 90 da berrerabilgarria, baina % 25 baino ez da birziklatzen, EAEko datu orokorren arabera. Gaikako bilketa, berriz, % 35 baino gehiagokoa da Kuadrillan, Garbigune eta antzeko azpiegiturei esker.  

Birziklatzen ez diren materialak Gasteizko tratamendu instalaziora bideratzen dira, gainontzeko errefusarekin batera tratatzeko. “Birziklatutako hondakinek diru-sarrerak ematen dituzte”, azaldu dute Kuadrillatik, baina azpimarratu dute edukiontzi griseko hondakinak tratatzea,  “oso garesti” ateratzen dela: 68,56 euro tona bakoitzeko. Kostu hori, gainera, handituz doa urtez urte. “Hondakin horien kudeaketa herritar guztiok ordaintzen dugu, zabor-tasen bidez”.

 

321.868 euro aurreztuko lirake material birziklagarria dagokion  edukiontzietan sartuko balitz



Ia gehiena da birziklagarria
Badaude birziklatu ezinak diren zenbait elementu, baina salbuespena dira. Arazoa beste bat da: birziklagarriak diren hondakin asko edukiontzi grisetara botatzen direla. Edukiontzi horietan uzten den zaborraren % 82 da birziklagarria, Kuadrillak uztailean eginiko ikerketa batean ondorioztatutakoaren arabera. Zoriz hautatutako hainbat edukiontzi gris arakatu ziren azterketa hori egiteko. Oso esanguratsuak dira modu horretan lortu zituzten datuak: behatutako zabor gehiena (% 57) organikoa zen, % 14 ontzi arinek osatzen zuten, % 7 paper eta kartoiek eta % 5, berriz, beirek. “ 321.868 euro aurreztuko lirateke hondakin horiek guzti horiek edukiontzi egokian sartu izan balira”, kalkulatu dute ikerketaren egileek.  

Zaborra, lau multzotan
Zentzu horretan, Kuadrillatik gogorarazi dute garrantzitsua dela zaborra lau multzotan banatzea. Ontzi arinak edukiontzi horira sartu behar dira, paper eta kartoiak urdinera, eta beirak berdera. Aurreko hiru multzoetako batean sartzen ez diren materialek osatzen dute errefusa, eta horiek dira edukiontzi grisera bota behar direnak.

 

Kuadrillan edukiontzien bitartez jasotzen den zaborraren hiru laurdenak Gasteizko tratamendu instalaziora bideratzen dira

 

Errefusa eta material organikoa, baina, ez dira gauza bera. Ondorengo elementu hauek dira organikoak: fruta, barazkia, haragi edo arrain hondarra, arrautza eta marisko oskolak, fruitu lehorrak, prestatutako janaria, kafe eta infusio arrastoak, kortxoak, zerrautsa, pospoloak, sukaldeko papera, mukizapiak eta lorategi eta baratzetako hondakinak.

Jende gehienak errefusarekin nahasten ditu aipatutako hondakin horiek, baina geroz eta gehiago dira organikoa aparte biltzeari ekin diotenak. Duela bi urte eman zituen Aiarako Kuadrillak horretara bideratutako lehen pausoak. Organikoa biltzeko edukiontzi eta kit bereziak banatu ziren eskualdean. Arrakasta izan du ekimenak, gaur egun 2.200 familia baitira ekimen horren bidez organikoa birziklatzeari ekin diotenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide