Seigarren urtez abiatu du Aiaraldea Komunikazio Leihoak "Udazkeneko Multimedia Eskola". Aurtengo edizioak hiru proiektu barnebilduko ditu: ikastetxeetako kazetaritza tailerra, multimedia rallyak eta elkarteei zuzendutako multimedia jardunaldiak.
Ikastetxeentzako tailer eta rallyak
Azaroaren hasieratik eskualdeko bost ikastetxeetan ari dira gauzatzen kazetaritza tailerra, sei taldetan. Horien artean daude Aretako Fabian Legorburu, Amurrioko Aresketa ikastola, Etxaurren ikastola eta Laudioko Lamuza heziguneak. Astero bi orduko saioen bidez, 180 dira euskarazko komunikazioa lantzen ari diren ikasleak. Talde bakoitzak hedabide bat sortu du, eta egiten dituzten kazeta lan guztiak aiaraldea.eus atariko "Komunitatearen plazan" egongo dira ikusgai. Abenduan bukatuko dute eskola, aldizkari baten sorkuntzarekin.
Bestalde, DBH4 eta Batxilergoko gazteei begira, multimedia rallyak eskainiko ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak Laudio Ikastolan, Laudio BHIn, Amurrioko Virgen Niña ikastetxean eta Zaraobe institutuan. Hala, goiz bakarrean gidoigintza, bideogintza, argazkigintza eta zuzenekoetan trebatuko dira eskualdeko 200 gazte inguru. Laburmetraien bidez, elkartearen izaera eta filosofiarekin bat egiten duten kulturartekotasun, parekidetasun eta euskarazko komunikazioarekin erlazionatutako idei eta gertaerak helaraziko zaizkie multimedia rallyetan gazteei, bideo-formatuan garatu ditzaten.
Elkarteentzako multimedia jardunaldiak
Horrez gain, kultur eta kirol elkarteentzako multimedia jardunaldiak egingo dira Amurrion, Arespalditzan eta Laudion. Saioak irekiak izango dira, eta 1.5 orduko iraupena izango dute. Tailerren bitartez egungo hainbat komunikazio tresna jorratuko dira, besteak beste, sare sozialak (facebook, twitter, instagram, flickr...), blogak, zein bestelako tresnak (WhatsApp, zuzeneko streamingak...). Gainera, Euskarazko komunikaziorako gidaliburu bat emango zaie partaideei.
Arespalditzako saioa abenduaren 12an (astelehena) izango da, udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Laudiokoa, berriz, abenduaren 14an (asteazkena) egingo dute, Kultur Etxeko Arraño aretoan. Amurriokoa izango da azken zita, abenduaren 15ean (osteguna), hain zuzen, Kultur Etxeko Saskigintza gelan. Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira. Udazkeneko Multimedia Eskolen jarraipen berezia egingo du Aiaraldea Komunikabideak.