Gaur eguerdian bildu dira Aiaraldeko EH Bilduko alkateak (Idoia Aginako, Itziar Duoandikoetxea, Jabi Asurmendi eta Natxo Urkixo) RENFE eta ADIF enpresetako ordezkariekin. Eskualdeko trenbideak eta tren-geltokiek dituzten “segurtasun eta irisgarritasun” gabezien inguruan mintzatu dira.
Arakaldoko alkatea den Jabi Asurmendik eginiko adierazpenak:
[video:https://www.youtube.com/watch?v=b6zqBjTtr_0&feature=youtu.be]
Hainbat obra iragarri dituzte
Bi enpresetako ordezkariek bileran adierazi dute aurreikusi dutela hainbat obra egitea aipatutako gabezia horiei aurre egiteko. Azaldu dute Aretako geltokian zenbait berrikuntza egingo dituztela, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeari begira. Iragarri dute baita azpiegituretan eta argiztapenean hobekuntzak egingo dituztela, baina ez dute zehaztu nasa batetik bestera joateko dagoen trenbide gaineko pasabidean zer aldaketa egingo dituzten. Proiektua 2017rako amaitzea aurreikusi dute. Proiektua amaituta aterako lukete egin beharreko obraren lizitazioa.
Laudioko geltokian igogailu berria jarriko dute
Laudion ere hainbat obra egingo dituztela jakinarazi dute RENFE eta ADIFeko ordezkariek. Igogailu berri bat jarriko dute, geltokirainoko irisgarritasuna bermatzeko, beste berrikuntza batzuen artean. Obra horren proiektua 2017rako amaituta izatea aurreikusi dute baita.
Eskualdeko gainontzeko geltokietan ere gauzatuko dituzte zenbait berrikuntza. Nasatik trenera bitarteko irisgarritasuna bermatzeko obrak egingo dituzte, besteak beste.