Etxebizitza hutsei zergak ezartzeko aukera izango dute Arabako udalek datorren urtetik aurrera

Txabi Alvarado Bañares 2016ko aza. 3a, 06:50

% 50 arteko errekargua ezarri ahalko diete 2017tik aurrera udalerri arabarrek etxebizitza hutsen jabeei, Ondasunen Higiezinen gaineko Zergaren bidez. EUSTATen arabera, 4.215 etxe huts daude eskualdean.

Datorren urtetik aurrera, Arabako udalerriek % 50 arteko  errekargua ezarri ahalko diete etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) bidez. Inor erroldatuta ez dagoen etxeak kontsideratuko dira etxebizitza huts.

% 50 arteko errekargua ezarri ahalko diete 2017tik aurrera udalerri arabarrek etxebizitza hutsen jabeei, Ondasunen Higiezinen gaineko Zergaren bidez. EUSTATen arabera, 4.215 etxe huts daude eskualdean.

Datorren urtetik aurrera, Arabako udalerriek % 50 arteko  errekargua ezarri ahalko diete etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) bidez. Inor erroldatuta ez dagoen etxeak kontsideratuko dira etxebizitza huts.

Iragan astean onartu zen Arabako Batzar Nagusietan udalek hori egitea ahalbidetuko duen foru araua. EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren botoekin eta Podemos Ahal Duguren abstentzioarekin atera zen aurrera legea.

EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena. Koalizioaren asmoa etxebizitza hutsei gehienez %150eko igoera ezartzea zen. EAJrekin negoziatu ostean, baina, errekargu proposamena %50era jaitsi zuten. Gauzak hala, ehuneko hori da udalerri arabarrek etxe hutsei gehienez aplikatu ahalko dieten zerga.

Alkateen adierazpenak
Aiaraldea Egunkaria Amurrio, Laudio, Okondo, Aiara eta Artziniegako alkateekin jarri da harremanetan, etxe hutsei errekargu hori ezartzea baloratu duten galdetzeko. Antzeko erantzuna eman dute guztiek: aztertu egin behar dutela. “Oraindik ez dugu eztabaidatu”, adierazi du Aiarako alkatea den Gentza Alamillok, “tasa eta arau fiskalak aztertu behar ditugu, beste gauza batzuen artean”. Amurrioko Udaletik ere gaia aztertzeke dutela adierazi dute.

Ildo bereko adierazpenak egin ditu Okondoko alkatea den Sergio Tatok: “Okondoko egoera zein den baloratu behar dugu lehenbizi”. Laudioko alkatea den Natxo Urkixok, bere aldetik, araua nola garatzen den ikusi behar dela dio: “Araua aplikatzeko prozedurak zehazten direnean baloratuko dugu zer eta nola egin”. Zentsu horretan, Artziniegako alkatea den Iñigo Gomez 2018ra begira jarri da: “udalean zeozer onartzekotan urte horretan jarriko litzateke martxan”.

Bi biztanleko etxe bana
Zaila da zenbat etxe huts dauden jakitea. 2011koa da EAEn eginiko azken etxebizitza errolda. EUSTATek egin zuen zenbaketa hori eta 4.215 etxe huts kontabilizatu zituen Aiaraldean. Errolda horren arabera, 21.114 etxebizitza egongo lirateke eskualdean, bana bi biztanleko. Deigarria da Orozkoko kasua, EAEn proportzioan 2.000 biztanletik gorako etxe huts gehien dituen udalerria baita.

Alokairuena da nabarmentzekoa den beste datu bat, eskualdeko etxebizitza guztien % 7,65 baino ez baitago egoera horretan. Europar Batasuneko ehunekorik txikienetarikoa da hori (ikusi eskumako grafikoa). Prezioak, berriz, altuak dira. Araban 729 eurotan kokatzen da bataz besteko alokairua (EUSTATen datuen arabera), gutxieneko soldata 645,3 eurokoa den bitartean.

Eskualdeko etxebizitzetatik alokairuan daudenen ehunekoa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide