Artziniegako eta Aiarako Udalek, Gurutze Gorriarekin batera, zenbait ikastaro antolatu dituzte azaroan gauzatzeko. Zehazki, sakelakoak eta tabletak erabiltzeko eta harrapaketak prebenitzeko saioak egingo dituzte.
Teknologia berriei lotutako tailerra urrian eskaini zuten Aiaran eta orain Artziniegan izango da, azaroaren 8an eta 9an, asteartean eta asteazkenean, hurrenez hurren. 17:00etan hasiko da eta 3 ordukoa izango da saio bakoitza. Artziniegako Udaletxe zaharrean eskainiko dute eta izena emateko 945 39 63 53 telefonora deitu beharko dute interesdunek.
Harrapaketen prebentzioa
64 urte gorako lagunek aukera izango dute harrapaketen prebentzioa lantzeko Aiaran eta Artziniegan. Saioetan euren segurtasunari buruz hausnartuko dute eta, hori ez ezik, estrategiak ere ikasiko dituzte. Artziniegan azaroaren 17an izango da hitzordua, erretiratuen egoitzan 17:30ean; eta Lantenoko eskola zaharretan azaroaren 24an 17:00etan. Izena emateko 945 39 63 53 eta 945 39 90 13 telefonotara deitu beharko dute Artziniegan eta Aiaran, hurrenez hurren.