Halloween, jai arrotza Aiaraldean?

Aitor Aspuru Saez 2015ko urr. 29a, 08:07

Ohitura berreskuratzen hasi dira Euskal Herriko hainbat txokotan, Eibarren, esaterako. / Marta Vitores, dantzan.eus

Domu Santu bezperan, urriaren 31n hain zuzen, hainbat ume aterako dira kalera mozorrotuta Halloween ospatzera, “sari edo ziri” oihukatuz. Jende askok Estatu Batuetako kolonialismo kulturalaren itzala ikusiko du jarduera horretan, baina hemengo ohituren isla ere hor dago.

Horien artean Jose Luis Fernandez Zurbitu dago. Artziniegako Etnografia Museoko kide horrek 70 urte ditu. Bere ustez, Halloween jaiak ordezkatu ditu hemen zeuden ohiturak: “Umeak ginenean, urrian, Domu Santu Eguna hurbiltzen zenean baratzetara jotzen genuen eta kalabazak hartzen genituen. Goitik mozten genituen eta hustu ostean begiak eta ahoa egiten genizkien kandela barruan sartzeko. Frontoiaren aurrean zegoen horma baten gainean hiru jartzen genituen eta oso beldurgarria zen”.

Artziniegarrak ez du gogoratzen zergatik egiten zuten. “Ziurrenik ume nagusiak ikusi genituen hori egiten eta kopiatu egin genuen”. Hala ere, Zurbituk uste du ohitura hori garaiari eta Domu Santu Egunari lotua zegoela: “Urte horietan herrian 4 argi zeuden eta iluntasunari eta hilerriari beldurra genien, bat-batean kalabaza horiek ikusteak eragin handia zeukan”.

 

Antzina kalabazak jendea izutzeko helburuarekin erabiltzen zirela dioten testigantzak jaso dira Artziniegan, Luiaondon eta Orozkon

 

Zentzu horretan, ezberdintasun handia sumatzen du Halloween eta Domu Santu edo Arimen Egunaren artean: “Egun horiek ez ziren jaiak. Umeak ez ginen ateratzen kalera gauez, gehienez gizonak joaten ziren tabernara. Kalabazak eta izarak ere erabiltzen ziren jendea izutzeko, baina oso txantxa astunak ziren. Behin, broma baten ondorioz pertsona batek eroetxean bukatu zuen”.

Dena den, kalabazen ohitura ez zen Artziniegakoa bakarrik. Anuntxi Arana Luiaondoko antropologoak antzeko pasadizoak berreskuratu ditu bere herrian zein Orozkon. Lortutako testigantzek ziurtatzen dute kalabazen bitartez jendea izutzeko saiakerak egiten zirela.

Hori bai, Aranak ikertutako gertakariak ez zeuden Domu Santuari lotuta. Deskribatutako pasadizoetan beldurrak sorginetan zeukan sorburua. Aranak Orozkon jasotako kondaira baten arabera, mutil batek kalabaza bati ahoa eta begiak egin ondoren kandela sartu zion. Mutilak bere burua izara zuri batez estali zuen, eta emakume bat ikaratzen saiatu zen. Baina neskak, koldartu ordez, aizkora hartu zuen defendatzeko eta mutilak hanka egin behar izan zuen.

Kondaira horren arabera, Garizuman erabiltzen ziren kalabazak herritarrak beldurtzeko asmoz. Edonola ere, arestian esan bezala, ikarak sorginekin zeukan harremana, ez hildakoekin.

Orozkotik atera gabe, Felix Mugurutza ikerlariak plazaratu du gaztainaren uzta jaso ostean, hildakoentzako meza egiten zutela herrian eta gaztainondoaren fruituak eskaintzen zizkiotela zendutakoei.

Hildakoak
Halloweenek ”All Hallows’ Even” -Domu Santu Eguneko bezpera ingelesez- jai kutsua hartu du Estatu Batuetako kulturaren ondorioz, eta egun Aratusteen antza gehiago dauka, Arimen Gauarena baino.

Hala ere, antzina hildakoen omenezko data zen Domu Santua, eta gozatzeko grina azaleratzeko baino heriotza presente izateko eguna zen, gertuko hildako pertsonak gogoratzekoa, alegia. Jende ugari hilerrira joaten zen bere senideak edo lagunak oroitzera. Ohitura hori oraindik errotuta dago hainbat jenderen artean eskualdean.

 

Domu Santu Egunean Laudioko zinegotziek hildakoen aurrean zin egiten zituzten karguak

 

Hildakoen eta arbasoen arteko lotura hori bereziki adierazgarria da Laudion. San Migel egunean alkatea hautatzen zen, eta zinegotziek hilerrian zin egiten zituzten euren karguak, bere arbasoen eta herriko hildakoen aurrean. Natxo Urkixo alkateak horren aztarnak topatu ditu udal aktetan. Dokumentu horien arabera ohitura indarrean egon zen XVI. mendetik XIX. mendera arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide