Asteburu honetan hasiko dira Arabako Bertsolari Txapelketako kanporaketak. Urriaren 28tik azaroaren 5era jokatuko da kanporaketa fasea. Guztira lau saio egingo dituzte, eta 24 bertsolari lehiatuko dira finalerditako txartela eskuratzeko.
Serapio Lopez baranbioarra, Izar Mendiguren laudioarra eta Asier Rubio luiaondoarra izango dira Aiaraldeko ordezkariak aurtengo txapelketan. Lopez eta Rubiok urriaren 29an izango dute saioa Lantziegon. Mendigurenek, berriz, azaroaren 5ean kantatuko du Araian.
Arabako Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da 2017ko txapelketara. Gainontzeko bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. "2015eko txapelketako 5 finalistek izena eman dute 2017ko txapelketan parte hartzeko, beraz, 13 bertsolari sailkatuko dira". Orotara, hortaz, 18 bertsolariko taldea osatuko dute 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketan. Lehiaketaren inguruko informazio guztia www.bertsozale.eus/araba webgunean eguneratuko dute.