Aiaraldeko paisaiari erreparatzen badiogu, Gorbeia eta Gorobel mendiguneetan izan ezik, konturatuko gara alderik alde zabaltzen den baso masa uniforme eta homogeneoa dela. Baso hori intsinis pinuaren landaketaz osaturik dago. Hots, baso ekoizlea da gurea, orokorrean. Beste modu batean esanda, eskualdeko baso gehiena artifiziala da, gizakiak sortua, zurgintza eta papergintzari zuzendutako ekoizpena helburu. Ustiapen horrek eskualdeko paisaia ezaugarritzeaz gain, oinarri ekonomiko garrantzitsua suposatu du urte luzez.
Ondorioz, baso naturalaren zabalpena mugatua da oso, eta salbuespenak salbuespen, mendigune nagusien babespean hedatzen da oro har. Hala ere, ingurumari klimatikoari dagozkion baso autoktono garrantzitsuenak ordezkatuta daude Aiaraldean.
Izan ere, kokapen geografikoak bi klima nagusien (atlantiko- kantauriarra eta kontinental-mediterranearra), arteko mugan egoteak landaretza aberatsa dakarkio gure eskualdeari, eremu klimatiko biren espezieak biltzea suposatzen duelako.
Basoaren pribatizazioa
Euskal Herriko populazioa baserri sakabanatuetan hedatzen zen, harik eta XVI. mendean baserriak ugaritzen hasi ziren arte. Karea ongarri moduan erabiltzeak nekazaritzaren hazkundea ekarri zuen, eta luberri zein soro bihurtu ziren hainbat baso. Deforestazioaren hastapenak izan ziren, bi mendeetan zehar gure paisaia basamortu baten mugetaraino eramango zutenak.
Baso naturalen lepora asetu zen gerretarako eta itsasontziak egiteko zuraren beharra. Burdingintzak ere sekulako kalteak eragin zituen, egurra baitzuen lehengai nagusi, mearekin batera.
XIX. mendeko egoera ekonomikoaren ondorioz, kinka larrian zegoen Espainiako estatuak lur publiko asko saldu behar izan zituen -Mendizabalen desamortizazioa deitua izan zena- eta lursail asko esku pribatuetara pasa ziren. Bizkaia eta Gipuzkoan gertatu zen hori batez ere, baina lur horiek ez ziren jauntxoen ondasunetara joan, baizik eta familia ustiatze unitate ekonomiko ziren ehunka baserritara, lurraren jabetza oso erdibitua utziz.
Hor legoke Aiaraldeko basoaren egungo egoeraren jatorria. Urduña eta toki erakunderen batenak kenduta, eskualdeko udalerri gehienetako basoek izan dute Bizkaia eta Gipuzkoakoen bilakaera berbera: lurraren propietatea hein handi batean pribatua eta oso zatikatua da.
Baserriaren jardun nagusiaren gainbeherari aurre egiteko pinuak landatu ziren, bertako errentak osatze aldera. Baso ekoizlearen errentagarritasuna lur publikoetara zabaldu zen orduan, eta gaur gaurkoz, diru sarrera garrantzitsuak eskuratzen dituzte urtero hainbat udalerrik pinu landaketei esker.
Monolaborantzen arazoak
Hasiera batean, pinu landaketak baliagarriak izan ziren desforestazioari, higadurari eta egoera ekonomikoari aurre egiteko. Baina ehun urte beranduago egungo gizarteari dagozkion arazoak agertzen hasi ziren. Monolaborantzek, hots, espezie bakarra erabiltzeak izurriteen zabalpena (prozesionaria tartean) ekarri zuen; hazkunde azkarreko espeziea izanik, erabilera honen kontrol eta arau gabetasunak higadura arazoak sortu zituen: erabateko mozketak, gehiegizko mekanizazioa, erreka bazterreko landaretza ez errespetatzea...
Zorionez, azken hamarkadetan egoera hobetzen doa, baso ekoizlearen erabilera egokia arautua izan da eta horrek neurri batean egoera zuzentzea ekarri du. Praktika jasangarrien ezagutza eta erabilera egokiagoen inguruan gero eta sentsibilizazio handiagoa dago. Zuraren jatorri jasangarria ziurtatu egiten duten erakundeen irizpideak kontuan hartzen dira. Erakunde publikoen aldetik bestelako erabilpen eta ikuspuntua sustatzen ari da jabe pribatuei zuzenduta informazio, diru-laguntza eta abarren bitartez.
Udal eta tokiko erakundetan ere, basoaren ekoizpen ikuspuntuak utzi eta babes neurriak gero eta gehiago hedatuz doaz: babes landaketa, bertoko espeziekin egindako basotzea, korridore ekologikoen mantentzea, basoak ordenatu eta erabilera planifikatzea, esku pribatuen baso autoktonoko lursailak erostea...
Hala ere, hainbat eragilek uste dute hobetzeko asko dagoela, eta hainbat praktikaren jarraipena zalantzaz eta kezkaz ikusten dute. Eukalipto landaketen zabalpenak, esaterako, paisaia eraldatu egiten du espeziak duen ur beharragatik, eta bertako basoaren zabalpenari traba egiten diolako.
Oreka bilatu beharra
Baina esan bezala, Aiaraldean baso sektoreak inpaktu ekonomiko handia duenaren, eta izango duenaren zalantzarik ez dago. Alabaina, egungo jendarte honetan, garapenaren izenean, naturarekin kontrajarriak dira jardun ekonomiko gehienak. Eta momentuz, hitzetatik harago ez du ematen mugarik ezarriko zaionik. Basoari dagokionean, ingurugiro eta bizimodu osasungarrien bermea den heinean, kontua jardun horiek bideratzea da, basoaren ikuspuntu ekoizle hutsez harago, bestelako balioak aitortuz. Gaur denon ondarea dena, bihar ere izan dadin.