POKEMON GO: Bukatzear dagoen udako sukarra

Txabi Alvarado Bañares 2016ko urr. 19a, 19:33

Laudioko Plazara goizaldeko ordu bietan joanez gero ez duzu, seguru asko, jende askorik topatuko. Udan, baina, oso bestelakoa izan da panorama. Ia gauero 20-30 pertsona inguru biltzen ziren bertan, mugikorra eskuan, herriko kaleetatik pokemonak ehizatzen gaua igarotzeko asmoz.

“Hori zen Pokemon Go jokoaren helburua, hein handi batean: jendea etxetik mugitu eta jendearekin harremanak garatzea”, azaldu du ‘pokekedada’ horietara hainbat aldiz gerturatutako Aitor Gomezek. “Aspaldian ikusi gabeko jendea ikusi dut hitzordu horietan”.

Laudioko Plazara goizaldeko ordu bietan joanez gero ez duzu, seguru asko, jende askorik topatuko. Udan, baina, oso bestelakoa izan da panorama. Ia gauero 20-30 pertsona inguru biltzen ziren bertan, mugikorra eskuan, herriko kaleetatik pokemonak ehizatzen gaua igarotzeko asmoz.
“Hori zen Pokemon Go jokoaren helburua, hein handi batean: jendea etxetik mugitu eta jendearekin harremanak garatzea”, azaldu du ‘pokekedada’ horietara hainbat aldiz gerturatutako Aitor Gomezek. “Aspaldian ikusi gabeko jendea ikusi dut hitzordu horietan”.

Mundu osoan eragina izan duen fenomenoa izan da Pokemon Go jokoarena, eta Aiaraldean ere ez da gutxiagorako izan. Zergatik? Nola sortu da “booma”? Hainbat arrazoi daude, Gomezen ustez: “Hedabideetan eman zaion zabalpenak zer ikusi asko izan du, eta baita ere pokemonen munduan oinarritutako joko bat izateak. Gure belaunaldiko jende guztiak jokatu du noizbait pokemonetara”.

Mugikorrarekin kaletik joan eta “pokemon” izeneko piztia batzuk harrapatzean datza, funtsean, jolasak. Geolokalizazioan oinarritutako aplikazioa da. Modu horretan, jokalariak hainbat txokotara joanez topatu eta ehizatu ditzake pokemonak.

Ingress aplikazioaren arabera, mota horretako 89 txoko daude gutxienez eskualdean (“pokegeltokiak” eta “gimnasioak” batuta). Hala ere, Aiaraldean topatu daitezkeen pokemonak oso gutxi dira hiriburuetan aurkitu daitezkeenekin alderatuta, Gomezek azaldu duenez. “Bilbon hamar metro ibilita zazpi ‘pokegeltokirekin’ egin dezakezu topo”.

89 puntu ditu ditu Pokemon GO aplikazioak eskualdean, gutxienez


Zaletu gehien, gazteen artean
Gazteen ikuspuntua jasotzeko Amurrioko 14-15 urte bitarteko lau gazterekin jarri gara harremanetan, bi neska eta bi mutilekin. Ez dute euren izenak aipatzea nahi izan, Pokemon Go-aren inguruko artikuluan azaltzeak “friki” etiketa gainetik kendu ezingo dutenaren beldur. Hala ere, gazteen arabera, oso joko famatua bilakatu da pokemonena. “Jende orok du mugikorrean, gure adineko gazteek batez ere”. Hala ere, gehienek noizbehinka baino ez dute erabiltzen. “Parkean baldin bazaude aspertuta mugikorra atera eta pokemonik dagoen begiratzen duzu, baina etengabe jokatzen egon gabe”.
Erabiltzaileen iritziz, pokemonen munduak aurretik zeukan fama izan da joko berriaren arrakasta itzelaren arrazoi nagusietako bat. “Txikia zinenean pokemon-ehiztari bat izaten imajinatzen zenuen zure burua, eta jokoak kaletik hori egitea ahalbidetzen dizu”.

Baina uda amaitu ahala fenomenoa txikitzen joango dela uste dute ikasleek. “Dagoeneko ez da horrenbeste jokatzen. Gutxika utziko zaio erabiltzeari, beste joko batzuekin gertatu den bezala”.

 

Adin eta perfil askotako zaleak batu ditu mugikorretarako ekoitzitako jokoak


Arrakastaren gakoak
Urtzi Odrizola bideo jokoetan adituak “jokoaren booma” behera doala pixkanaka adierazi du. “Lehendik ere egon dira mota horretako jokoak”, erantsi du Gamerauntsi bideo-jokoen elkarteko kideak, “baina ez dute horrelako arrakastarik izan”. Medioek horretan eragin nabarmena izan dutelakoan dago:“Ugariak izan dira Pokemon Go-ren fenomenoaren inguruan idatzi diren albisteak, eta pilota handitzea ekarri du horrek”.

Odriozolak argi du Pokemon Go-rena ez dela “errealitate areagotuko” azken jokoa izango. “Bideo-jokoen enpresa batzuk horren aldeko apustua egiten ari dira, beste batzuk ‘errealitate birtualeko’ jokoen aldekoa egiten ari diren bitartean”.

Iritzi berekoa da Angel Abad, eta gaineratu du bestelako aplikazio batzuetarako ere erabiltzen dela “erralitate aregoatua”; funtzio turistiko edo hezitzailearekin, adibidez. Aisialdi-ohiturak “oso azkar” aldatu dira, informatikari laudioarraren iritziz, baina berak ez du uste horregatik Pokemon Go-ra jokatzea txarra denik. “Badaude askoz kaltegarriagoak diren eta askoz onartuagoak dauden beste tresna batzuk, sare sozialak, adibidez”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide