"Gurdibela kirol gutxitua denez oso pista gutxi ditugu, baina oso kirol inklusibo eta dibertigarria da"

FERNANDO VILLAVERDE GABIÑA (Amurrio, 1963) gurdibelan lehiatzen da. Urrian Palentziako 5.60 metroko kategoriako proba irabazi du, eta Bartzelonan Espainiako “Blakard” modalitatean hirugarren sailkatu da.

 

Gurdibelan aritzen zara. Ez da ohiko kirola.

FERNANDO VILLAVERDE GABIÑA (Amurrio, 1963) gurdibelan lehiatzen da. Urrian Palentziako 5.60 metroko kategoriako proba irabazi du, eta Bartzelonan Espainiako “Blakard” modalitatean hirugarren sailkatu da.

 

Gurdibelan aritzen zara. Ez da ohiko kirola.

Ez. Gure kasua gainera bitxia da, haizearekin lotutako jarduerak gustatzen zaizkigu, beti ibili izan gara kometekin. Gasteizko Lau Haizetara kometa klubean ere aritu nintzen, besteak beste, Garaion pila bat urtez antolatu genuen jaialdi ikuskizuna prestatzen. Kometekin ballet ikuskizunak egiten ditugu... musikaren erritmora lau pertsonak bere kometak dantzan jarriz erakustaldiak egiten ditugu, baina hori beste kontu bat da. Europan, Estatu Batuetan... izan gara kometekin. Egun batean Nafarroan izan ginen, bihotzeko transplantea behar zuen haur batentzako dirua biltzeko ekitaldi batean. Han ezagutu genuen gurdibela, futbol zelai batean. Buelta batzuk ematen utzi ziguten eta horrela hasi ginen kirol hau praktikatzen, 2012an.

 

Kirola ezagutu eta 6 hilabetera lehiatzen hasi zinen.

Bai, lagun batzuekin hasi ginen, eta begira! Sei hilabetera jauzia eman eta Munduko Txapelketara joan ginen Las Vegasera, laku lehor erraldoi batera! Seigarren geratu nintzen, eta Estatu Batuetan laugarren.

 

Zeintzuk dira gurdibela gidatzeko gakoak?

Kontuan hartu behar den lehenengo gauza azalera handia duen leku bat behar duzula da, eta haizeduna. Guk “blakard” gurdia erabiltzen dugu, modalitate horretan lehiatzen gara. Autoan eraman daiteke plegatuta, nahiko eskuragarria da, bizikleta berri on batek baino gutxiago balio du, bela eta guzti 4.500€ inguru.

 

Zeintzuk dira kirol honen ezaugarri nagusiak?

Hiru gurpil dituen karro batean ibiltzen gara, haizeari esker. Itsasoko belen antzera, zirkuitu bat egoten da, eta lasterketak egiten dira buietatik. Belari dagokionez, aipatzekoa da haizearen arabera bela ezberdinak erabiltzen direla, 2-5 metro karratu artekoak dira. Bestalde, soka bat hartuz eta gurdiaren gurpilen arteko perimetroa neurtuz, beste kategoria batzuetan ere parte har dezakezu. Nik, esaterako, 5.60 metro baino gutxiagoko tartea dut, eta pasa den asteburuan Gaztela-Leoin egindako proba irabazi nuen. Horrez gain, oraintsu, Bartzelonan Espainiako blakard klasean hirugarren geratu naiz. Iaz Tarifan irabazi egin nuen, baina lehen postua eskuratzea konplikatua zen!

 

Aiaraldean ba al duzue entrenatzeko aukerarik?

Ez, haizedun zelaigune handiak falta dira. Orain arte Bilboko portura joaten ginen, itsas bidaiak egiten dituzten ontziak aparkatzen dituzten tokira, baina pagotxa bukatu zaigu etxebizitzak eraikitzera doazelako. Hondartzetan ere entrenatzen dugu, baina denboraldiz kanpo beti, jendearekin arazoak ez izateko. Askotan joaten gara Laredora, adibidez, bertako hondartza oso luzea baita. Kirol honetarako lurra zenbat eta gogorragoa izan, orduan eta hobe da, oso haize gutxirekin mugitu zaitezkeelako. Oso kirol dibertigarria, segurua eta inklusiboa da.

 

Oso kirol inklusiboa dela diozu. Zergatik?

Haurrak, helduak, emakumezkoak, gizonezkoak... denak batera hartzen dugu parte probetan. Pisuak bereizten ditu kategoriak, ez sexu edo adinak. Bost kategoria daude. Ez dago inolako diskriminaziorik, gurpildun aulkidunek ere egiten dute. Nik, esaterako, heavy kategorian parte hartzen dut, 85 kilo ingurukoan. Alabaina, ez da dena lehia. Kirol hau ez baduzu nahi ez da konpetitiboa, jende askok trabesia edo zeharkaldiak egiteko praktikatzen du.. Gainera, zarata eta gasolinarik kontsumitzen ez duen kirol bat denez; haizearen, hondartzaren eta itsasoaren sentsazioak jende asko ziztatzen du.

Nolakoak izaten dira probak?

Epaileak irteera agindua baino 2 minutu lehenago abisatzen zaitu. Gure lana, tarte horretan, ahalik eta abiadura gehien lortzea da, irteera puntutik gertu dagoen gune batean. “3,2,1,0” entzutean ahalik eta abiadura handienean zeharkatu behar duzu irteera puntua. Lasterketak 6 minutu irauten ditu bakarrik, eta ibilbidearen arabera, haize gehiago edo gutxiago sortu edo baliatu behar duzu. Estatu Batuetan, esaterako, gogoan dut zelan 70 kilometro orduko abiadura hartu nuen hasieran... Aparatu hauek beti doaz haizea baino azkarrago! 400 metroko bide zuzena baduzu eta ondoren bihurgunea, abiadura kontrolatu behar duzu. Erregularrenak irabazten du normalean. Haizearen norabide aldaketa, ibilbidearen ezaugarriak, lurraren gogortasun mailak frenatzean duen eragina... gauza asko hartu behar dira kontuan. Lasterketaren %70 irteera da. Oso azkar doa dena, hortaz, oso adi egon behar zara.

 

Lau Berri izeneko Kluba duzue. Talde gisa ere lehiatzen zarete?

Iruñekoak, Gasteiztarrak, laudioarrak... batzen gara. Laudion bi bakarrik gaude, nire emaztea eta ni. Hemengo arazo handiena praktikatzeko leku eza da. Meritu handia dugula esan daiteke, gure entrenamendua, praktikoki, lasterka bera izaten da eta. Partaide kopuruari dagokionez, Euskal Herrian ez gara 30 lagunera iristen, baina Espainia mailan 200-300 inguru daude. Ikusle aldetik egia da ez daudela asko, aparte dauden guneetan gauzatzen baitira txapelketak: aerodromoetan, denboraldiz kanpo hondartzetan... Kirol gutxitua denez, oso pista gutxi ditugu. Gertuenak Bartzelonan, Palentzian, Mallorcan eta Tarifan daude.

 

Zenbat lasterketetan hartzen duzue parte ba?

Espainian Mallorcan egiten dira gehienak. Mallorcakoak dira munduko onenetako batzuk. Oso harreman ona dugu, urtean behin edo bitan joaten gara. Palentzian eta Tarifan ere egiten dira txapelketak. Europako txapelketa bi urtero egiten da, eta Mundukoa lau urtero. Hurrengo Europako txapelketa Bartzelonan egingo da hurrengo urtean, eta mundukoa 2018an Mallorcan. Diru asko gastatu eta gutxi eskuratzen den kirola da. Espainian ez, baina mundu mailan oso ohikoa den kirola da, bereziki Frantzian, hondartza oso handiak dituzte eta. Hala ere, Iberiari penintsulakoak gutxi gara baina gauza asko lortu ditugu mundu mailan.

 

Zein da zure helburua?

Nagusiki disfrutatzea. Oso lagun onak egin ditugu. Denborarekin, etorkizunean, federazio bat sortzea gustatuko litzaiguke. Aurki Katalunian egitekoak dira, baina partaide kopuruagatik momentuz Espainiako elkarte soilik izan gaitezke. Euskadiko Federazioa sortzen saiatuko gara, eta behin hori lortuta, gurdibelan egunerokoan entrenatzeko pistak eskatzen.

 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide