Urteak dira Rakatapla Laudioko koadrilak, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, urtero bazkaria egiten duela. Aurten urriaren 22an izango da zita, Artziniegako Arteko Gure Ama Eskolan.
Bertan Amurrio, Laudio, Aiara eta Orozkoko aniztasun funtzionala duten pertsonak, haien familiak, zaintzaileak, parte hartzen duten Udalerrietako alkate eta zinegotziak… elkartuko dira, eguna elkarrekin gozatzeko asmoz.
Eguerdi aldera emango diote hasiera jaiari eta mezarekin hasiko dute eguna, jarraian dantza egiteko tartea izango dutelarik. Bazkaltzeko ordua helduko zaie 14:00ak aldera eta bazkaldu ostean, Otegirekin jarraituko dute dantzaldia arratsaldeko 19:00ak arte inguru.
Aurtengoarekin, 31 urte
Hainbat dira Rakataplakoek egiten dituzten ekintzak urtean zehar eta bazkari honen zergatia, antolatzen duten beste baten “ondorio” izan zen.
Errege Magoen kabalgata ostean, Laudioko aniztasun funtzionala duten pertsonei opariak ematera joaten dira Errege Magoek, pertsona hauek elkartzen diren lokalera. Honen ondorioz, 1985ean garaiko apaiza, Ascen Jauna, Menagaraiko Amor Misericordioso eskolako neskei bazkari edo jairen bat prestatzea proposatu zien.
Proposamenaren ondorioz, Rakataplakoek martxan jarri ziren eta jaietan antolatzen duten Gastronomia Txapelketa eguna aprobetxatuz, txahal bat erosi zuten egun horretan zozketatzeko asmoz. Hori dela eta, koadrilakoek Gastronomia Txapelketa egunaren goiz osoa eman zuten zozketa zenbakiak saltzen.
Egindako zozketatik jasotako diruarekin aniztasun funtzionala duten pertsonentzako bazkaria egiten hasi ziren, Menagaraiko Amor Misericordioso Eskolan bertan, eta horrela eman zituzten hiru urte. 90 pertsona inguru biltzen ziren hasierako bazkari horietan eta ospatzen zen hirugarren urtean, Amurrioko alkatea zen Pablo Isasik, Rakataplakoekin hitz egiten ari zela, hurrengo urtetik aurrera parte hartzen zuten Udalek bazkaria finantzatzen hastea proposatu zuen.
Urte horretatik aurrera Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Orozkoko Udalek finantzatzen dute jaia eta urte bakoitzean herri batean egiten dute, hots, txandakatzen doaz jaia urtez urte, jada 200 pertsona inguru elkartzen aldi bakoitzean.