Trenbideko pasabideak: Beste aldera arriskurik gabe igarotzeko esperoan

Txabi Alvarado Bañares 2016ko urr. 16a, 09:49

Eztabaida piztu du irailaren 5an Aretako tren-geltokian gertatutako istripuak. 19 urteko emakumezko bat hil zen egun horretan. Trenbideko errailen gaineko pasabidetik igarotzen ari zen, merkantzia tren batek harrapatu zuenean.

Eztabaida piztu du irailaren 5an Aretako tren-geltokian gertatutako istripuak. 19 urteko emakumezko bat hil zen egun horretan. Trenbideko errailen gaineko pasabidetik igarotzen ari zen, merkantzia tren batek harrapatu zuenean.

Ezbeharrak mahai gainean jarri du berriz Urduña eta Bilbo lotzen dituen trenbidearen segurtasunaren auzia. Trenbide horrek 13 geltoki ditu Aiaraldean, eta horietako zortzitan trenbidearen gaineko pasabideetatik igaro behar dira bidaiariak nasa batetik bestera joateko: Bakiolako geltokian, Arrankudiagakoan, Arbidekoan, Aretakoan, Santa Krutzekoan, Luiaondokoan, Amurriokoan eta Inarratxukoan.

Hortaz gain, aipatzekoa da hiru direla baita langileak dituzten geltokiak: Laudiokoa, Amurriokoa eta Urduñakoa. Renfe eta Adif enpresen murrizketek eragina izan dute horretan. Aretako geltokia da horren adibide. Langile bat zegoen bertan lehen. Gaur egun, baina, automatizazioak langilea ordezkatu du geltoki askotan: pantaila batean azaltzen da noiz igaroko den hurrengo trena, eta ahots automatiko bat arduratzen da bidaiariak ohartarazteaz.

Arartekoaren txostena
Arartekoak ere azpimarratu izan du trenbidearen gaineko pasabideek dakarten arriskua. Hala dio C-3 lineari buruz duela ia sei urte eginiko txosten batean: “Lineako geltokien erdiak gainazaleko derrigorrezko pasagunea du nasen arteko joan-etorrirako; hau da, ez dute eraikuntza elementurik edota mekanismorik trenbideetatik ibili behar izatea saihesteko. Hori, bere horretan arrisku handia bada ere edozein erabiltzaileren segurtasunerako, are arazo larriagoa bihurtzen da mugikortasun urriko pertsonen kasuan”.

Txosten horretan aipatzen da ere zoladuraren egoerak eta trenbide-pasaguneen kokalekuak “modu adierazgarrian” areagotu egiten duela haien gainetik igarotzeko arriskua.

Ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako “laguntza-elementurik” ere ez dagoela gaineratzen du Arartekoak azterketa horretan, eta ondorio argia ateratzen du: “presazkoa” dela Adif-ek ”lehentasunezko esku-hartze plan bat” prestatzea.

Pasabide berriaren proiektua
Aretako istripua izan eta egun gutxira zuzendu zen Adif enpresa hedabideengana, adierazteko geltoki horretan pasabide egokiago bat jartzeko asmoa duela. Horretarako proiektu bat garatuko duela aurreratu du enpresak. Proiektu horretan zehaztuko litzateke zein pasabide alternatibo izango luketen bidaiariek. Eperik, baina, ez dute zehaztu. Arrankudiagako geltokian, bestalde, obretan ari dira pasabidea lur azpiko tunel batetik bideratzeko. Urte amaierarako lana bukatzea aurreikusi dute.

Bien bitartean, eskualdeko tren-geltoki gehienetan errailen gainetik igarotzen jarraitu beharko dute bidaiariek nasa batetik bestera joateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide