“Basozainak psikologoarena ere egin behar izaten du sarritan”

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2016ko urr. 13a, 22:59

MARU LEKUONA (Asparrena, 1968) eta BELEN AGRA (Gasteiz, 1970), biak ala biak lanean dabiltza eskualdean basozain, Aiara Herrian lehena eta Amurrion bigarrena. Euren lanaz eta Aiaraldeko basoen egoeraz hitz egin dute.

Arabako lautadatik, gure eskualdera lanean  etorri zarete biak.  Zer dela eta? Zenbat denbora daramazue gure artean?
ML/BA:  Hona etortzea suertatu zaigu Arabako  Foru Aldundiaren ardurapeko  behin-behineko basozain lanak egiteko eta bi urte eta urtebete daramagu, hurrenez hurren.

MARU LEKUONA (Asparrena, 1968) eta BELEN AGRA (Gasteiz, 1970), biak ala biak lanean dabiltza eskualdean  basozain, Aiara Herrian bata eta Amurrion bigarrena. Euren lanaz eta Aiaraldeko basoen egoeraz hitz egin dute.

Arabako lautadatik, gure eskualdera lanean  etorri zarete biak.  Zer dela eta? Zenbat denbora daramazue gure artean?
ML/BA:  Hona etortzea suertatu zaigu Arabako  Foru Aldundiaren ardurapeko  behin-behineko basozain lanak egiteko eta bi urte eta urtebete daramagu, hurrenez hurren.

Zertan datza zuen lana? Basoa benetan zaintzen duzue?
BA/ML: Hainbat ardura ditugu: bitartekari lanak egiten ditugu basoen jabeen eta administrazioaren artean, hainbat alorretan: baso landaketan,  jabe pribatuen baso ustiapenetarako baimenetan eta diru-laguntzen kudeaketan. Izurriteen aurkako kanpainetan ere parte hartzen dugu.

Erakundearen arabera, baso publikoen kudeaketarako tramiteetan ere parte hartzen dugu, bertoko teknikariekin batera. Gure lana ingurugiroaren eta  basoen gaineko foru arautegien  menpe  dago.



“Tramiteak burutu, arautegia gogorarazi eta bide batez zentzuzko gomendioak ematen ditugu”



Mendian dabiltzan azienden kontrola gure zereginen artean ere badago. Basoa zaintzen saiatzen gara, profesional moduan gure esku dagoen guztia egiten.

Zer egin behar da basozain izateko?
BA: Guk  Lanbide Heziketako basogintza ikasketak egin genituen eta ondoren, Arabako Foru aldundiko LEPa gainditu lanpostu bakanteetan lanean hasi ahal izateko.

Basozainak eta emakumeak, inguru  honetan ez da oso arrunta.
ML:

“Hasiera batean jendea mesfidati agertzen zitzaigun, ez dakit emakumea izategatik, lanpostuan berria  izategatik ala arrazoi biengatik. Baina denboraren poderioz, harremana normalizatu da eta  tratua naturala da”


BE: Hartu-eman gehienak gizonezkoekin izanagatik ere, ez dugu aparteko arazorik izan alde horretatik.

Aiaraldeko basoen zertxobait ezagutu duzue. Zein da  euren egoera? Zer espero zenuten eta zer topatu duzue?
ML: Lurraren jabegoa hein handi batean pribatua izanik,  baso artifiziala, baso ekoizlea da nagusi,  hazkunde azkarreko pinuz osatutako baso landaketak gehien bat. Jabego pribatuak etekin ekonomikoa besterik ez du bilatzen. Pena da apur bat  ematen du eskualdeko paisaia  ederra delako. Orain eukaliptoaren zabalpenarekin egoera okerrera doa.

BA: Lurra zinez aberatsa da. Pinudien babesean  sortzen den berezko azpiko basoa ikustea besterik ez dago: haritzak, gaztainondoak... indarrez hasten dira. Aspaldiko erroek utzitako ondarea da.

Fauna, basa-animalien zaintza zuen ardura da?
ML: Ez, guk horretan ez dugu eskumenik, hori ehiza eta arrantza sailari baitagokio. Baina esan beharra dago, eskualdeko ehiza eta arrantzako basozaina ere emakumezkoa dela.  Beraz, Aiaraldean hiru emakume gara Aldundiaren ardurapeko basozaintzan!

Eta suteak? Beste toki batzuetan arazo larria da suteena...
ML: Suteen zaintza bada gure lana, gure eskumena da, suhiltzaile eta suteen kontrako taldeekin batera. Egia esanda hemengo egoera oso ona da beste leku askorekin alderatuz (nahiz eta uda honetan sute txiki bat egon den Amurrion).



“Aspaldi ez da gertatu nahita eragindako suterik eta hori jendartearen sentsibilizazioren ondorio da , baina  baita ere baso praktika egokiak egiten direlako”



Araba da estatuan sute gutxien jasaten duen lurraldea.

Zer egin dezake basozain batek basoen egoera hobetzeko?
ML: Jendearekin hitz egitea funtsezkoa da, informazioa ematea, harremana sortzea, elkarrengan konfiantza edukitzea eta horren ondorioz batera lan egitea.
 
BA: Baso politikan ezer gutxi egin dezakegu, hori politikarien esku baitago. Baina argi dago, basoari errentagarritasun ikuspegi hutsa besterik ez badiogu ematen ,  diru-laguntza gehienak baso produktiboari begira  besterik ez baditugu bideratzen, akabo  baso autoktonoa!

Informazioa ematea funtsezkoa da sentsibilizazioa lortzeko. Hildako zuhaitzak  basoan bertan uzteko gomendioa da horren adibide.

Basozainak herritarrekin hartu-eman handiak izaten ditu. Nola hartu zaituztete Aiaraldean? Nola moldatu zarete?
ML: Aipatu hasierako mesfidantza horiek gaindituta,  oso ondo hartu gaituztela esan behar dugu. Orokorrean jende irekia da Aiaraldekoa. Guk  herritarren beharra dugu, hemengo lekuak, bideak... ezagutzeko.  

Harreman polita sortzen da. Aberasgarria da alde horretatik. Behin elkarren konfiantza lortuta, lana eraginkorrago eta hobeagoa da. Jendeak estimuan hartzen zaitu. Basozainak psikologoarena ere egin behar izaten du sarritan.

BA: Hasieran  beldurrez etorri nintzen,  baso publiko eta autoktonoa nagusi den Arabako Lautadaren egoeraren ondoan, hemengo baso kultura guztiz ezberdina delako. Aurreiritziak gaindituta, Aiaraldean oso gustura gaudela esan behar dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide