Gozamena eta talde-balioak kirol lehiakortasunaren gainetik

 

Kirola lehiaketa moduan ulertu izan da urte askotan zehar, baina pixkanaka badoaz gauzak aldatzen. Umeen heziketak geroz eta garrantzia gehiago dauka kirol taldeetan.

 

Kirola lehiaketa moduan ulertu izan da urte askotan zehar, baina pixkanaka badoaz gauzak aldatzen. Umeen heziketak geroz eta garrantzia gehiago dauka kirol taldeetan.

Aiaraldean gehien praktikatzen den kirola da futbola, eta eskualdeko hainbat taldek hezkuntzari geroz eta garrantzia gehiago ematen diete, lehiakortasuna bigarren maila batean utziaz.

Horren adibide dira hainbat klubek hartutako neurriak. Umeek futbolean jokatzen ikasteaz gain, hainbat balio ikasten dituzte, ingurukoekiko errespetuan oinarrituz. Horrela ulertzen du Amurrioko Kaskagorri taldeko koordinatzailea den Hassan Arakrakik: “Futbola talde-jokoa da eta kirolaren bitartez bizitzarako balio eta ohitura onak irakatsi nahi dizkiegu umeei”, azaldu du.

Zuzendaritza aldaketak filosofia aldaketa eragin zuen baita Arrankudiaga-Zolloko indarrakluban. “Herriko kluba da Indarra, auzolanean oinarritutakoa eta errespetuan oinarritutako balioak erakusten dizkiegu txikienei”. Hala azaldu dute taldeko zuzendariak diren Joseba eta Graciliano Martinek.

Laudio Klubak hitzarmena dauka Athletic futbol taldearekin eta entrenamenduak antolatzerako orduan laguntza jasotzen du talde bizkaitarretik. “Entrenamendutan futbolaren inguruko teknikak hobetzen laguntzen diegu umeei eta monitoreek balio garrantzitsuenak transmititzen dizkiete”, klubeko koordinatzailea den Aitor Gomezen esanetan.

Trebakuntzaren garrantzia

Entrenatzeaz gain, futbol partidak ere badira ikasteko une. Laudio Klubeko taldeetan ume guztiei ematen zaie jokatzeko aukera eta jokalari asko egonez gero, hainbat talde osatzen dituzte, haur guztiek jokatzeko aukera izan dezaten. Talde horiek teknika mailaren arabera antolatzen dituzte. Modu horretan, talde bakoitzak jaso behar dituen teknika hobekuntzak jasotzen ditu. Hala ere, arazoak izaten dira Arabako Foru Aldundiaren partetik, talde txikienei ez baitiete uzten partidarik jokatzen. “Ulertzekoa da lehiakortasuna sustatu nahi ez izatea, baina umeek partidak jokatu nahi dituzte, ondo pasatzen baitute, emaitzari kasu egin barik”, azaldu du Gomezek.

Indarra Kluba, talde txikia denez, 5 talde ditu soilik, eta horietako batek eskola moduan funtzionatzen du. “Entrenamendutan ondo pasatzea da helburua”, ziurtatu dute taldeko zuzendariek, “hilean behin, ondoko herrietako taldeen aurka partidaren bat jokatzen dugu, emaitzari kasu egin gabe betiere”

Amurrioko Kaskagorri eta Etorkizuna taldeetan “fair play” (bidezko jokoa) arau batzuk ezarri dituzte kategoria bakoitzean. Horren bitartez futbol partidetarako baloreak erakutsi nahi dizkiete haurrei. Garrantzitsuena ez baita irabazi edo galtzea, futbolaz gozatzea baizik.

Gurasoak, arazo eta soluzio

Gurasoen eginkizuna ere garrantzitsua da futbol taldeetan. Askotan arazo izaten dira, lehiakortasuna muturreraino eramaten baitute, haren seme edota alabaren zaindari papera betez. Horren aurrean, arazo asko izan ditu Laudio Klubak. Eztabaidak izaten dituzte kategoria bereko taldeak sortzean. “Gurasoek umeen kalitatearen araberako taldeak sortzen ditugula uste dute”, azaldu du Gomezek, “baina haien gabezien arabera sortzen ditugu taldeak, gabezia horiei aurre egiteko”.

Amurrion araudi bat sortu dute bai jokalari, bai guraso eta familia kideentzat, umeen eredu izan daitezen. Arau horiek bete ezean, klubak neurriak hartuko lituzke, beharrezkoa den zigorra ezarriz. Gainera gurasoek erabat debekatuta daukate entrenamenduetan kirol esparruetan egotea, honela entrenatzaileen lana erraztuz.

Hala ere, beste batzuetan, laguntzaile gisa aritzen dira, taldearentzat hainbat ariketa eginez

Indarra futbol taldean ez da arazorik izaten gurasoekin. Are gehiago, gurasoek taldea aurrera ateratzen laguntzen dute, partidetan jatekoa eta edatekoa salduz edota zozketak eginez. “Diru hori taldearen gastuei aurre egiteko erabiltzen da eta denon laguntzari esker, herriko taldeak gastuei errazago egin ahal die aurre”

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide