Urriaren 13an, 14an, 15ean eta 16an Artziniegako Artumiana, Berrones eta Soxoguti auzoko eta Aiarako Soxo herriko errepidea moztuko dute, ikastetxeko zubian espaloiak egiteari ekingo baitiote.
Hori dela eta, atzo bilera egin zuten Arabako Foru Aldundiko ordezkariek, suhiltzaileek, obra zuzendariak eta Aiarako zein Artziniegako alkateek, aintzat hartzeko herritarren beharrak.
Taxi zerbitzua
Aipatu herriko eta auzoko biztanleek zubiaren beste aldean utziko beharko dituzte ibilgailuak, oinez zeharkatu eta etxera joateko taxi zerbitzua izango dute.
Momentuz ez dute zehaztu zenbat taxik osatuko duten eskaintza, eta Artziniegako udala beharren araberakoa prestatuko du.
Horretarako, hau da, beharrak jakinarazteko udalari, bi aukera egongo da, edo alkatetza@artziniegakoudala.eus posta elektronikora idatzi edo 600761107 telefono zenbakia baliatu (deitu behar da edo whatsapp mezua idatzi).
Larrialdiak: suhiltzaileak eta anbulantzia
Larrialdiren bat gertatuz gero (osasun arazoa edo sutea, esaterako), anbulantzia eta suhiltzaileen kamioia ingurutan egongo dira.
Anbulantziaren kokapena ez zuten guztiz zehaztu atzo, baina suhiltzaileek Opellorako mendi-bidea erabili dezaten konponketak egingo dituzte.
Ikastetxea eta kiroldegia
Ikastetxe alboan gauzatuko direnez lanak, beharginek etengo dituzte betebeharrak umeak zentroan sartzen diren bitartean.
Bestalde, kiroldegiko bazkideek autoa zubiaren bestaldean laga beharko dute eta oinez bertaratu.
Herritarren eskaerak eta esnea
Bukatzeko, Artumiana, Berrones, Soxoguti eta Soxoko auzokideek eskatu zuten aparkalekuren bat prestatzea lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak zubi inguruan pilatuko baitira.
Bestalde, esne ekoizpena ez oztopatzeko, hodi luze batek zeharkatuko du zubia kamioiak esnea jaso dezan.