3.000 sinaduratik gora jaso dituzte farmazia zerbitzu iraunkorra eskatzeko eskualdean

Txabi Alvarado Bañares 2016ko urr. 5a, 09:20

Amurrioko herritar batek sinadura bilketa abiatu du herrian egunero guardiako farmazia bat egotea eskatzeko. Arrakasta izan du ekimenak: hiru aste baino gutxiago behar izan ditu 3.000 sinadura biltzeko. Urduñara ere zabaldu da aldarrikapena.

Artzain Egunean ekin zion sinadurak biltzeari Jose Trujillano Gonzalez amurrioarrak, bere herrian guardiako farmazia iraunkor bat egotea eskatzeko. Zerk motibatu zuen sinadura bilketa hori egitera?

Amurrioko herritar batek sinadura bilketa abiatu du herrian egunero guardiako farmazia bat egotea eskatzeko. Arrakasta izan du ekimenak: hiru aste baino gutxiago behar izan ditu 3.000 sinadura biltzeko. Urduñara ere zabaldu da aldarrikapena.

Artzain Egunean ekin zion sinadurak biltzeari Jose Trujillano Gonzalez amurrioarrak, bere herrian guardiako farmazia iraunkor bat egotea eskatzeko. Zerk motibatu zuen sinadura bilketa hori egitera?

Galdera horri beste galdera batekin erantzuten dio berak: “Goizeko hiruretan larrialdi bat baldin badaukat eta botika bat behar baldin badut, nora joan naiteke?”. Amurrion lau farmazia daude, baina gaueko guardia txandak Urduña, Arespalditza eta Artziniegako farmaziekin txandakatzen dituzte. Hau da, astean lau egunez dago Amurrion farmazia bat gauez irekita. Gainontzeko hiru egunetan, aldiz, autoa edo garraio publikoa hartu beharra dago goizeko ordu txikitan botika bat lortu ahal izateko.

Trujillanoren emazteak iktus bat izan zuen duela bederatzi urte, eta orduz geroztik zaintza lan askoren beharra dauka. “Amurrio bezalako 10.000 biztanleko herri batean nik uste dut beharrezkoa litzatekeela gauero farmazia bat zabalik egotea”, aldarrikatu du senarrak.

Aiara
Zazpi farmazia dira guztira: Amurrioko laurak eta Arespalditza, Artziniega eta Urduñakoak. Txandaka egiten dute 24 orduko guardia (asteko egun bakoitzean farmazia bati dagokio)

Zerbitzua, “bermatuta”

Aiaraldea Egunkaria Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialarekin jarri da harremanetan. Bertatik adierazi dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila dela farmazien funtzionamendu sistema eta ordutegiak zehazten dituena. Azaldu dute baita farmazia batek “errefortzuzko ordutegia” izaten duela Amurrion, herrian guardiako farmaziarik ez dagoen egunetan: gaueko bederatzietara arte geratzen da zabalik laneguna bada, eta hamaiketatik ordu batetara jaieguna bada.

Modu horretan, Amurrion “urteko egun guztietan” farmazia bat zabalik egotea lortzen da, sendagileen elkargotik adierazi dutenez. “Sistema honen bidez osasun-estaldura bermatu egiten dela uste dugu”, adierazi dute.

Hortaz gain, gaineratu dute gaur egun indarrean dagoen guardien errotazio sistema dela  farmazia zerbitzua bermatzeko modua “Arespalditza, Urduña edo Artziniega bezalako herri txikietan”.

3.000 sinadura baino gehiago

Hala ere, herritarren artean arrakasta izan du sinadura bilketak. Hiru aste baino gutxiago igaro dira, eta 3.100 sinadura baino gehiago bildu ditu Trujillanok, aldarrikapenarekin bat egin duten zenbait herritar eta saltokiren laguntzarekin.

Eskualdeko beste txoko batzuetara ere egin du salto ekimenak. Urduñan 1.000 sinadura bildu dituzte dagoeneko, aldarrikapen berdinarekin. Trujillanok aitortu du ez zuela espero ekimenak “horrenbesteko oihartzuna” izango zuenik, eta aurreratu du sinadurak Amurrioko Udalean aurkeztea dela bere asmoa, “udala delako amurrioar guztien ordezkaria”.

Ekimena hilaren 20ra arte luzatzea aurreikusi du Trujillanok, baina adierazi du datozen egunetan jasotzen duen erantzunaren arabera erabakiko duela noiz bukatu egitasmoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide