EAJk nagusitasunari eutsi dio Aiaraldean; EH Bildu bigarren izan da eta Elkarrekin Ahal Dugu hirugarren

Erredakzioa 2016ko ira. 25a, 16:03

Alderdi jeltzaleak bere nagusitasuna mantendu du eskualdean 9.167 botorekin.

Hauteskundeen jarraipen berezia egiten ari da Aiaraldea Komunikazio Leihoa. Albiste hau eguneratzen joango gara eskualdeko emaitza eta datu berriak jaso ahala.

33.847 aiaraldear daude deituak gaur egiten ari diren Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte hartzera. Ordu honetarako ugariak dira jada euren botoa eman duten herritarrak, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu ditu jada lehen parte hartze datuak.

Datu horien arabera, Araban erroldaren % 13,92ak eman du botoa 14:00etarako. Jaitsiera bat suposatzen du horrek 2012ko hauteskundeekiko, urte hartan ordu bererako % 14,24ak emana baitzuen boza. Eusko Autonomi Erkidegoa bere osotasunean hartuaz gero, baina, igoera eman da: 2012an % 14,77koa zen parte hartzea 12:00etarako eta % 15,4ra igo da gaurkoan.

Eskualdetik 20 lagun aurkeztu dira hauteskundeetara

Eskualdeko lagun ugari hautatu dituzte alderdiek gaurko hauteskundetan parte hartzeko.

Adibidez, EAJko Arabako zerrendan daude Almudena Otaola okondoarra (8.postua), Estibaliz Larrauri amurrioarra (9. postua), Aroa Cerrada laudioarra eta zinegotzi ohia (19. postua), Iker Ibarrondo EGIko kidea (20. postua), Agurtzane Llano Artziniegako alkate ohia (21. postua)eta Josune Irabien Amurrioko alkatea (23. postua).

EH Bilduk ere hainbat aiaraldearrez ere osatu du Arabako hautagaitza. Eva Blanco zinegotzia eta legebiltzarkidea 5. kokatu du, Irati Mendiguren laudioarra zazpigarren, Natxo Urkixo Laudioko alkatea hamabigarren, eta Maddi Isasi aiararra hogei eta hirugarren. Bizkaiko zerrendan, aldiz, Julen Arzuaga legebiltzarkidea izango da laugarren, eta Elena Beloki aretarra Gipuzkoako zerrendako azkena.

Elkarrekin Ahal Dugun Angel Jimenez Amurrioko zinegotzia eta herriko zirkuluaren idazkaria 9. ordezkaria izango da. Bestalde, Maria Jose Garcia Castro eta Josep Moya 20 eta 21.postuan aurkeztu dituzte; eta Josu Alonso hogei eta bosgarren. Jose Ramon Becerra ere, 3. hautagaia, jatorriz Urduñakoa da, Gasteizen bizi arren.

Vox alderdiak ere aiaraldearrak izango ditu buru: zerrendaburua Santiago Abascal Escuza da eta bigarrena Esaú Martín. Luis Miguel Urrechu ere dago, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide