Bihar (irailak 22) argitaratuko da Aiaraldea Egunkariaren 55. zenbakia, ikasturte honetako lehena.
Bi protagonista nagusi izango ditu hamabostekariak: Eli Pinedo eskubaloi jokalari ohia eta Olga Artiñano sokatira jokalaria. Bere erretiroaren nondik norakoak izango ditu hizpide Pinedok, eta Munduko Sokatira Txapelketan egindako lorpenak, berriz, Artiñanok.
Bestelako gai batzuk ere jorratuko ditu egunkariak. Eskualdeko trenbidearen segurtasun eta irisgarritasuna izango du baita hizpide, gai horri eskainitako bi orriko erreportajean.
Ez da faltako ezta azken egunetako albisteen bilduma. Kontrazalean, aldiz, Elixabete Herrera Magrach marinel laudioarrari eginiko elkarrizketa topatu ahal izango du irakurleak.
Txema Urkijo eta Ainhoa Comas arduratu dira ale honetarako iritzi-zutabeak idazteaz. Komikia Gorka Belaskok egin du. Lander Arteagak, bere aldetik, Artziniegan grabatutako “Gernika” filmaren inguruan mintzatu da bere zinema-zutabean.