Ohiturari jarraiki, Salmantonen Santa Marina jaiak ospatuko dituzte, uztailaren 17 eta 18an. Igande goizetik hasita – txupinazoa 9:00etan jaurtiko dute – jai egitarau luzeaz gozatzeko aukera egongo da.
Hilaren 17an mendi martxari ekingo diote 9:30etan. Aurten da martxa hori antolatuko duten lehenbiziko aldia. Salmanton inguruko mendietatik 9 kilometroko ibilbidea osatuko dute familian. Arratsaldean XIV. Mus Txapelketa egingo dute, sari potoloekin. Odoloste eta txorizo parrillada handia egongo da gero.
Astelehenean ere
Hurrengo egunean, uztailaren 18an (astelehena), meza nagusiarekin ekingo diote jai egunari. Ondoren herri txikiteoa egingo dute. Arratsaldean, berriz, ohiko kalejira eta haurrentzako jolasak egongo dira. 2016ko jaiei amaiera emateko, Sukar taldeak berbena eskainiko du. Goizaldeko 3:00etan txokolate eta bizkotxo jana egin eta jaien amaierako traka jaurtiko dute.