Gerra Zibilaren bidean barrena

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko uzt. 10a, 12:56

Gerra Zibila hasi zenetik 80 urte betetzen dira aurtengo udan. Denbora igaro den arren, Aiaraldean badira oraindik ere borroka horrek utzitako arrastoak, eta ez dira gutxi. Gerraren izugarrikeriak uste baino gertuago daude eta, isilik daudela dirudien arren, asko dute kontatzeko.

Gerra Zibila hasi zenetik 80 urte betetzen dira aurtengo udan. Denbora igaro den arren, Aiaraldean badira oraindik ere borroka horrek utzitako arrastoak, eta ez dira gutxi. Gerraren izugarrikeriak uste baino gertuago daude eta, isilik daudela dirudien arren, asko dute kontatzeko.

1936ko uztailaren 18an hasi zen Errepublikaren kontrako altxamendua. Borrokaldiak hiru urte luze iraun zuen. Egun, 80 urte pasatu diren arren, Aiaraldean ere bada oraindik Gerra Zibilak utzitako arrastorik. Azken urte hauetan, gainera, hainbat elkarte lanean ari dira horiek berreskuratu eta lan pedagogikoa egiteko, gertatutakoa inoiz ahaztu ez dadin.

Gure eskualdeko borrokarik bortitzenak 1936ko abenduaren 6an, 7an eta 8an eta 1937ko maiatzaren 26an eta 27an izan ziren, Amurrio eta Urduña artean dagoen Berazako San Pedro gerra-tokian. Han 300 hildako egon zirela kalkulatzen dute Aztarna elkarteko kideek, eta gaur egun ere egun latz horien arrastoak ikus daitezke.

Elkarteko lehendakaria den Ramon Zurimendik azaldu duenez, “Udazkenean indusketak egin nahi ditugu San Pedron, izan ere, Gerra Zibileko gune garrantzitsuenetariko bat da hori Aiaraldean”. Eusko Jaurlaritzari eta Amurrio zein Urduñako udalei diru-laguntzak eskatu dizkiete, eta ekainaren amaieran jakingo dute proiektua gauzatzeko baimena eta baliabide nahikoak dituzten ala ez.  

Balioan jartzeko lanak
Proiektu horretan EHUko hainbat zientzialari taldeen laguntza izango dute, Sergio Escribano arkeologoarena barne. “Gure asmoa da gune hori turismo zein hezkuntza aldetik lantzea, balio historikoaz gain paisaia-multzoa ere oso balio handikoa delako” azaldu du Zurimendik.
Sancho de Beurko elkarteak, Laudioko Udalarekin elkarlanean, Kamaraka mendi inguruan dauden Burdin Hesiaren aztarnak modu horretan ere landu zituen 2011. urtean, eta, gaur egun,  birgarituta dauden lubaki eta metrailadore habiak ikusi daitezke, informazio panelez lagunduta.
Eremu horretan borrokarik egon ez bazen ere, eraikuntzak ezagutzeko bi ibilbide markatu zituzten. Laudion dauden bestelako aztarna batzuk Laudio Memoria elkarteak landu izan ditu azken urte hauetan. Burdin Hesiaz gain, Laudion aerodromoa egon zen, eta Lamuza parkean eraiki zituzten babestokiak oraindik ere ikusgai dira.

“Laudioar askorentzat hori ezezaguna den zerbait da eta guk uste dugu horri buruzko azalpenen bat idatziz jasota egon beharko litzatekeela nonbaiten” aldarrikatzen du Jon Muñozek, Laudio Memoriako kideak.

Hildakoak gogoan
Joseba Egiguren kazetari urduñarrak ere urte luzez ikertu du, hirian. Bere hitzetan, Gerra Zibilaren garaian hirian kontzentrazio-esparrua eta Presondegi Nagusia egon ziren.

Aranzadi Elkartearekin bat, 2014an indusketak egin zituzten  hilerrian, eta esparru horretan  hil ziren 14 presoen gorpuak aurkitu zituzten. Horien omenez plaka bat jarri zuen udalak urte horretan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide