Errefuxiatuentzako aterpe izatetik urrun dago Aiaraldea

Txabi Alvarado Bañares 2016ko uzt. 9a, 16:05

Ikasturte osoan zehar presente egon den gaia izan da errefuxiatuena. Irailean bertan hainbat ekimen egin ziren eskualdean horri begira: Amurrio eta Urduñako Udalek adierazpen instituzionalak onartu zituzten. Berdina egin zuen Laudioko Udalak, eta bi pisu sozial prestatu zituen errefuxiatuei harrera egiteko, “7-8 inguru” bertaratzea aurreikusi baitzuten.

Ikasturte osoan zehar presente egon den gaia izan da errefuxiatuena. Irailean bertan hainbat ekimen egin ziren eskualdean horri begira: Amurrio eta Urduñako Udalek adierazpen instituzionalak onartu zituzten. Berdina egin zuen Laudioko Udalak, eta bi pisu sozial prestatu zituen errefuxiatuei harrera egiteko, “7-8 inguru” bertaratzea aurreikusi baitzuten.

Ia urtebete beranduago, baina, egoera blokeatua dago. Laudiora joatekoak ziren errefuxiatuak ez dira iritsi, eta aipatutako bi etxebizitzek hutsik jarraitzen dute. Gainontzeko herrietan ere antzekoa da egoera: mozio, mobilizazio edota hitzaldi puntual batzuk kenduta, ez da garapenik jazo.
Egoera ez da oso ezberdina Euskal Herriko, Estatu Espainiarreko edota Europako beste hainbat txokotan ere. “Europak urteak daramatza gaztelu blindatu bat izaten”, adierazi du Rosabel Argote Veak. Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Komisioko (CEAR gazteleraz) Gasteizko bulegoko arduraduna da Argote, eta urteak daramatza errefuxiatuen problematika lantzen. Izan ere, ez da atzo sortutako arazoa. “Egia da azken krisi honek ikusgarritasuna eman diola gaiari, baina ulertu egin behar dugu jatorri askotako errefuxiatuak daudela eta hamarkada askotan zehar mantendu den arazo baten aurrean gaudela”, azaldu du.

Ofizialki errefuxiatua izatea lortzen duen jende kopurua “oso txikia” dela adierazi du CEAR-eko kideak, asiloa eskatzea “odisea bat” delako, besteak beste. “Estatu Espainiarrean kontraesan bat ematen da, asiloa herrialde barruan egonda soilik eskatu dezakezulako. Behin eskatuta, gainera, tramitera onartu egin behar dute, eta zure jatorrizko herrialdean jazarria izaten ari zarela frogatu behar duzu”. Asiloa ukatzen zaien pertsonak egoera irregularrean dauden etorkin bilakatzen dira, baina Argotek azpimarratu du gehienetan ez direla euren herrialdeetara itzultzen. “Egon badaude, beraz. Gasteizen lau pisu ditugu errefuxiatuei aterpea emateko, eta laurak daude beteta”.

Bi lan-lerro
Laudioko Udalarekin bildu ostean erantzun ditu Argotek erreportaje honetarako galderak. “Guk bi ildo lantzen ditugu udalekin”, adierazi du. Alde batetik, errefuxiatuentzako pisuak lortzea dago. Udalek euren eskutan dituzten zenbait etxebizitza CEARri eskaintzen dizkiete horretarako, honek kudea ditzan. Komisiotik udalei eskatzen dieten beste gauza zera da: kultur arteko elkarbizitzarako programekin konpromisoak hartzea. “Jendartean badago errefuxiatuekiko kontzientzia bat garatua, baina gero elkarbizitza kulturala ondo kudeatu behar da”. Alor horretan garrantzi berezia dute “zurrumurruen aurkako programek”, errefuxiatu zein etorkinen inguruan esaten diren zenbait kontu faltsu neutralizatzeko balio dutenak.

Lekuko zuzenak
Alor instituzionalean gauza gutxi egin diren arren, egon dira euren kabuz pausoak eman dituzten norbanakoak. Hori da Alberto Gracia Celaya mediku amurrioarraren kasua. Telebistan Idomeiniko (Grezia eta Mazedonia arteko mugan dagoen gunea) kanpalekuetako irudiak ikusita, motxila prestatu eta bertara joatea erabaki zuen. ”Nire ospitale berean lan egiten duen neska batekin hitz egin nuen eta biok hartu genuen hegazkina, oraindik guztiz argi izan gabe nola lagun genezakeen bertan”. Lesboseko irletara joatea zen euren lehenbiziko asmoa. “Baina justu aste horretan Europa eta Turkiaren arteko ‘lotsaren akordioa’ sinatu zuten”, erantsi du amurrioarrak, “eta ondorioz ez zen errefuxiatu gehiago iritsi, eta jada bertan zeudenak Indomeinin pilatzen hasi ziren”.

Graciak argi dauka zer den bertara iristean gehien eragin ziona: dena umez beteta zegoela. “Lokatzean jolasten ari ziren, alai”. Mediku kontsulta bat jarri zuten akanpalekuen erdian. Botikak eta itzultzaileak lortzea izan zen lehen erronka, baina laster bete zituzten bi helburuak. Lanean jarri ziren orduan, errefuxiatuei osasun zerbitzua eskaintzen.

 

Laudio, Amurrio eta Urduñako Udalak errefuxiatuak hartzeko prest azaldu ziren irailean. Alabaina, ez da pauso gehiagorik eman

 

“Europara iristeko pasabide bat zen lehen Indomeini, harik eta hesi metaliko ikaragarri bat jarri zuten arte”, aitortu du Graciak, eta nabarmendu du astero zabaltzen zirela mugak irekiko zirenaren zurrumurruak. “Jende olatu handi bat mugara gerturatzea zekarren horrek. Testuinguru horretan poliziak behin baino gehiagotan baliatu izan zituen gas negar-eragileak. “Tentsio handiko momentuak bizi izan genituen gure erizaintza postuan, ez genekielako nola tratatu behar genuen gas horrekin kontaktuan egoteagatik zetorkigun jendea. Interneten azkar begiratuta moldatu behar izan ginen”.

Aitor Bikandi laudiorrak ere gertutik ezagutu du errefuxiatuen problematika. Libanon bizi da bera. Herrialde horretan bost milioi pertsona inguru daude, eta milioi bat inguru dira errefuxiatuak; “siriarrak, kurduak eta irakiarrak batez ere”.

Bikandiren iritziz, ezin daiteke errefuxiatuen krisi batez hitz egin; “askoz zentzu handiagoa dauka sistemaren, ingurumenaren, gerrateen... krisiaz hitz egiteak. Horiek baitira arazoaren erroa osatzen dutenak”.

“Ulertu egin behar dugu hau arazo politiko bat dela”, adierazi du Alberto Graciak, “Euskadik ez du ezer egin Espainiak ere ezer egin ez duelako. Guztiak daude Europak erabaki bat hartzearen zain. Baina badaude baita euren kabuz errefuxiatuak hartu dituzten herrialdeak ere. Kanadak, adibidez, egin du”.

Gauzak hala, hurrengo kurtsorako geratuko den ikasgaia da errefuxiatuena, gainditzeke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide