EH Bilduk salatu du EAJk eta PSE-EEk ez dutela onartu hainbat udalek egindako eskaera Bilbo eta Urduña arteko bidegorria egin dezaten.
Atzo, koalizioak testua aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako ekonomiaren eta lurraldearen garapenerako batzordean; Urduña eta Bilbo arteko bidegorriaren proiektuak guztiz amaitzeko koordinatu daitezen eskatu zien Bizkaiko Foru Aldundiari, Arabakoari eta Eusko Jaurlaritzari.
EAJk eta PSE-EEk proposamen horren kontrako botoa eman zuten; bi alderdiek adierazi zuten lurraldeen arteko bide berriak aurkeztuko dituztela.
EH Bilduk uste du erantzun hori aitzakia dela lanak atzeratzeko. Izan ere, koalizioak erantsi du 10 urte baino gehiago igaro direla Lurralde Plangintza Partzialetan bidegorri horiek aurreikusi zirenetik, eta oraindik amaitu gabe daudela.