Takomano Espeleologia Taldeak jotake jarraitzen du Rebollar II leizeko esplorazioetan. Lan horri esker, Ponata Pagadiko leize sareak 70 kilometroko langa pasa duela berretsi berri du.
Izan ere, iazko azarotik, lanekin hasi eta lotura egin zenetik, 8 kilometro baino gehiagoko hodi berriak esploratu dituzte Takomanoko kideek.
Zeregin horretan hainbat euskal talderen laguntza jaso dutela argitara eman nahi izan dute eta bide batez, esker ona agertu. Nafarroako Satorrak-ko kideak Gorobeleraino bertaratu dira baita Bizkaiko BURNIA, GEMA, ADES eta GAESeko espeleologoak ere.
Horretaz gain lurpeko argazkigintzan hainbat aditu taldearekin elkarlanean aritu dira, galeria berrien irudi ikusgarriak lortzen, berri hau laguntzen duten argazkiak horren erakusle.
Takomanok bere blogean agertu bezala, lotura egin eta gero, ardatz nagusian zeharreko esplorazioa aise joan zen oztopo nabarmenik gabeko hodi handiak topatu zituztelako. Baina behin ardatza utzita eta adarretan sartuta, meandro oso estuak eta tximinia ikaragarriak besterik ez dute topatu, lana oso nekeza bihurtu eta esplorazio erritmoa moteldu duena.
Hala ere, itxaropenari eusten diote eta Rebollarek oraindik orain sekretu handiak gordetzen dituelakoan daude Takomanoko espeleologo tematiak.