Selektibitatea, Aiaraldeko zenbait ikasleren ikuspuntutik

Erredakzioa 2016ko eka. 9a, 16:11

Atzo heldu zioten Aiaraldeko ehunka ikaslek aurten izango duten erronka handienari (ikasketen aldetik, behintzat): selektibitateari, hain zuzen. Gaur eta bihar ere hainbat azterketa egin beharko dituzte, eta bataz beste 4 puntuko nota lortu beharko dute Unibertsitatera sartzea ahalbidetuko dien proba hori gainditzeko.

Atzo heldu zioten Aiaraldeko ehunka ikaslek aurten izango duten erronka handienari (ikasketen aldetik, behintzat): selektibitateari, hain zuzen. Gaur eta bihar ere hainbat azterketa egin beharko dituzte, eta bataz beste 4 puntuko nota lortu beharko dute Unibertsitatera sartzea ahalbidetuko dien proba hori gainditzeko.

Nota horrekin, baina, ezingo dute unibertsitate publikoko gradu guztietara jo, dagoen eskariaren arabera igo egiten baita graduetan sartzeko eskatzen den nota. Gauzak hala, ezberdinak dira ikasle bakoitzak azterketa horri begira dituen asmo eta esperantzak.

Laudioko Ikastolan ikasten duen Iratik, adibidez, ez du nota alturik behar. Deustuko Unibertsitatera joango da eta ondorioz hiru ikasgai baino ez ditu egingo Selektibitatean. Hala ere, adierazi du ezinezkoa dela ikasle batek bere jakituria guztia azterketa gutxi batzuetan islatzea. “Gainera, oso mugatua da azterketak egiteko dagoen denbora eta ikasleen etorkizuna erabat baldintzatzen du horrek”.

Ikastolan ere ikasten duen Mikel, ordea, nota altua lortu nahian dabil, medikuntza ikasi nahi baitu. Selektibitatea “gaizki planteatua” dagoela uste du berak. “Bi astetan ikasi behar dugu bederatzi hilabeteetan ikasitako guztia eta materia asko da”. Antzeko egoera bizi du du Batxilergoa Laudio Institutuan egin duen Ainhoak: “Duela gutxira arte ez nekien zer ikasi eta orain erizaintza ikasteko eskatzen didaten nota arazo bat da niretzat”.

Leku berean ikasten duen Izaskunek, bere aldetik, adierazi du “nabaria” izan dela ikasleen artean dagoen urduritasuna, azterketen datak iritsi ahala. Hortaz gain, azpimarratu du “kanpo faktoreen eraginez” azterketak gaizki atera daitezkeela; “Batxilergo osoan zehar eginiko lana azterketa bakar batek baldintzatzen du, eta asko dago jokoan”.

Nereak, bere aldetik, bere kasua jarri du adibide moduan: “Nota altua behar dut Lehen Hezkuntzako ikasketak egiteko EHUn, eta nota nahikoa lortuko ez banu unibertsitate pribatura jo beharko nuke benetan nahi dudana ikasteko”.

Antzeko egoera bizi du Amurrioko Zaraobe Institutuko ikaslea den Anderrek: “Ingeniaritza industriala egin nahi dut. Baina aterako dudan notak erabat baldintzatuko du nire etorkizuna eta hori ez da bidezkoa”.

Iritzi berekoa da medikuntza ikasteko asmoa duen Paule: “Nota oso altua behar dut eta kurtso osoan lan eta ahalegin handia egin badut ere hiru egun txar baditut guztia bukatu daiteke”.

Amurrioko Zaraobe Institutuan ikasten duen Ainhoak, berriz, haur-hezkuntza egin nahi du, eta ez du nota altua behar horretarako. Baina azpimarratu du ez dagoela ados nota batek ikasleak zer ikasi dezakeen eta zer ez ebaztearekin. “Nota baxuagoa eskuratzeak gustuko ez duzun hori ikastera eramaten zaitu, eta hori kaltegarria dela uste dut”.

Badaude baita selektibitatea egiten ari ez diren Batxilergoko ikasleak ere. Hori da Zaraobe Institutuko Unairen kasua, goi mailako gradu bat egingo baitu. Hala ere, Selektibitatea ez ezik, Batxilergoko ebaluazio metodologia ere okerra dela uste du berak. “Esklusiboa” dela salatu du: “Azterketa eta notaren arabera neurtzen dute ikasle ororen gaitasuna, benetako ahalmen osoa kontuan hartu gabe”.

Informazio gehiago:

*Selektibitateari buruzko erreportajea, Aiaraldeko hainbat datu eta grafikorekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide