Ikasturtearekin batera, apurka-apurka amaitzen ari dira baita eskualdeko kirol taldeen denboraldiak. Denetariko emaitzak lortu dituzte, eta asko hurrengo denboraldiari begira lanean jarri dira jada.
Nahiz eta kirol guztietan denboraldia ez amaitu, kirolari askok oporrak hartzen dituzte udan. Eskoletako jai egunak ere aprobetxatu egiten dituzte, indarrak hartu eta ondoren irailean berriro denboraldiari hasiera ematen diote, oporretatik indarberrituta itzuliz.
Futbola eta areto futbola
Urte gazi-gozoa izan da aurtengo denboraldia eskualdeko futbol taldeentzat. Hala ere, oro har, emaitza onak lortu dituzte futbol eta areto futbol taldeek eta jokalari gehienak oso gustura daude egindako denboraldiarekin. Areto futbolean, hurrengo urtean, hiru taldek jokatuko dute Arabako Lehentasunezko mailan. Izarobek eta Bagituxak zuzeneko igoera lortu dute, Amurrioko tadeak txapelketa irabaziz. Eraso Aiarak Euskal mailan ezin izan du jaitsiera ekidin, urte zail bat izan ostean.
Aiaraldeko beste taldeak ondo ibili dira, bai Laudioko Harrobia, “Arkada en la grada” eta Uxoa afizionatuen lehenengo mailan; eta baita bigarren erregional mailan ari den Luxaondo taldea ere, lehen fasean 3. postua lortu ondoren, igoera fasea jokatuko baitu hurrengo asteetan zehar.
Futbolari dagokionez, denetarik izan dute aiaraldeko taldeek. Nabarmentzekoak dira Amurrioko lehen taldearen igoera edota Urduñako nesken Kopa txapelketako garaipenak. Laudioko kadeteek ere igoera lortu dute aurtengo denboraldian, haien kategoriako lehen mailara igoz. Laudioko gazte eta Amurrioko erregional mailako taldeak, berriz, maila bat gorago kokatzeko borrokan aritu dira azken unerarte.
Eskolartekoan aipatzekoa da Amurrioko futbol eskolak egindako lana, Kaskagorri taldeak kiroltasunaren saria lortu baitzuen Gernikan egindako nazioarteko Danone Nations-Cup txapelketan. Etorkizuna taldeak, aldiz, lehiatu beharrean, igandetan ondo pasatzeko jolas hezitzaileak egin ditu.
Saskibaloia
Saskibaloi denboraldia paregabea izan da Aiaraldeko taldeentzat. Geroz eta gehiago egiten den kirola da saskibaloia, horren adibide nagusiena da Sugarrak taldeak izango dituen 11 talde eta eskola.
Gainera emaitza bikainak lortu dituzte taldeek. Elkarte guztiek ligaren bat irabazteaz gain, liga igoera eskuratu baitute.
Horren adierazle dira Sugarraken erregional nagusien 2. mailarako txartela, eta Zaraobeko emakumezko nagusien 1. mailarako igoera.
Arte martzialak
Oraindik ekintza ugari falta diren arren, Amurrioko Judo taldeak oso positibotzat jo du aurtengo denboraldia. Eneko Udaeta izan zuten Espainiako txapelketan ordezkari gisa, nahiz eta ez zen oso ondo moldatu. Aurten, nabarmentzekoa da Amurrion izango den Espainiako Super Kopa txapelketa, estatukoen artean hiru garrantzitsuenetako bat delarik.
Taekwondoan ere txapelketa asko dira jokatzeke oraindik baina Laudioko Taekwondo taldeko txikienek emaitza bikainak lortu dituzte teknikako Euskadiko txapelketan. Hurrengo ekainaren 11n Espainiako txapelketa izango dute Marina D’orren.
Igeriketa
Bestalde, igeriketa denboraldia ezin hobea egiten ari dira Igeriketa Laudioko kirolariak. Abiadurako Arabako txapelketan, federatuek postu onak lortu dituzte, nahiz eta nekeak emaitza hobeak lortzea galarazi.
Euskadiko Eskolarteko txapelketan, ordea, laudioarrek haien markak hobetu zituzten Artxandan eta guztira 12 domina etxeratuz: 6 urrezko, 5 zilarrezko eta brontzezko bat.
Gimnasia erritmikoa
Gimnasia erritmikoan Aresketa Gimnasia taldeak urte oparoa izan du. Aipamen berezia merezi du Nerea Monsateriok, 2. postuan bukatu baitu Espainiako txapelketa oinarrizko gazteen mailan. Hala ere Arabako eskolartekoan ere emaitza onak bildu zituzten taldeko txiki eta nagusienek.
Txirrindularitza
Nahiz eta denboraldia ez amaitu, emaitza ezberdinak lortu dituzte Aiaraldeko txirrindulariek. Uxue Albizuak ginkanako Euskadiko txapelketa irabazi zuen eta Asier Castilla bigarren izan zen linea mailako lasterketan. Kadete eta gazte mailako taldeak ere denboraldi ona ari dira egiten eta hurrengo asteetan izango dute Euskadiko txapelketa.
Errugbia eta hockeya
Aurten jaiotako nagusien kategoriako Nerbioi Errugbi taldeak amaiera bikaina izan du azken hiru partidak irabazita. Garaipen horiei esker multzoko lehen postua lortu eta sailkapen orokorrean 13. postua lortu zuten. Gaztetxoen artean Bilboko taldearekin ari dira Aiaraldeko jokalariak eta Bizkaiako txapelketetan emaitza onak lortu dituzte Sub-12 eta Sub-14 kategorietan.
Eskubaloian nabarmentzekoa Bizkaiko ‘C’ txapelketan Laudioko nagusiek lortutako Kopa. Aiaraldean dagoen eskubaloi talde bakarra da Laudioko Eskubaloi Kluba, eta bi lurraldetan jokatzen dute, batetik nagusienak Bizkaian eta txikienak Araban.
Hockeyan Euskal txapelketatan aritu dira eskualdeko areto taldeak. Ganbegi 6-2k lehen mailako txapelketa poltsikoratu du eta kadete mailako Satorrak eta Rapid Apill sailkapenaren erdiko gunean mantendu dira. Belar Hockeyan, aldiz, ez da denboraldi gozoa izan Ganbegi taldearentzat, emaitza kaxkarrekin bukatu baitute.
Eskolartekoan, baina, Aiaraldeko taldeak jaun eta jabe izan dira, hainbat txapelketa irabaziz.