Aiaraldeko 12 Ikastetxe batu dira LOMCE legeak Lehen Hezkuntzako 3. mailarako ezartzen duen azterketari planto egiteko deialdira.
Eskualdeko ikastetxe hainbat hezkuntza komunitateko guraso, langile eta ikasle biltzen dituen Aiaraldean Gure Hezkuntza plataformaren aburuz “LOMCEren aplikazioari jarraiki Heziberri 2.020 planak agintzen duen 3. mailako azterketa ez egiteko hautua hartu dute ikastetxeek”.
Eskualdeko sare publikoko eta Ikastolen Elkarteko ikastetxe guztiak batu dira plantora, 4 Laudion, 3 Amurrion, 1 Urduñan, 1 Orozkon, 1 Aiaran, 1 Arrankudiagan eta 1 Artziniegan.
Izan ere, ikastetxe gehienetan erabakia bertoko Ordezkaritza Organo Gorenean, Eskola Kontseiluan zein Artezkaritza Batzordean bideratu da eta hainbatetan 3. mailako gurasoek aho batez izenpetutako azterketen kontrako adierazpenak ere bildu dituzte.
170 ikastetxetik gora batu da planto dinamikara EAEn Hezkuntza Plataformen Topaguneak bere blogean bildutako datuen arabera.
Ekainaren 10ean ikasturte amaierako plantoa
12 Ikastetxeek agertutako plantoa irudikatuko dute ekainaren 10ean, ostirala, arratsaldeko 18:00etan Laudioko Herriko plazan egingo duten agerraldian.
Aurreko astean “Gelak hustu eta planto adierazi” dinamika bideratuko dute ikastetxeetan grafikoki ikastetxez ikastetxe plantoa adierazteko.
Ekainaren 10ean berriz, plantoa gauzatu duten ikastetxe guztietako ordezkariak bilduko dira Laudioko herriko plazan LOMCE legeak eta Heziberri planak inposatutako kalifikazio ereduaren aurrean Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemak behar duen ebaluazio eredu propioa aldarrikatzeko.
Elkarretaratzean kale animazioa izango dute eta bildutako guztien artean norberak eramandako askaria denok batera plazan partekatuko dute ikasturte amaierako ekitaldian.