Atzo lehenengo egunean egitarau oparoa eskaini bazuen Jalgi egitasmoak, gaurkoan ekintza gehiago gauzatuko du euskal kultura Aiaraldean plazaratzeko.
Izan ere, astearteak bi protagonista izango ditu; Andoni Egaña eta Yolanda Arrieta.
Andoni Egaña, Unai Rubio eta Xabier Lizaso
Bertsolariak bi emanaldi izango ditu eta biak Amurrion. Lehenengoa 10:20an aurreikusi dute Bertsolaritza Ikastetxean eta Asier Rubio luiaondoarrarekin ekingo dio saioari.
Bigarren hitzorduak Juan de Urrutia Plaza girotuko du 19:00etatik aurrera. Bertan “Garai hura gara” lana jorratuko du Xabier Lizasoren eskutik. Horrela, bertsoa eta pianoa uztartuko dituzte.
Yolanda Arrieta
Yolanda Arrieta idazleak gaurko egunari hasiera emango dio Arrankudiagako eskolan ipuin kontaketa eskainita. Bukatu bezain laster, Arrietak eskualdea gurutzatu eta Aiarara joko du, Etxaurren Ikastolara, hain zuzen. Bertan ere ipuinek gelak hartuko dituzte.
Kidam Magoa
Dena den, horiek ez ezik, Kidam Magoak ere emanaldi bikoitza gauzatuko du; Artziniegako Eskolan arituko da 11:00etan eta Amurrioko Katekesi Aretoan 17:30ean.
Dantza tailerrak; Korrotik Pikutara eta Aiko
Gorputza musikaren doinuaz mugitzeko bi aukera emango ditu Jalgik;10:30ean Amurrioko AEK-ko euskaltegian Korrotik Pikutara taldeak dantza tailerra abiatuko du eta 17:00etan proposamen bera egingo du Aikok Etxaurren Ikastolan.
Musika, hip hopa eta soinu tresna tradizionalak
Euskal kulturaren aniztasuna islatuko dute gaur Aiaraldean. Izan ere, 14:00etan Endika Albellak 121 Krew-ko taldekideak hip hop tailerra egingo du Laudioko BHI Institutuan.
Okondon 17:00etan helduko da Hala Dzipo eskolaren “Abeltxuriak” kontzertu didaktikoaren txanda eta 19:00etan Juan Mari Beltranek eta Fita Fik taldeko bi kidek euskal tresna tradizionalen soinuaz zipriztinduko dute Luiaondoko Ludoteka.
Antzerkia: "Sarean kateaturik"
Poltsiko antzerkiaren kontzeptua ezagutzeko parada bikaina emango du Nomofobika taldeak gaur 18:00etan Laudion, Basalarrina elkarteko egoitzan, alegia.
[video:https://www.youtube.com/watch?v=cR3YT6hh8lo width:650 height:350]
Zinema
7. arteak ere bere ekarpena egingo du bi emanaldiren bidez. Ordu berean gauzatuko dituzte biak, 19:00etan. Urduñako Alondegian 7 film labur emango dituzte eta Orozkoko Donibane Aretoan Xalbador, izena eta izana filmaren proiekzioa egingo dute.