LAB sindikatuak oharra zabaldu du salatzeko Tubacex eta JEZ enpresetako presidenteek hedabideetan eginiko adierazpenak. Eskualdeko lan egoera sindikatuen intrantsigentziari egotzi zioten bi zuzendaritzek iragan astean.
LABek nabarmendu du enpresariek errua bota dietela langileen erakundeei eta ez gobernuek onartutako lan eskubideen murrizketei. Sindikatuaren aburuz, enpresen zuzendaritzen interesekin bat egiten ez dutenean, intrantsigenteak izatea leporatzen diete.
Bestalde, LABen oharrak azpimarratu du lan istripuen inguruko aipamenik ez dutela egin. Are gutxiago ate birakarien politikei buruz.
Bi langileen kaleratzea
JEZ enpresako LAB sindikatuko ordezkariek, gainera, jakinarazi dute bi langile kaleratu dituztela bertan; erdi-mailako bi koadro, alegia. Nahiz eta ekoizpen beharginak ez izan, sindikatuak gaineratu du ez dela onargarria lana suntsitzea eta, bide batez, erantsi dute enpresak ez diela langile ordezkariei zuzenean ezer komunikatu.