Artziniegako pilotariek aurtengo Herritarteko txapelketari ekingo diote asteburu honetan Aramaion. Lehiaketaren lehen partidua izango da eta Agurainen ospatuko den Arabaz Euskarazek emango dio amaiera, ekainaren 19an.
Partidua larunbatean jokatuko da Aramaion, arratsaldeko 5etan eta bertan kadete, jubenil eta senior bikoteek jokatu beharko dute.
Eskualdeko bi taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan, Artziniegak eta Amurriok. Aurreko urtean finaleko atarian geratu ziren biak eta 3. postua lortzeko jokatu behar izan zuten haien aurka, Artziniegak garaitua. Hala eta guztiz ere, aurten aukera berri bat dute biek eta finalean sartzeko gogor egin beharko dute lan.
Aurtengo berritasuna, 8 talde izan beharrean 9 izango dira
46. edizio honetan ere bi multzotan banatuko dira herriak, multzo batean bost talde egongo direlarik eta bestean lau:
A taldea: Artziniega, Gasteiz, Zigoitia, Aramaio eta Zuia
B taldea: Amurrio, Agurain, Maeztu eta Araia
Multzo bakoitzean herri bakoitzak beste herri guztien aurka jokatu beharko du eta partidu bakoitzean 3 partidu jokatuko dituzte: kadete bikote batek, jubenil bikote batek eta senior bikote batek. Beraz partidua irabazteko 3 partidu horietatik bi behintzat irabazi beharko dituzte pilotariek puntua irabazi ahal izateko.
Horrela puntu gehien lortzen dituzten bi herriak pasako dira finalaurrekotara. Ondoren A taldeko onenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du eta B taldeko lehenak, A multzoko bigarrenarekin. Azkenik, partida horietako irabazleek jokatuko dute Aguraineko finala.
Arabako irabazleak Hego Euskal Herriko txapelketa jokatuko du
Arabako txapelketaren ondoren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako irabazleek azken lehiaketa bat izango dute haien artean jokatuz eta Hego Euskal Herriko Herriarteko txapelduna erabakiko da.