Duela 500 urte jaso zituzten idatziz lehenbizikoz Larruazabalgo legeak

Erredakzioa 2016ko mai. 2a, 17:09

Urduñan kokatua dago Larruazabalgo herri-batzarra. Lau herrixkaz osatua dago: Lendoñogoiti, Lendoñobeiti, Belandia eta Mendeika. Batzar Administratibo horiek bere funtzionamendu eta arau propioak dituzte aspaldidanik. Hain dira lege horiek zaharrak, ezen eta maiatzaren 4an 500 urte beteko baitira lehenbiziko aldiz idatziz jaso zirenetik.

Ustiapenen kudeaketa, herrien arteko istiluak nola konpondu... ugariak dira ordenantza horietan jasotzen diren kontuak. Arauak ez betetzekotan ezartzen ziren isunak ere zehazten dituzte paperek.

Urduñan kokatua dago Larruazabalgo herri-batzarra. Lau herrixkaz osatua dago: Lendoñogoiti, Lendoñobeiti, Belandia eta Mendeika. Batzar Administratibo horiek bere funtzionamendu eta arau propioak dituzte aspaldidanik. Hain dira lege horiek zaharrak, ezen eta maiatzaren 4an 500 urte beteko baitira lehenbiziko aldiz idatziz jaso zirenetik.

Ustiapenen kudeaketa, herrien arteko istiluak nola konpondu... ugariak dira ordenantza horietan jasotzen diren kontuak. Arauak ez betetzekotan ezartzen ziren isunak ere zehazten dituzte paperek.

Zentzu horretan, berezia da Larruazabal eta Urduñaren arteko harremana. “Beste herrietan udalerria bakarra da eta arau berdinak daude guztientzat”, azaldu du Lendoñobeitiko auzokidea den Jose Mari Gutierrezek, “baina kasu honetan ez. Ordenantzek nekazaritza ustiapen eremu bat zehazten dute Larruazabalgo biztanleentzako, eta Urduñak ezin du bertan eskua sartu, adibidez”.

Gaur egun ere indarrean
Duela bost mende idatzitako ordenantza horiek, gainera, indarrean jarraitzen dute oraindik. Hori bai, murritzagoa da gaur egun duten eragina, Gorobel mendizerraren zati bat kudeatzera mugatzen baita Larruazabalgo herri-batzarra. “Nik txikitan gogoratzen dut bilerak egiten zituztenean auzoko guztiak joan behar zirela batzarretara. Ez baziren joaten isunak izaten zituzten”, oroitu du Gutierrezek.

Gaur egun ez da halakorik gertatzen. “Jende gehiena ez da batzarretara gerturatzen, bertan tratatzen diren gaiak oso jende zehatzaren interesekoak direlako”.

 

Gaur egun indarrean jarraitzen dute duela 500 urte onartutako ordenantzek, euren eragina murriztu egin den arren



Egitarau anitza
Hainbat ekintza egingo dira aste honetan ordenantzen 500. urteurrena ospatzeko. Maiatzaren 4an egingo da ekitaldi nagusia, 12:00etan Mendeikako Mikel Deuna izeneko landan, bertan biltzen baitzen herri-batzarra. Aurreratu dutenez, plaka bat jarriko dute, eta Gernikako Arbolaren kimu bat landatu. Ondoren, arratsaldean, Larruazabali buruzko liburua aurkeztuko dute Urduñako Alondegian.

“La comunidad de aldeas de Orduña. La junta de Ruzabal” da liburuaren izenburua, eta Jose Ignacio Salazar Arechaldek idatzi du. Duela zenbait urte plazaratu zuen beste liburu baten garapena da.

Hurrengo egunetan ere hainbat hitzaldi egongo dira. Maiatzaren 12an, esaterako, Larruazabalen eta Bizkaiko nobleziaren arteko harremana izango dute hizpide, Alberto Santana Ezquerraren eskutik. Maiatzaren 19an, berriz, hiribilduen eta lur-komunitateen arteko harremanaz mintzatuko da Juan Manuel Gonzalez Cembellin. Azken hitzaldia Salazarrek eskainiko du maiatzaren 20an. 1808-1936 bitartean Larruazabalen bizitako “garai aztoratuen” berri emango du ikerlariak. Hitzaldi guztiak Urduñako Alondegian izango dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide