Ama, artista izan nahi dut

Txabi Alvarado Bañares 2016ko api. 24a, 14:21

Izenburu esanguratsua dauka pasa den astelehenetik datorren maiatzaren 8ra arte Amurrioko La Casonan egongo den erakusketak: Artearen hazia. Esposizio horretan artearen 32 hazi erein dituztela esan daiteke, 32 artisten lanak baitaude bertan ikusgai. Hainbat perfiletako sortzaileak dira, baina guztiek dute gauza bat komunean: Aresketa Ikastolako ikasleak, ikasle-ohiak edo langileak direla.
Ikastolako ikasle ohia den Laura Lopezena izan zen ekimen hori antolatzearen ideia. “Konturatu ginen herrian artista ugari zeudela, eta guztien artean erakusketa bat egitea bururatu zitzaigun”.

Izenburu esanguratsua dauka pasa den astelehenetik datorren maiatzaren 8ra arte Amurrioko La Casonan egongo den erakusketak: Artearen hazia. Esposizio horretan artearen 32 hazi erein dituztela esan daiteke, 32 artisten lanak baitaude bertan ikusgai. Hainbat perfiletako sortzaileak dira, baina guztiek dute gauza bat komunean: Aresketa Ikastolako ikasleak, ikasle-ohiak edo langileak direla.
Ikastolako ikasle ohia den Laura Lopezena izan zen ekimen hori antolatzearen ideia. “Konturatu ginen herrian artista ugari zeudela, eta guztien artean erakusketa bat egitea bururatu zitzaigun”.

Oso ideia interesgarria, erakusketan parte hartzeko gonbita jaso duten artisten ustetan. “Primerakoa iruditzen zait egitasmo hau”, adierazi du Aintzane Iturribarriak, “asko gara arte ikasketak egin ditugunak eta ez dugu elkar ezagutzen”. Unai Velarderentzat, berriz, aukera ona da “Amurrion dagoen maila munduari erakusteko”.

Batzuen ustez, artista jaiotzetik da artista. Beste batzuek, berriz, sortzailea hazi egin behar dela uste dute, bere ibilbide propioa landu eta garatu behar duela, hain zuzen. Erakustetan parte hartu duten pertsona gehienentzako bokaziozko zerbait da artean aritzea.
Hori bai, guztiek ez zuten arte ikasketak egiteko hautua egin. Iker Txabi Gaunak, adibidez, historia ikasteari ekin zion. Baina bigarren urtean karrera uztea erabaki zuen, bere “bigarren aukera eta betiko zaletasuna” ziren Arte Ederrak ikasteko. 17 urteko Unai Velardek, bere aldetik, ingeniaritza ikastea du buruan, “artearen munduan ahaztu gabe, betiere”.

Bide zail eta gogorra
Arte ikasketak egitea, baina, ez da artista izateko nahikoa. Ez behintzat artea ogibide izateko. Ibilbide zail eta gogorra egin behar da aurretik. “Lehiakortasun asko dago, eta kontaktuak izatea oso garrantzitsua dela uste dut”, azaldu du Laura Lopezek. Zentzu horretan, bi gauza beharrezkoak direla azpimarratu du: jarraikortasuna eta ekitea.

Irune Izerrek beste oztopo handi bat sumatzen du: Jendeak askotan ez duela artearen balioa antzematen. “Sarritan jendeak enkargu bat egiten dizunean ez daki zer-nolako esfortzua egin behar duzun nahi duen lana burutzeko”. Hala ere, artista amurriorrak lortu egin du ikasi duen horretaz bizitzea: Gasteizko diseinu grafikoko enpresa batean dabil lanean. “Borrokak eta esfortzuak merezi izan dute”.

Hala ere, zaila da estudioan artelanak sortzen eta aldi berean lan egiten aritzea. “Badaude bi gauzak egin dituzten pertsonak, baina normalean lanaldi erdiko lanak hartu behar izaten dituzte horretarako”, adierazi du Arantza Escondrillasek. Artista laudioarrarentzat “CAPa edo doktoretza bat egitea” da bere ikasketekin erlazionatutako lan bat lortzeko biderik seguruena. Orain estudioan ari da lan egiten, “orain arte jasotako ezetzak baiezko bihurtzeko asmoarekin”.

Julen Ussiarentzat, berriz, “polifazetikoa” izatean dago gakoa. “Geroz eta lanbide gehiagorekin nahasten ari da artea, eta lotura berriak sortzen ari dira”, azaldu du zeramikan espezializatutako artistak.

Lantenoko eskolak 30 urte
Ugariak dira artearekin erlazionatutako ikasketak eskaintzen dituzten zentroak. Aipagarria da Lantenoko Arte Eskolaren kasua, aurten 30 urte betetzen baititu. Makina bat diziplina lantzen dira auzokide talde baten ekimenez sortutako zentro horretan.

Pintura irakasten du Laura Lopezek bertan. Bere ustetan, irakaskuntzan ez zaio behar bestelako garrantzirik ematen arteari. “Umeak eskolan hasten direnean artea erabiltzen da kontzeptuak irakasteko, baina nagusitzen joan ahala mundu horretatik urruntzen gara”. Aintzane Iturribarriak heziketa artistikoan lan egiten du umeekin, eta bat egiten du Lopezen baieztapenarekin: “Artean zer edo zer sakondu nahi baduzu Batxilergo artistikoa egin behar duzu derrigor”. Hezkuntza ez formalean, berriz, “aukera nahiko” daudela uste du: “ eskolaz kanpoko ekintzetan zein herrietako kultur etxeetan edo akademietan”. Landa badago behintzat, haziak ereiten jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide