Datorren asterako, Euskal Dantza astea antolatu dute Orozkon hirugarren aldiz. Egitarau zabala aurkeztu dute Euskal Dantza astea ospatzeko, besteak beste, apirilaren 5etik 10era, Euskal Jantzien erakusketa egongo da Museoan, Agintzari Dantza Taldeak antolatuta.
Horrez gain, apirilaren 9an arratsaldeko 18:00retan, dantzen alardea eta pintxoak egongo dira Ubixeta Dantza Taldeak antolatuta eta jarraian, iluntzeko 20:00etan perkusio tailerra. Baina, apirilaren 10ean, igandea, izango da Euskal Dantza astearen egun nagusia.
Goizeko 11:00etan emango diote hasiera egunari, dantzarien kontzentrazioarekin Zubiaur Plazan; jarraian, eguerdiko 12:00etan, Dantzarien Kalejira izango da. 13:00etan, dantzarien alardea izango da Zubiaur Plazan eta 14:30etan bazkaria izango dute eskolan. Arratsaldeko 17:00etan dantzarien alardea egongo da berriz, baina oraingoan futbol zelaian eta egunari amaiera emateko, 18:30etan erromeria egongo da guztientzat.
VII. Dantzari Eguna Laudion
Hilabete berdinaren 24. eguean ospatuko dute Laudion VII. Dantzari Eguna, Itxarkundia Dantza Taldeak antolatuta. Goizean zehar hedatuko dira antolatutako ekintza guztiak; goizeko 11:00etan hasiko da ospakizuna dantzarien kontzentrazioarekin Aldai Plazan, jarraian eguerdiko 12:00etan, Laudiotik kalejiran arituko direlarik. Amaitzeko, arratsaldeko 13:30etan, dantzen alardea izango da Aldai Plazan.