Animalien abandonua: Errepide ertzera zokoratutako arazoa

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 20a, 23:41

Errepidearen ertz batetik noraezean galduta doan txakurrarena da animalien abandonuaren problematikaren harira gehien erabiltzen den irudia. “Animali guztiek sufritzen dute utzikeriarekin. Baina katuen eta txakurren kasua larriagoa da, gizakienganako dependentzia oso garatua baitute”. Hala azaldu du Amukatu elkarteko kidea den Belen Diegok.

Errepidearen ertz batetik noraezean galduta doan txakurrarena da animalien abandonuaren problematikaren harira gehien erabiltzen den irudia. “Animali guztiek sufritzen dute utzikeriarekin. Baina katuen eta txakurren kasua larriagoa da, gizakienganako dependentzia oso garatua baitute”. Hala azaldu du Amukatu elkarteko kidea den Belen Diegok.

Bere ustez, hainbat faktorek eragiten dute fenomeno horretan: “Jabeen erantzukizun eta hezkuntza hiritar faltak, kontrolik gabe funtzionatzen duten haztegiak, animaliak objektuak bailiran saltzen dituzten dendak...”. Aitortu du apurka-apurka kontzientzia gehiago garatzen ari dela jendartean, “baina oso prozesu geldoa izaten ari da”.

Zenbat abandonu ematen dira? “Ez dut datu zehatzik”, azaldu du Iker Castellote txakur hezitzaile laudioarrak, “baina Indar Araba elkarteko kideekin harremanetan nago, eta euren bidez badakit txakur asko abandonatzen direla”.

Belen Diegorentzat bi garai dira kritikoak. Gabonen ostekoa da bat: “Objektuak bailiran oparitu diren animalia asko baztertu egiten dira gero”. Bestea, ehiza-garai ostekoa da, “galgoen abandonu masibo bat ematen da orduan”.

Katuekin, protokolorik ez
Katuen kasuan, are handiagoa da kontrol eza.  “Udalek badute abandonatutako txakurrak jasotzeko protokolo minimo bat, baina katuen kasuan ez dute ezertxo ere ez”, aipatu du Amukatuko kideak. Duela bi aste Laudion gertatutako pasadizo bat ekarri du gogora. “Katu bat errekan harrapatuta geratu zen. Udaltzainengana jo genuenean ikusi genuen ez dutela horrelako kasuetarako inolako protokolorik zehaztuta”.

Horrek ez die mesederik egiten katu abandonatuei laguntzeko asmotan dabiltzanei. “Jendeak udalera jotzen du eta soluziorik ematen ez dietenez gugana jotzen dute, baina guk ere ez dugu espazio askorik, gure etxeetan sartu behar izaten ditugu”, nabarmendu du Diegok. “Askotan ezetz esan behar izan dugu, pena eman arren”. Hainbat katu-kolonia kudeatzen ditu Amukatu elkarteak Amurrion. Diegok dio jende ugarik uzten dituela etxeko katuak gune horietan. Baina etxeko katuak ez daude kalekoekin bizitzera ohituak. “Ez dakite harraparien aurrean euren burua defendatzen, ez dakite janaria bilatzen... ez dakite ezer. Infekzioak harrapatzeko arrisku handiagoa daukate, gainera”.   


Kaleko katuen eta herritarren arteko talkak ekiditea da Amukatuko kideen helburuetako bat. Duela gutxi Luiaondon eman zen talka horietako bat: “Zenbait pertsonek pozoia eman zieten katuei”.

Animalien sakrifizioak
Txakurren kasuan udalek protokolo bat izan ohi dute. Diegoren esanetan: “Txakur abandonatu bat topatuz gero udaltzainei deitzen zaie, eta hauek albaitariarengana eramaten dute animalia, identifikazio txipik duen ikusteko”. Txipik ez badute udalak kontratatua duen enpresa arduratzen da txakurra jasotzeaz. “Badaude animaliekin etikoki jokatzen duten enpresak, aterpeak eta antzeko azpiegiturak dituztenak”, erantsi du Amukatuko kideak. Baina badira baita animaliak egun kopuru jakin batean soilik mantentzen dituzten enpresak ere. “Egun horiek pasata inork ez badu abandonatutako txakurra erreklamatzen sakrifikatu egiten dute”.

Dena dela, Aiaraldean normalean etikoki jokatzen duten enpresak aritzen dira, Artziniegako Hirua elkarteko Maria Lorenteren hitzetan. “Eskualdeko herri arabarrek hitzarmen bat dute sinatua Arabako Foru Aldundiarekin, eta hori kudeatzen duen enpresak, guk dakigula, ez ditu animaliak sakrifikatzen”.

Artziniegan, gainera, normalean ez diete horrelako enpresei hots egin behar izaten. “Herri txiki batean bizi garenez normalean badakigu galdutako txakurra norena den”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide