Euskal kulturaren plaza nagusi bihurtuko da Aiaraldea maiatzean

Erredakzioa 2016ko mar. 17a, 11:30

Maiatzaren 23tik 29ra bitarteko astea gaurdanik agendan gordetzeko modukoa izango da, Aiaraldean behintzat. Aste horretan euskal kulturaren plaza bilakatuko da eskualdea, Jalgi ekimenari esker.

Maiatzaren 23tik 29ra bitarteko astea gaurdanik agendan gordetzeko modukoa izango da, Aiaraldean behintzat. Aste horretan euskal kulturaren plaza bilakatuko da eskualdea, Jalgi ekimenari esker.

Hainbat dira ekimena sustatu duten taldeak: Durangoko Azokako Ahotsenea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea eta Aiaraldea Komunikazio Leihoa. Gogoeta kolektibo baten fruitua da Jalgi, ekimenaren sustatzaileetako bat den Gotzon Barandiaranen esanetan. “Hainbat urtez egon gara gogoeta hori mamitzen, harik eta iaz ekimen hau martxan jartzea erabaki genuen arte”.
Euskal kulturgintzari buruzko gogoeta horretan hiru gabezia nabarmen azpimarratzen ziren, Barandiaranen esanetan: “Plaza eta ikusgarritasun falta eta belaunaldien arteko transmisiorako berme eza”. Gabezia horiei aurre egiteko modurik eraginkorrena “auzolana” dela ondorioztatu zuten, “euskal kulturaren ekosistema osatzen dugun talde guztien arteko elkarlana”.

Lehen edizioa, Aiaraldean
Aiaraldean maiatzean egingo dena, baina, Jalgiren lehen edizioa baino ez da izango. Datozen urteetan ekimenarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute sustatzaileek. “Urte bakoitzean Euskal Herriko eskualde batean egitea da asmoa”, Barandiaranen esanetan. “Iruditzen zitzaigun Aiaraldean azken urteetan euskal kulturaren transmisiorako sekulako ahalegina egin dela eta badagoela horretarako beharra”. Horregatik erabaki dute lehen edizioa eskualdean egitea. “Gainera, hasieratik ikusi genuen horretarako prestutasuna, erantzuna oso ona izan zen proposamena luzatu genuenean”.

65 kultur jarduera
Guztira 65 kultur jarduera egingo dira maiatzeko azken astean. Kultur adierazpide askotariko ekintzak egongo dira: musika, antzerkia, arte plastikoak, magia, literatura, bertsolaritza... “Baina ez dira izango ohiko ‘sortzaile-ikusle’ eredua mantenduko duten ekintzak”, azpimarratu du Jalgiren koordinatzailea den Maria Riverok, “euskal kulturaren komunikazio eta transmisioari begira eginiko ekitaldiak izango dira”. Eskualdeko sortzaileek ere hartuko dute parte egitarauan. “Egiten diren gogoetak eurekin konpartitzea da asmoa”, Riveroren hitzetan, ekimenak eskualdean “arrastoa” utzi dezan.

Jardunaldiak Reforren
“Jalgi pasata euskal kulturgintza beste modu batean egiteko baliabideak eskaintzea da asmoa”, azaldu du Barandiaranek. Zentsu horretan, maiatzaren 26an eta 27an Amurrioko Reforren egingo diren Euskal Herri mailako jardunaldien garrantzia azpimarratu du. 22 ponentek hartuko dute parte bertan, euskal kulturaren komunikazioaz eta transmisioaz hausnartzeko xedearekin. 26a izango da egun indartsuena, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera egongo baita Laudion. Apirilean emango dute egingo diren ekintza guztien berri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide