YouTuberren mundua eta euskara, bateraezinak?

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 7a, 09:25

Oso denbora gutxian sekulako gorakada eta garrantzia hartu duen fenomenoa da youtuberrena. YouTube plataformara bideoak igotzen dituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen da youtuber terminoa. Aiaraldean ere badaude zenbait youtuber, hainbat motatako bideoak plazaratzen dituztenak. Euskarak, baina, oso presentzia txikia dauka horrelako edukietan, apurka-apurka euskal komunitate txiki bat sortzen ari den arren.

 

Oso denbora gutxian sekulako gorakada eta garrantzia hartu duen fenomenoa da youtuberrena. YouTube plataformara bideoak igotzen dituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen da youtuber terminoa. Aiaraldean ere badaude zenbait youtuber, hainbat motatako bideoak plazaratzen dituztenak. Euskarak, baina, oso presentzia txikia dauka horrelako edukietan, apurka-apurka euskal komunitate txiki bat sortzen ari den arren.

 

Astronauta, suhiltzaile, aktore, mediku... hainbat dira umeek “Zer izan nahi duzu handitan?” galderari ematen dizkioten erantzunak. Azken urteetan, baina, “ofizio” berri bat hasi da entzuten gazteen ahoetan. “Zer izan nahi duzu handitan?”. Batzuk argi dute: Youtuberra.

Hitz guztiz arrotza da hori interneten eta sare sozialen tsunamia iritsi baino lehen jaiotako askorentzako, baina edozein ume edo gazteri galdetzea baino ez dago termino horrek zer esan nahi duen gutxi gora behera jakiteko. Labur azalduta: Youtuber deitzen zaio interneten dagoen Youtube plataforman bideoak erregularki (blog bateko sarrerak bailitzan) igotzen dituen pertsona bati. Normalean egilea azaltzen da bideoan, kamerari (hau da, ikusleari) zuzenean hitz egiten.

Mota askotako youtuberrak daude: euren bizitza pertsonalaz mintzatzen direnak, bideo-jokoetan aritzen direnak (gamer bezala ezagutuak), errezeta bat prestatzen edo instrumentu bat jotzen irakasten dutenak, gai batzuen inguruan euren iritzia plazaratzen dutenak, abestu egiten dutenak eta abar luze bat.

“Euskarazko YouTube haziz doa, baina ez gaztelerazko YouTube-ren erritmo berean”

 

Eta hori lanbide bat izan daiteke? Ba, bai. Espainiar Estatuko youtuber arrakastatsuenek milioika harpidedun dituzte euren YouTubeko kanaletan, eta egunero milioika pertsonek egiten dute klik euren bideoetan. Edozein telebista-katek inbidiatzeko moduko ikusle kopuruak mugitzen dituzte, eta baita diru-kopuru handiak ere, euren bideoetan publizitatea jartzeagatik YouTubek ematen dizkiena.

Beraz, bai. Youtuberra izatea ofizio bat izan daiteke, edonoren eskuetan egon daitekeena gainera. Gaur egun edonork grabatu eta igo dezake bideo bat Internetera. “Hortik ‘soldata’ bat lortzea, baina, ez da hain erraza”. Hala dio Julen Hernandezek. 88.527 harpidedun ditu bere kanalean, eta bertara igotzen dituen bideoak egitea du ogibide. Hala ere, azpimarratu du ez dagoela arrakasta lortzeko formula magikorik.

Aiaraldekoak
Aiaraldean ere badaude mota horretako bideoak ekoizten dituzten zenbait pertsona. Badaude bideo-jokoei buruzko bideoak igotzen dituzten gaztetxo batzuk, 12 urte baino ez dituztenak. Elemius YT  da horietako bat. 376 harpidedun ditu bere YouTubeko kanalean.
 Iker Castellote laudioarrak, berriz, txakurren heziketarekin zerikusia duten bideo berri bat igotzen du astero bere kanalera (Hartu Adiestramiento).
Bilbon bizi den Yogurihna Borova artista laudioarrak ere baliatzen du YouTube. Sketx laburrak igotzen ditu erregularki bere kanalera (yogurihna borova).  

Moda kontuetan diharduten youtuberren artean, berriz, Maria Gaviña urduñarra nabarmentzen da. Top Style kanalera bideoak igotzen ditu Gaviñak, beste hainbat moda aditurekin batera. Proiektuak arrakasta izan du, momentu honetan 22.090 pertsona baitaude moda-kanal horretara harpidetuak.

“YouTubek ez du euskara errekonozitzen, eta ondorioz ez daki zer hizkuntzatan jarri behar dituen iragarkiak”


Eta euskaraz?
Ikusi daitekeenez, oso perfil ezberdinetako youtuberrak daude Aiaraldean. Baina badago perfil bat eskualdean topatu ezin daitekeena: ez dago bideoak euskaraz egiten dituen inor. Gabezi hori, gainera, ez da Aiaraldean soilik ematen. Euskal Herrian ere eskuetako atzamarrekin kontatu daitezke euskaraz aritzen youtuberrak.

Ez da ezagutza arazoa, hautu kontua baizik. Euskaraz ondo moldatzen den jende askok gaztelerara jotzen du bideoak grabatzerako orduan. Zergatik? “Audientzia handiagoa izateak aukera hobeak eskaintzen ditu”, azaldu du Julen Hernandezek. Berak gazteleraz igotzen ditu bideoak. “Gustura egingo nituzke euskarazko edukiak, baina ez dut denborarik”.  

Judit Astigarragak, berriz, bi kanal ditu. Nagusia (gehien berritzen duena) Juditsite du izena, eta gaztelerazkoa da. Baina badu bigarren bat, JuditsiteEuskaraz izenekoa. Gaztea irratiak antolatu zuen youtuber lehiaketa batean  aurkezteko sortu zuen, baina oraindik ere jarraitzen du noizbehinka bertara bideoak igotzen, “jendeari asko gustatzen zaizkiolako eta horrelako edukiak euskaraz oso eskasak direlako”. Hala ere, Astigarragak aipatu du ez duela YouTuben euskaraz arrakasta lortu duen inor ezagutzen. “Gaur egun, benetan arrakastatsuak diren bideoak milioi bat bisita baino gehiago dituztenak dira,, eta ez dago horren publiko handia euskaraz”.

 

“Euskarazko bideoek duten ‘erraztasuna’ bada oraindik ez dutela konpetentzia askorik”

 

Horri  beste arazo bat gehitu behar zaio: ““YouTubek ez du euskara errekonozitzen, eta ondorioz ez daki zer hizkuntzatan jarri behar dituen iragarkiak, eta horrek mugapen bat suposatu dezake bere bideoengatik onura ekonomikoak jaso nahiko lituzkeen balizko euskal youtuber batentzat”. Hala azaldu du Izaskun Cangak. Ukelelearekin euskal abestiak jotzeko tutorialak ekoizten ditu berak. Ukelelea jotzen hasi zenean euskarazko bideoen bila jo zuen YouTubera eta bakan batzuk baino ez zituen ikusi. Horrela erabaki zuen bere kanal propioa (Jo Ukelelea) sortzea.
Arestian aipatutako guztiagatik, youtuber askok arrakasta handiagoa lortzeko mugapen bat bezala ikusi dezakete euskaraz mintzatzea. “Nahiz eta zure edukiak munduko hoberenak izan, ez badago zure hizkuntza ulertzen duen publikorik, ez da inor egongo zure bideoak ikusteko”, azaldu du Astigarragak, “eta hori da euskararen egoera momentu honetan YouTuben”.

Badaude, baina, baieztapen horrekin guztiz ados ez daudenak ere. Aitor Zerainek urteak daramatza YouTuben bideo-jokoei buruzko edukiak eskaintzen Mecha_thor ezizenarekin. “Geroz eta gehiago gara euskarazko bideoak egiten ditugunak”, ziurtatu du youtuber gazteak.
“YouTube oraintxe bertan hazten ari den plataforma da, eta ‘Euskal YouTube’ri dagokionez tendentzia berdina da”, azaldu du mundu horretan sartuta urteak daramatzan Patxi Ordozgoitik (The iPatx du izena bere kanalak). “Egia da hazkundearen abiadura ez dela berdina”, aitortu du, “baina geroz eta jende gehiago dago gure artean”.

“Geroz eta gehiago gara euskarazko bideoak egiten ditugunak, ikusle berriak iristen dira egunero gure txokora”

 

Xabi Linazasoro youtuberrak ere bat egiten du baieztapen horrekin: “Jende askok YouTuben eduki guztiak erdaraz kontsumitzen ditu, batzuetan modak direla eta, baina askotan edukia euskaraz dagoela ez dakitelako”. 

“Balio erantsia”
Dena ez dira mugak euskarazko bideoak plazaratzerako orduan. “YouTuben edukiak euskaraz plazaratzeak balio erantsi bat eman ahal dizu”, azaldu du Game Erauntsia euskarazko bideo-joko zaleen komunitatearen sortzaileetako bat den Urtzi Odriozolak. “Gaztelerazko eta ingelesezko bideo asko daude, eta konpetentzia oso altua da. Euskal komunitatea, berriz, askoz txikiagoa da, eta askoz errazagoa da bertan nabarmentzea”.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide