Arabako Foru Aldundiaren proiektua Kobatatik Menerdiga eta Edilloseko urmaelen ondoko aziendeei ura garraiatzean datza. Lur azpitik joango litzatekeen polietilenozko 6.500 metrotako tutu malgua erabili nahi dute horretarako.
Kobatan kokatu bonbak ura igoko luke 9 m3ko hormigoizko ur edukiontzi bietara eta bertatik, grabitatearen eraginez, ura bideratu mendebalderantz. Alde batetik, Edillos eta Bellaka (400 metrotako adarra) iturrietaraino eta, bestetik, hegoekialderantz, Menerdigaraino.
Hodiak 63 mm milimetroko diametro izango luke eta berau lurperatzeko metro bateko sakon eta 80 zentrimetroko zabalera zukeen lubakia ireki beharko lukete 6 km baino gehiagotan.
Arabako Foru Aldundiko Ingurugiro eta Hirigintza Saileko Ur Zerbitzuak erredaktatutako proiektua, Gorobeleko Hegaztien Babes Bereziko Eremua (HBBE) delako eremu babestuan gauzatuko litzateke, Aiarako udalerrian, hain zuzen.
Proiektua “gizakientzako ur edangarriaren eskasiagatiko Alerta Gorria” deritzon programaren barruan txertatu dute, aziendak uraz hornitzea xede izan arren.
Obrari ingurumen inpaktu ebaluazioa egin diote eta sortuko lituzkeen balizko kalteak konpontzeko neurriak aurreikusi dituzte. Horrek guztiak 178.000 euroko kostua izango luke.
Aldundiak egitasmo horren gauzatzea ezinbestekotzat jo du Gorobeleko egungo abeltzaintza ustiapen ereduarekin aurrera jarraituko bada.
Proiektuari kritikak
Hainbat ahotsek, aldiz, proiektua zalantzan ipini dute, guztiz hauskorra den babestutako eremu batean gauzatuko delako. Lurzorua kareharrizkoa izanda, non geruza organikoa oso mehea den, tamaina horretako lubakiak neurrigabeko eta atzeraezinezko kalteak eragingo lizkioke karstari eta ondorioz sare hidrogeologiko guztiari.
Bestalde, lanek Gorobelen ugariak diren aztarnategi arkeologikoak arriskuan ipiniko lituzke. Azkenik, proiektuak, ukaezinezko ingurumen eragin esanguratsuarekin, abeltzaintza ustiapen eredu ez-jasangarri baten alde egiten duelako.