Otsailaren 27an Bilbotik abiatu zen Piztu itxaropena XII. karabana Tindufeko errefuxiatu sahararren kanpamenduetara Euskal Herriko hainbat erakundek jasotako laguntza eramatera.
Amurrio eta Aiarako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren lagunen elkarteak, xede honekin eskualdeko herrietan jasotako laguntzaren balantzea eskaini berri du aldi berean kanpainarekin bat egin duten norbanako eta erakunde guztiei egindako ahaleginak eskertu dizkielarik.
Orotara, 3.640 kiloko pisua duten jaki eta gaiak bildu dituzte aurtengoan, aurreko ediziotako emaitzei eutsiz. Horrez gain, 50 kutxa arropa bildu dituzte ere Laudio eta Okondon. Bidalketa kanpainan jasotako diru ekarpenez erositako beste hainbat produktuekin osatu da. Hortaz, eskualdeko hainbat udalek, 5.603 euro Amurriok, 1.100 euro Artziniegak eta 1.000 euro Aiarak, diruz lagundu dute ekimena eta norbanakoen artean beste 985 euro jaso dira. Laudioko Udalak berriz, 3.000 euro eman ditu Gasteizko SEADren lagunen elkarteak burututako kanpainarako.
Piztu itxaropena karabanak 240 tona laguntza jarri ditu Euskal Herritik saharar errefuxiatuen kanpamenduetarako bidean. 7 trailer, 2 kamioi, furgoi bat eta bi jeep erabiliko dituzte bildutako laguntza Alacantera eramateko.