Tubacex enpresak 8,4 milioi euroko mozkinak izan zituen 2015ean. Zuzendaritzaren aburuz, hori lorpena izan da eta dibertsifikazio estrategiari esker erdietsi dute.
Oro har, atzera egin dute enpresaren datuek: %2,4 gutxiago saldu du eta irabazi garbiek %64 murriztu dira. Hori guztia petrolio eta lehengai merkeek eragin dute eta 2016 urte zaila izatea espero dute Tubacexen.
Guztira, 533,4 milioi euroko salmentak egin ditu taldeak. Irabazitako 8,4 milioien %40 akziodunen artean banatuko dute.
Etorkizun baikorra
Merkatua 2015ean %30 eta %50 artean jaitsi bada ere, Tubacex enpresako zuzendaritzak uste du hobera egingo duela. Printzipioz, urteko lehenengo hiru hilabeteak gogorrak izango direla uste dute. Hala ere, 2016ak aurrera egin ahala, apurka-apurka hobetzea espero dute.
Gainera, azken hiru urteetan 150 milioi euroko kutxa egin du taldeak eta horrekin 3 edo 4 urtez zorrei aurre egiteko parada izango du, kasu okerrenean.