“Quidditch mugglea ez da Harry Potterren liburuetan azaltzen dena, ez dugu hegan egiten”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko ots. 18a, 09:28

KATIA DOMINGUEZek (Artziniega 2000) eta ALEX DOMIGUEZek (Artziniega 1995) Barakaldoko Bizkaia Boggarts quidditch taldean jokatzen dute. Bigarren postua lortu berri dute Espainiako Kopan.

Nola sartu zineten Bizkaia Boggarts quidditch taldean?

Alex: Lagun batek esan zidan taldeko bi pertsona ezagutzen zituela. Azkenean, iragan abuztu partean, gure buruari galdetu genion: “Eta zergatik ez dugu probatzen?”. Orduz geroztik taldean gabiltza.

KATIA DOMINGUEZek (Artziniega 2000) eta ALEX DOMIGUEZek (Artziniega 1995) Barakaldoko Bizkaia Boggarts quidditch taldean jokatzen dute. Bigarren postua lortu berri dute Espainiako Kopan.

Nola sartu zineten Bizkaia Boggarts quidditch taldean?

Alex: Lagun batek esan zidan taldeko bi pertsona ezagutzen zituela. Azkenean, iragan abuztu partean, gure buruari galdetu genion: “Eta zergatik ez dugu probatzen?”. Orduz geroztik taldean gabiltza.

Katia: Nire nebak esan zidan quidditch taldean nesken beharra zutela. Izan ere, kirol misto bat da quidditcha. Zazpi jokalaritik gutxienez bi sexu ezberdinekoak izan behar dira.

Nik esan nion entrenamendu batera joango nintzela eta gustatzen bazitzaidan taldean sartuko nintzela. Bi hilabete daramatzat taldean.

Zuek jokatzen duzuena "quidditch mugglea" da. Hau da, aztiak ez direnek praktikatutako quidditcha. Zer ezberdintasun ditu Harry Potterren liburuetan azaltzen den quidditcharekiko?

Alex: Jendeak esaten du guk praktikatzen duguna Harry Potterren liburuetan azaltzen den kirola dela; eta hori ez da egia. Dugun berdintasun bakarra baloi eta jokalari kopuruan datza.

Ez dugu hegan egiten. Jende askok galdetzen digu hori, baina ez dugu hegan egiten. Korrika egiten dugu. Egin behar duguna zera da: baloia hiru uztaietatik sartu.

Nola jokatzen da, beraz, quidditch mugglean?

Katia: Hiru baloi daude. Bata quafflea izango litzateke. Golak markatzeko balio du. Uztaitik sartu behar da horretarako.

Alex: Beste pilotetako bat bludgerra deitzen da. “Kolpatzaileak” diren jokalariek soilik ukitu dezakete, eta gainontzeko taldekideak “jotzeko” baliatzen da, zelai errean bezala.

Azken “pilota” snitcha da. 17. minutuan ateratzen da. Pertsona bat da, atzean tenis pilota moduko bat zintzilik duena. “Bilatzaile” funtzioa duten jokalariak tenis pilota hori hartzen saiatu beharko dira. Bilatzaileetako batek pilota hartzen duen amaitzen da partida, eta bere taldeak 30 puntu gehiago jasotzen ditu.

Zer esango zenikete quidditcha kirol friki bat dela esaten dutenei?

Alex: Niri gustatuko litzaidake kirol hau frikia dela esaten dutenek gurekin entrenamendu bat egitera animatzea. Horrela ikusiko lukete gure artean badagoela maratoiak, errugbia, eskubaloia edota futbola bezalako kirolak egiten dituen jende asko. Ez gara denak asmatikoak.

Katia: Kirol guztiek izan zuten hasiera bat. Egia da kirol hau liburuetan hasi zela, baina beste kirol bat da, azken finean. Futbolariak ere hasiera batean friki batzuk zirela kontsideratu dezakegu. Ba quidditcharekin berdin.

Kirol gogorra da?

Alex: Bai. Ez da bakarrik pilota uztaietatik sartzea. Plakaketak eta kontra-erasoak egin behar dira, korrika egin behar da, lurrera erortzen zara... eta halakoak.

"Ez da kirol frikia, ez da kirol xehea. Jarduera gogorra da, ukipenezkoa"

 

Espainiako Kopan bigarren geratu zarete. Beste erronkarik duzue buruan?

Alex: Apirilean European Quidditch lehiaketa egingo da, Championsaren antzekoa dena. Herrialde bakoitzean lehen eta bigarren postuan geratu diren taldeek parte hartuko dute. Gu, zoritxarrez, ezingo gara bertaratu, ikasketengatik batez ere.

Uztailean, ,Quidditch-eko mundiala jokatuko da, eta 25 herrialde egongo dira ordezkatuak bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide