"Araban bazegoen euskal hizkera berezi bat Aiaraldean"

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Alea 2016ko ots. 1a, 08:00

KOLDO ULIBARRI (Urduña, 1985) Euskal filologian doktorea da eta ezezaguna zen hizkera baten berri jaso du bere tesian.

 

 

KOLDO ULIBARRI (Urduña, 1985) Euskal filologian doktorea da eta ezezaguna zen hizkera baten berri jaso du bere tesian.

 

 

Aiaraldeko hizkera baten berri eman duzu zure tesian. Nondik hasi zinen ikerketa egiten?

Nire helburua Aiaraldeko euskara ikertzea zen, eskualdeko euskal testu zaharretako hizkera aztertuz. 

"Horretan ari nintzela, sermoi batzuk aurkitu nituen, XVIII. mendeko bigarren erdialdekoak (1770-1780 urte ingurukoak), jatorri ezezagunekoak".

Horiek irakurrita, Aiaraldekoak izan zitezkeen susmoa hartu nuen, eta gaur egun Orozkon egiten duten euskararekin konparatzen hasi nintzen.

 

Nola aurkitu zenituen sermoi horiek?

Gasteizko Sancho el Sabio fundazioan, Bizkaiko Diputazioko artxiboan eta hango foru-liburutegiko artxiboan. Kasualitatez aurkitu nituen: nik eskatutako dokumentuak eman bitartean, katalogoa begiratzen hasi nintzen eta sermoi horien berri izan nuen.

 

Behin sermoi horiek eskutan, zer da aztertu duzuna Aiaraldekoak izan daitezkeela frogatzeko?

Transkribatu ondoren, hizkuntzaren historiaren ikuspuntutik eta dialektologian oinarrituta interesgarriak izan zitezkeen ezaugarriak aztertu nituen.

 

Zeintzuk dira ezaugarri berezi horiek?

Adibidez, bokalismoa. Sermoi horietan dauden bokal aldaketa batzuk gaur egun Orozkoko euskal hiztunek baino ez dituztenak erabiltzen: adibidez, zeruan esan beharrean, zeruin esaten dute; orduan esateko, orduin; biok esateko, biuk; egiozu beharrean, egiuzu. Bokal aldaketa horiek Orozkora begira jarri ninduten.

 

Zer beste ezaugarri ditu aurkitu duzun hizkera horrek, bokal aldaketez gain?

Badaude ere adizki mota berezi batzuk, XVI. mendean erabili ohi zirenak eta gaur egun galduak direnak.

Aoristo adizkiak deitzen dira, alegia: hil zidin (zedin) erabiltzen zuten hil zen adierazteko –gaur egungo subjuntiboaren forma, lehenaldian hitz egiteko–. Garai batean, XVI. mendean, Euskal Herri osoan erabiltzen zen forma hori, baina gero desagertuz joan zen. XVIII. menderako horrezkero oso leku gutxitan erabiltzen zen, horien artean Laudio eta Orozko inguruetan.

 

Bokal aldaketak eta aoristoa, beraz...

Horiez gain, adizki berezi batzuk erabiltzen zituzten ere: -jakin adizkiak.

Adibide bat jartzearren: "Aurreratzea nahi zuen" esan beharrean, "nahi zuen aurretu jakin" zioten. Egitura hori Araban bakarrik lekukotu da. Sermoitegian behin erabiltzen da.

 

Sermoi horiek beste testu batzuekin konparatu dituzu. Zer alde ikusi duzu?

Hainbat testurekin konparatu ditut sermoiak: XVIII eta XIX. Mendeko Nerbioi ibarretik beherako sermoiak, Orozko bertako testu zaharrak eta Arabako beste testu zahar batzuk, Lazarraga eta Landucciorenak.

"Testuek antzekotasun batzuk zituzten eta, horregatik, pentsatu nuen Orozkoko hizkera bat baino, hegoalderago ere hitz egiten zen hizkera zela aurkitu nituen sermoietakoa, Aiaraldean hitz egiten zena, hain zuzen".

Hipotesiez ari gara, sermoi horiek idatzi zituen abadeari buruz ez dugulako inolako daturik.

 

Misterio bat?

Nire ustez fraidea ere izan zitekeen, Zarauzko frantziskotarren ingurukoa agian. Horren zantzuak daude.

 

Abade bakar batek idatzi zituen sermoi horiek guztiak? Zer helburu zuen?

Letra bera dute. Guztira 46 sermoi dira, elizan irakurtzeko. Kontuan izan behar dugu XVIII. mendean –eta baita geroago ere– oso ohikoak zirela misioak: fraideak Euskal Herriko elizetara joaten ziren predikazioak egitera. Bospasei egunez, sermoiak ematen egoten zen fraidea.

 

Aztertu duzun hizkera Aiaraldean hitz egiten zela proposatu duzu zure tesian. Hori nobedadea da euskal filologian, ezta?

Ez zen ezagutzen aipatutako ezaugarri horiek guztiak batera zituen euskal hizkerarik. Oso hizkera arkaikoa da. XVIII. mendeko euskalkien gainean daukagun ezagutzaren arabera, hizkera hori nongoa zen erabaki behar nuen, eta hortik abiatuta egin nuen hipotesia.

 

Zergatik da garrantzitsua aurkikuntza?

Erakusten du ezagutzen ditugunak baino euskal hizkera gehiago egon zirela. Ez dugu pentsatu behar XX. mendearen bukaeran egindako mapa dialektal bat besterik gabe beste mende batera estrapolatu dezakegula.

Euskarak galdu dituen lur horietan euskarak ere bere berezitasun linguistikoak zituen, baita Aiaraldea barne.

 

Zein izan behar da zure hipotesia aztertzen jarraitzeko hurrengo pausoa?

Aiaraldeko testu gehiago aztertu beharko lirateke lan honen emaitzak kontuan hartuz; arazoa da dauzkagun gainerako testu guztiak beste garai batekoak direla, XIX. Mendekoak –Aiaraldeak bere indar linguistikoa galduta zuenekoa– eta Bizkaia hurbilekoak, ez Aiaraldea hegoaldekoak. Araban agertzen diren testu zaharrekin ere alderatu beharko lirateke.

 

Beraz Aiaraldeak bere hizkera propioa zuen duela lau mende...

Bai, Aiaraldeak hizkera berezia zuen, orain arte ezagutzen ez genuena.

 

Zenbat ziren euskaldunak garai hartan?

Ez dugu daturik. Pentsa daiteke gehienek euskaraz zekitela. Hirietan elebitasun maila handiagoa egongo zen –Artziniegan edo Urduñan–, baina hipotesiak dira.

 

Eta Aiaraldeatik kanpo, zer euskara egiten zen garai hartan Araban?

Gure testuaren garai berean, Araia inguruan hitz egiten zena ezagutzen dugu, testu bat daukagulako (arazoa da bakarra dela). Gipuzkoako Goierrirekin eta Nafarroako Sakanarekin harremana zuen, baita Bizkaiarekin ere. Gaur egun esaten dute gipuzkera eta bizkaiera oso desberdinak direla... hori Arabako euskara galdu dugulako esaten dugu, Araban bietatik edaten baitzuen euskarak.

 

Eta Araiatik kanpo?

Ez dugu XVII. eta XVIII. mendeko testurik, bakarrik XVI.eko batzuk.

Garai hartan gazteleraz idazten zuten, euskaldunak izan arren. Badakigu, adibidez, notarioek euskaraz azaltzen zizkietela legeak herritarrei, baina ez dakigu zer euskaran, ez dagoelako idatzizko testigantzarik.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide