Garoñari bai, baina epeak atzeratuta

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2016ko ots. 4a, 10:18

CSNk ontzat jo ditu Nuclenorrek egindako lanak. Zentralaren jarraipenaren aldeko txostena 2016ko bigarren erdian helaraziko dio Industria Ministerioari, azken erabakia har dezan

CSNk ontzat jo ditu Nuclenorrek egindako lanak. Zentralaren jarraipenaren aldeko txostena 2016ko bigarren erdian helaraziko dio Industria Ministerioari, azken erabakia har dezan

CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Burgosko (Espainia) zentral nuklearraren jarraipenaren aldeko txostena egingo du. Hau da, Garoñaren ustiapen baimena 2031. urtera arte luzatzeko bidean beste pauso bat eman du. Ordea, CSNk hurrengo pausoa emateko epeak atzeratzea erabaki du. Informazio guztia eta azken ebazpena bilduko duen txostena 2016ko bigarren seihilekoan helaraziko dio Espainiako Industria Ministerioari. Hau da, gobernua osatzeko prozesuaren arabera, gerta daiteke Espainiako gobernu berriak hartzea azken erabakia.

CSNren osoko bilkurak Garoñari buruzko zenbait gai aztertu zituen atzo. Gehienak Burgosko zentralaren ustiapen baimena luzatzeko hobekuntzak izan ziren: sistema elektrikoen banaketa, euste sistemaren bakartzea, zenbait egitura aldaketa... Kontseiluko kide gehienek ontzat jo zituzten Nuclenorrek —Endesak eta Iberdrolak osatzen dute— proposatutako hobekuntzak.

Informazio hori guztia Espainiako Industria eta Energia Ministerioaren eskariari jarraiki ari da biltzen CSN. Garoñak 60 urte bete arte, 2031. urtera arte, zabaltzeko aukera aztertzeko eskatu zion ministerioak 2014an. Orain arte, CSNk oniritzia eman die ustiapen baimenaren luzapena ahalbidetzeko hobekuntza guztiei. Hortaz, ezusteko handirik ezean, ministerioari helaraziko dion txostena aldekoa izango da.

Azken erabakia, gobernuak

Dena den, CSNren txostena luzapenaren aurkakoa denean soilik da bete beharrekoa. Hau da, CSN ustiapen baimena luzatzearen aurka egonez gero, Industria ministroak ezin izango luke luzapena sinatu. Aldiz, CSNk aldeko jarrera agertuko balu, ministroaren esku egongo litzateke azken erabakia hartzea: alde edo kontra.

Horrenbestez, CSN aurrera doa Garoñaren iraupena 60 urtera arte luzatzeko bidean. Atzoko erabakiaren ostean 2031ra arte irekita mantentzeko asmoak aurrera jarraitzen du. Edonola ere, txostena 2016ko bigarren seihilekoan bidaltzeko erabakiak epeak atzeratzen ditu. Epeak atzeratu, eta Burgosko zentralaren gaineko ziurgabetasuna areagotu. Edozein kasutan, iradoki daiteke CSNk bere gainetik presioa kentzeko neurria dela atzerapena.

Espainiako Gobernua osatzeko akordioa lortzeko ahaleginek huts egingo balute, beranduenik ekainaren amaierarako deituko lukete berriro hauteskundeetara. Hau da, orduan ere aukera egongo litzateke Garoñari buruzko azken erabakia jardunean ez dagoen gobernu batek hartzea.

Equo, kezkatuta

CSNren erabakiagatik kezka agertu du Equo alderdi ekologistak. Garoñaren jarraipenaren aldeko txosten guztiak onartuta, Nuclenorrek kalte-ordaina eskatzeko aukera izan dezakeela ohartarazi du. Burgosko zentralaren jabeak aurretik ere urratu du bide hori. 2009. urtean PSOEren gobernuak ustiapen baimena lau urtez luzatu zion, CSNk hamar emateko aukera bazegoela ebatzi arren; lortu gabeko irabaziengatik ordaina eskatu zuen Nuclenorrek auzitegian, baina Espainiako Gobernuari eman zioten arrazoia.

Halaber, Equok CSNri leporatu dio Espainiako Kongresuko alderdien gehiengoa «mespretxatzea». Hain zuzen ere, herenegun, alderdien gehiengoak Garoña irekitzeko prozesua bertan behera uztea galdegin zuen. PSOE, Podemos, Compromis, ERC, DL, EAJ, EH Bildu eta IUk bat egin zuten, eta CSNri eskatu zioten txostenik ez ateratzeko behin-behineko gobernu bat dagoen bitartean.

Juantxo Lopez de Uralde Equoko kide eta Podemoseko kongresukidearen ustez, CSN «demokraziaz trufatu» da. «Erabakiak agerian utzi du kontseilua argindar enpresen presiopean dagoela, baita behin-behineko gobernuaren aginduetara ere». Bide beretik jo du Greenpeace talde ekologistak ere; erabakia «ez-demokratikoa» da, haren ustez. Lanak «azkartu» izana leporatu dio CSNri.

Araba Garoñarik Gabe plataformaren iritziz, CSNk prestigioa galtzeko bidean beste pauso bat eman du. «Nuclenorrek markatutako erritmoa jarraitu du, prozesua zentralaren jabearen arabera bizituz edo mantsotuz, betiere Espainiako Gobernuaren oniritziarekin».

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide