Agate Deunako abestien oihartzuna bihar biderkatuko da eskualdean

Erredakzioa 2016ko ots. 3a, 15:40

Agate Deunako doinuak Aiaraldeko bazter guztietan entzun daitezke egunotan. Zenbait lekutan -Urduñan edo Aiarako hainbat herritan- kintoak atera dira jada abestera.

Hala ere, eskualdeko udalerri gehienetan ateratzeke daude oraindik Agate Deuna abestuko dituzten taldeak. Bihar Amurrion, Laudion, Orozkon, Arrankudiagan, Artziniegan eta Urduñan ospatuko dituzte.

Agate Deunako doinuak Aiaraldeko bazter guztietan entzun daitezke egunotan. Zenbait lekutan -Urduñan edo Aiarako hainbat herritan- kintoak atera dira jada abestera.

Hala ere, eskualdeko udalerri gehienetan ateratzeke daude oraindik Agate Deuna abestuko dituzten taldeak. Bihar Amurrion -kintoek-, Orozkon, Arrankudiagan, Artziniegan eta Urduñan ospatuko dituzte.

Orozkon 15:00etan elkartuko dira Zubiaur plazan eta ibilbide luzea gauzatuko dute, 22:00ak arte, hain zuzen. Arrankudiagan 16:30ean batuko dira, Herriko Plazan. Goizean, umeek abestuko 09:30etatik aurrera Eguenzuri dela kausa.

Artziniegan Etnografia Museoak sustatuko du Agate Deuna: 17:30ean makil tailerra eta entsegua egin eta 18:30ean kantatuko dute. Urduñan 18:00etan izango da hitzordua eskolan. Okondon ere ikasleek hartuko dituzte makilak, baina goizean.

Laudioko txanda ostiralean izango da eta Andere Abesbatzak eta Arloteek parte hartuko dute. Azken horiek bere lokaletik abiatuko dira 18:00etan, jarraian -18:30ean- Nagusien Egoitzara joko dute eta gero herrigunetik. Evaristo Bustintza “Kirikiño”-k idatzitako ohiko Aintzaldu abestiaz aparte, Ruperto Urkijok asmatutako beste hiru abesti ere kantatuko dituzte, Laudiokoak: “Saludo de Santa Águeda”, “Salve de Santa Águeda” eta “Águeda Santa”, hots.

Agate Deuna; bertsio katolikoa

Agata izatez, III. mendean Sizilian hil zuten pertsona izan zen, hiriko familia ahaltsuko alaba, hain zuzen. Historiaren arabera, Quintiliano kontsul paganoak Agaterekin ezkondu nahi zuen, oso ederra zelako.

Familien arteko bikote adostua ziren. Elizak dioenez, Agatek ezkontzeko kristau bihurtzeko eskatu zion, berak kristautasunari uko egingo ez ziola esanez. "Quintilianok burdel batean sartu zuen prostituitzeko. Batzuen esanetan bortxatu eta gero hil zuen. Torturan, titiak ere moztu zizkion", azaldu du Felix Mugurutzak.

Erdi Aroaz geroztik Europa osora hedatu zen historia. Baita Euskal Herrira eskean eta kantuan ateratzeko ohitura ere.

Ohitura; udaberriaren itzartzea

Felix Mugurutzaren hitzetan, ordea, jai hauek bestelako oinarriak ere badituzte; udaberriaren hasiera ospatzen baita. "Urtaroak oso kuadrikalatuak ditugu gaur egun, baina orain hasten dira belarrak hasten. Orain arte mendia oso lokartuta egon da, orain belarrak, hostoak, kimuak, txoriak...ateratzen hasten dira". Makilarekin lurra jotzeko ohitura natura esnatzeko antzinako saiakera dela dio: "Basoak eta mendiek ematen zutenetik bizi ziren lehen, orduan une hauek oso larriak ziren. Horregatik dago otsailaren hasieran erritualez betetako gune bat: Kandelario, San Blasak, Agate Deuna... udaberriaren hasiera ospatzeko".

Otsailaren 2an, Kandelerio egunez, argizariak bedeinkatu eta tantak soroetan botatzen zituzten lurrak emankorrak izan zitezen. Otsailaren 3an, San Blas egunean, jakiak bedeinkatzen ziren animaliei ematen zitzaien gaixotasunak usatzeko. Horren adierazletako bat da gaur egun ere laudioar askok lepoan jartzen duten soka. Bedeinkatutako lepokoa katarroa bezalako neguko gaixotasunak ez harrapatzeko jartzen da. Eta, 9 egun igaro ostean erre. Agate Deunaren bezperan, aldiz, etxez etxe kantuan eta eskean joatea da ohitura.

Historia zaharra bada ere Agate Deunaren abestia asmakizun nahiko berria da, Mugurutzaren iritziz. Evaristo Bustintza “Kirikiño” (1886-1929) idazle mañariarrak asmatu zuen. Egun, hainbat aldakirekin Euskal Herriko leku gehienetan abesten da. Baita Aiaraldean ere.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide