Hurrengo martxoaren 25, 26, 27 eta 28an Laudion ospatuko den Gazte Danbadako kontzertuetan jotzeko lehiaketa abiatu zuten Ernai eta Aitzina antolakundeek topatu.eus atariaren bidez.
“Oholtza gainean bakerik ez” izenpeko lehiaketa horretan Euskal Herriko edozein taldek izena eman zezakeen eta ondoren, jendearen bozen bidez, 15 talderik bozkatuenak Danbadan jotzeko aukera izango dute; haietatik hiruk karpa nagusian joko dute, musikariez osatutako epaimahai batek hautaturik.
Bozkatzeko aukera astelehenean zabaldu zen estekan eta otsailaren 7 arte egongo da zabalik.
Bertan 66 taldek hartu dute parte, tartean Aiaraldeko musikariak, 6 talde ezberdinetan banaturik.
Eskualdeko taldeak
Patx & Run taldea 2014. urteko amaieran sortu den taldea da eta Aiaraldean zehar zenbait kontzertutan jotzeko aukera izan dute. Aiaraldea eta Enkarterriko musikariez osatuta dago eta haien estiloa punk-rock-atzat jotzen dute, haizezko instrumentuekin lagunduta. Maketa ateratzear daude aurten eta haien abestiez gain, bertsioak ere jotzen dituzte. Kantuak.
Disaster Now taldeak ibilbide luzeagoa dauka, 2010. urtean jaio baitzen. Arrigorriagako taldea da baina neska laudioar batek ere hartzen du parte taldean. Metal doinu astun eta azkarrak jotzen dituzte Machine Head edota Sepultura taldeen eraginpean eta haien lehen lana prestatzen ari dira. Kantuak.
Etenik Ez taldea 18 urteko Amurrio eta Urduñako gazteek osatzen dute. Orain dela urte bat sortu zen eta kontzertuak eskaintzen orain dela gutxi hasi ziren. Trash metal estiloa lantzen dute punk doinuekin nahastuz. Kantuak.
Erasoz erantzun taldea orain gutxi sortutako taldea da. Urduñatik eta Amurriotik datoz musikariak eta punka da haien estilo nagusia. Kapitalismo musikalaren aurka, Erasoz Erantzun! Kantuak.
Astarte talde zaharragoa da, 2012. urtetik baitaramate Aiaraldeko oholtzetan. Orain dela gutxi haien lehen lana kaleratu zuten. Musika estilo ezberdinak jorratzen dituzte baina nagusiena Stoner edota Rocka dira eta letrak gizartean gertatzen diren injustizien aurkakoak dira batez ere. Kantuak.
Atxurre 2013. urtean sortutako taldea da eta gaur egun 40 kontzertu inguru eskaini dituzte, bai Aiaraldean zein eskualdetik kanpo. Hasiera batean punk eta rock bertsioak jotzen hasi ziren baina pasa den urtean euren abestiekin egindako lana kaleratu zuten. Abestiak.