ISRAEL ROBLES (Barakaldo, 1972) Takomano espeleologia taldearen sortzailetako bat da. Taldeak zer esan handia eman du azkenaldian, Gorobeleko Ponata Pagadiko Leize Sarea eta Rebollar II harpea lotzea lortu baitu.
Kontatu apur bat nola hasten zaren espeleologian eta zergatik sortu zenuten taldea.
Umeetan, Edelweiis (Burgos) zein Arabako Espeleologia Taldekoek herriko larretan kanpatu egiten zuten. Garai hartan gure familia zen Mijalan bizi zen bakarra eta ondorioz, bisitok eta espeleologoen istorioa haiek iltzatuta geratu zitzaizkidan.
13 urterekin inguruko kobazuloetan sartzen hasi ginen anaia eta biok, eta apurka-apurka mundu horrek atrapatu ninduen. Urteetan zehar lagun artean jardun genuen, inongo taldean aritu gabe, gure kasa ikasiz. Behin, Merindades taldean ikastaro batzuk egiteko aukera izan genuen baina urrun egoteaz aparte, ez zuten esplorazio lanik egiten.
Orduan, taldea sortzeko beharra ikusi eta pausua 2010. urtean eman genuen.
Deigarria da gure eskualdea eremu karstiko handi eta garrantzitsutan aberatsa izanda (Itxina-Gorbeia, Gorobel-Santiago, Euskal Herriko espeleologiaren historiaren mugarriak), espeleologia talderik ez egotea orain arte eta ekintzaile urriak edukitzea.
Bai, bitxia da... baliteke taldeak foru aldundien menpe egoteak zer ikusirik edukitzea, kirolari baino kulturari lotutako jarduntzat hartzen zelako alegia. Ondorioz, espeleologoak hirietan sortzen ziren, gure kasuan Gasteiz eta Bilbon, baina ziur ez dakit.
Eskualdeko karst eremuetan izen handiko taldeak (GEA, GEV, GAES, EDELWEISS...) hamarkadetan esplorazioan aritu arren, Takomanok bere lekua egin eta harpe berri dezente aurkitu ditu. Zein izan da sekretua?
Beti entzun dugu garai txarrean bildu ginela espeleologiara, kobazulo garrantzitsuenak eta hodi handienak esploratuta zirela, espeleologo berrientzat munta gutxiko harpeak besterik ez zizkigutela utzi gure aurrekoek. Baina emaitzek kontrakoa diote.
Aitzindariek sekulako lana egin zuten, baina egungo aurrerapen teknikoak laguntza handia izan dira.
Iraultza txikiak ekarri dituzten argiteria sistema berriek, materialen arintasunak, zulagailuen erabilerak... esplorazioari beste modu batean beha egitea ahalbideratu digute eta orain arte iritsi ezinak jotzen genituen lekuetara iritsi ahal izatea.
Bost urteko ibilbidean hauek dira taldeak esploratu dituen harperik garrantzitsuenak: Rebollar II, Gorobelen (7 kilometro, esplorazioa amaitu gabe, Ponata Pagadiko sarearen parte); Tertangan, Landubiako leizea (3328 metro); Orozkon Lezeagako Harpea (3389 metro); Berberanan, Pozo Redondo leizea (1780 metro)... Horiez gain, gainerako euskal taldeekin batera Larran - Nafar Pirinioak - udaro antolatzen den esplorazio kanpainan parte hartzen dugu, besteak beste, munduko leizerik sakonetakoa den BU-56 arakatzen ibili gara.
Leize berriak bilatzeaz eta esploratzeaz aparte, aurkikuntza paleontologiko garrantzitsuak egin dituzue, hartzen aztarnenak adibidez.
Harpeetan barna ibiltzeak hori dakar, batzuetan ustekabeko gauzak topatzen dituzula. Hartz aztarnak, esaterako -bai kobazuloetako hartzarenak bai hartz arreenak-, giza hezurrak, aurre-historiako lanabesak, antzinako apaingarriak, katapulta harri-bolak eta beste asko harpeetan direnak, adituren batek noiz ikertuko zain.
Orozkoko Lezeagako leizean, osorik esploratzeaz gainera (hiru kilometro baino gehiagoko barrunbe handia agerian utziz), aztarna arkeologikoak topatu zenituzten.
Lezeaga Erdi Aroko Untzuetako gaztelua zenaren azpiko magalean kokatuta dago eta jaso zuen setioaren ondorioz, katapultek jaurtitutako harri-bolak maldan behera joan ziren. Urak eta grabitateak leize barrura joatea lagundu zuten eta hor zeuden, nork topatu zain.
Zergatik da garrantzitsua berriki burutu duzuen lotura, Rebollar II eta Ponata Pagadiko leize sarea batuz?
Ponata Pagadiko leize sare erraldoiaren amaierako sektorearekin bat egitean datza garrantzia, esplorazioa izugarri errazten duelako.
Ordura arte Ponatan dagoen Si-44 deritzon sarbidea erabiltzea besterik ez zegoen eta loturaren sektoreraino heltzeko 6 ordu baino gehiagoko eta 7 kilometrotako lurpeko ibilbide nekezari aurre egin behar zitzaion. Orain aldiz, Rebollar-etik sartuta bi ordu baino ez ditugu behar 2 kilometro eskaseko ibilbide xamurra egiteko. Aldea nabaria, bibaka egin beharrean esplorazio puntara apenas nekatu gabe heltzen gara, gure lana askoz eraginkorragoa bilakatuz.
Nola atzeman zenuten balizko lotura horren aukera? Gauzatzeko uneak hunkigarria behar zuen izan...
80. hamarkadako aitzindariek bazuten aukera horren berri, gure ekarpena helburua lortu arteko lanean egoskor jardutea izan da.
Loturaren unea, hurbil geundela jakin arren, ustekabekoa izan zen, tarte majoa ibili arte ez baikinen jabetu; bota marka bat topatu genuen lurrean eta ondoan “topofil” delako hari zatiak (aitzinetan distantziak neurtzeko erabilia) eta orduan bai, konturatu eta elkarri bota genion: “lotura egina dago!”
Berriak oihartzun handia izan du bai komunitate espeleologikoan bai hedabide arruntetan, egunkari bateko azaleko berri nagusia izateraino. Hau guztiz ezohikoa da. Zergatik uste duzu gertatu dela ?
Espeleologoen artean sekulako zabalpena izango zuela jakin bagenekien, baina ez genuen espero hedabideetan horrelako hedapena edukitzea.
Egun, Takomano taldea Burgosen erregistratuta egon arren, Euskal Herri osoko espeleologoak batzen dituen elkartearen (EEE ) kide aktiboa da.
Kasualitate ezberdinak gorabehera, erregistratzeko tramite guztiak Burgosen egin genituen. Baina taldea, gehien bat, euskal herritarrez osaturik dago, Laudiokoak batez ere. Kobazuloak bezala jokatzen dugu guk, ez diogu inori baimenik eskatzen muga batetik bestera joateko, gogoko lekuan eta gogoko jendearekin jarduten dugu.
Taldeak Larran -Nafar Pirineoa- urtero antolatzen den kanpaina espeleologikoan parte hartzen du esplorazioetan zein antolakuntzan, nola doaz esplorazio horiek?
Larrako udaroko kanpaina esperientzia ahaztezina da. Udaro 50 lagun baino gehiago handik pasatzen dira eta giroa ezin hobeagoa izaten da. Etxetik hurbil egon arren (kotxez 3 ordu), 20 eguneko egonaldia antolatzeak eskatzen duen logistika itzela da, zer ikusi handiagoa duena XIX-XX mendetako espedizio aitzindari epikoekin beste ezerekin baino.
Kontua da XXI. mendean gaudela eta gure Pirinio kutunean... Tona batzuetako zama garraiatu behar izaten dugu mandoen laguntzaz, antolatu kanpalekua, jendea, lurpeko lana... Hainbat batzordek urte osoan zehar lanean dihardute, aste horietarako dana prest egon dadin. Aurten BU-56 (Ilaminako Ateak) leizean buru-belarri jarraitu dugu esplorazio eta topografia lanetan. 800 metrotako sakoneran dagoen Erronkari gelara iritsi ginen, 8 kilometrotako galeria-sorta berria topografiatuz.
Dibulgazioari garrantzi handia ematen diozue.
Bai, gure ahaleginak horra bideratzen ari gara, formaziora, gazteei zuzendutakora bereziki. Mendizaletasunaren aldean, esaterako, ikusten ez den jarduna da espeleologia.
Eguna koban sartuta ematen dugu; ilunpean. Itzalpean geratzen da gure ekina. Alde horretatik espeleologia plazara ateratzeko beharra ikusten dugu, jendarteak ikus dezala zertan ari garen, zergatik eta zertarako egiten dugun. Azken hamarkadan, gainera, jende askok utzi du espeleologia. Harrobi lan hori egitea etorkizunerako bermea da, beraz.
EHUko zientzialariekin laguntza-lanak egin dituzue, bio-espeleologia arloan.
Gure ingurunean, lur-azaleko ekosistemetako espezie gehienak ezagunak diren bitartean, harpeetako espezieen oso ehuneko txikia besterik ez da ezagutzen. Alde horretatik, zientzialariek lan handia dute, eta guretzat inportantea da horretan laguntzea, ekosistemen ezaguera handiagotu dezaten, horrek bere kontserbazioa bermatzen duelako.
Gutxi dira horretan aritzen diren zientzialariak, baina hala ere, urtero fauna espezie berriak deskubritu egiten dira gure herri eta mendietako lurpean.
Arlo teknikoan jantzita ikusten zaizue... topografian besteak beste. Lanabesa baino gehiago da espeleologian, ezta?
Kobazuloen mapak marraztea gure zeregin handiena da. Egun, satelite bidezko eta LIDAR bezalako teknologiei esker, lur-azaleko mapak danon esku daude, baina lurpean ezberdina da, leizeak non dauden eta nolakoak diren esan ahal digun tramankulurik ez baitago; barruratu eta aitzinean bezala neurriak hartu behar, apurka apurka gure oinpeko mundu horren mapa osatzen joateko.
Salbagoro kolektiboko kidea ere zara.
Kolektibo horren hastapenetan kide aktiboa izan nintzen, Gorobelgo artzaintzari buruzko lanean parte hartu nuen. Gaur egun, kontaktua mantendu arren, euren helburuekin bat ez natorrela eta, ez dut parte hartzen.
Azkenik, zein da Takomano izenaren jatorria?
Perilde harpean ez bustitzeko egin behar genuen mugimendu xelebre bati erdi txantxetan ipini genion izena da. Taldearen sortzaileek gogoko genuenez, horrekin geratu zen. Baina, beste aldetik, jendeak izenaren jatorria ez jakitea eta izenaren inguruan espekulatzeak bazuen bere xarma...